NAIZ
GASTEIZ

Atutxa, Knorr eta Bilbaori harrera egin diete Legebiltzarrean, PSE eta PPren ordezkaririk gabe

Gasteizko Legebiltzarreko presidenteak, Bakartxo Tejeriak, harrera egin die ganberako presidente ohi Juan Mari Atutxa eta mahaiko kide izan ziren Gorka Knorr eta Kontxi Bilbaori, «Eusko Legebiltzarraren soberania defendatzeagatik». PSE eta PPko ordezkaririk ez da izan ekitaldian.

Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorri harrera egin diete Legebiltzarrean, Bakartxo Tejeria ganberako presidentea buru zela. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)
Juan Mari Atutxa, Kontxi Bilbao eta Gorka Knorri harrera egin diete Legebiltzarrean, Bakartxo Tejeria ganberako presidentea buru zela. (Jaizki FONTANEDA/ARGAZKI PRESS)

Hilaren 13an Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Juan Mari Atutxa, Gorka Knorr eta Kontxi Bilbao kargugabetzeagatik Estatu espainolari zigorra ezarri eta gero, harrera egin diete gaur hirurei Gasteizko Legebiltzarrean.

2003an, Batasuna legez kanpo zegoela, Sozialista Abertzaleak taldea ez desegiteagatik zigortu zituen, 2008an, Auzitegi Gorenak. Auziperatuei beren burua defendatzeko aukerarik eman ez zitzaiela ebatzi zuen Estrasburgok, duela bi aste ezagutarazitako erabakian.

Legebiltzarrean ordezkatuta dauden alderdi guztietako kideak izan dira ekitaldian, PSE eta PPkoak salbu. Ganberako presidentea, Bakartxo Tejeria, izan da ekitaldiaren buru, eta hantxe egon direnen artean daude, esaterako, Izaskun Bilbao eta Juan Jose Pujana Parlamentuko presidente izadakoak.

«Inhabilitazioak eragin dizkizuten ondorioak leheneratu ezin diren arren, eskertu nahi dizuegu Eusko Legebiltzarraren burujabetzaren alde egin zenuten defentsa irmoa», azaldu du Tejeriak.

«Errugabeak zinetela eta Legebiltzarrarekiko leialtasunez jokatu zenutela defendatu dugu beti; eta orain, bide luze hori onik amaitu denean, eskerrak eman nahi dizkizuegu zuen lanagatik eta izan duzuen jokabidearengatik», gaineratu du.

Atutxak azpimarratu duenez, «ez Kontxi, ez Gorka ezta neronek ere ez genuen desobedientzia deliturik egin, ez genuen erantzukizun penalik izan; Legebiltzarraren duintasuna defendatu genuen».

Gaur egun gauza bera egingo zukeela gaineratu du.

Knorrek, bere aldetik, eskerrak eman dizkio ganberari omenaldia antolatzeagatik eta, azkenik, Bilbaok aitortu du ezarri zieten zigorrak ondorio pertsonalak izan dituela berarentzat. «Beraientzat [kereila bultzatu zutenentzat] jada ahaztu duten belarri-tiratze bat baino izan ez den bitartean, niri bizitza eta etorkizuna markatu dizkit».

PSE eta PPren azalpenak

Ohar baten bidez, PSEk azaldu du ez dutela ordezkaririk bidali ekitaldiaren arrazoiak eta haren zentzua zeintzuk ziren esan zietelako.

Atutxa, Bilbao eta Knorrek Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko agindua betetzeko beharra zeukatela adierazi du PSEk, baina, hala ere, aitortu dute Estrasburgoko Auzitegiaren ebazpenean jasotzen den berme juridikoen faltak egoera «oso larria» eragin zuela.

Epaia maila pertsonalean «aringarria» izan daitekeen arren, PSEk ez du ikusten Legebiltzarrean egin dietenaren moduko omenaldirik egiteko arrazoirik.

Efe agentziak berri eman duenez, PP ez da ekitaldira joan ez zitzaielako galdetu egokia iruditzen ote zitzaien hura egitea. Gainera, ez dute ondo ikusten auzitegi baten ebazpenari erantzuteko omenaldi bat antolatu izana.