NAIZ
DONOSTIA

Paleolitikoko 15 irudi aurkitu dituzte Errenteriako Aitzbitarte IV kobazuloan, ezohiko egoeran

Paleolitiko garaiko animalien hamabost irudi aurkitu dituzte Errenteriako Aitzbitarte IV kobazuloan. Erabilitako teknikaren ezohikotasunagatik eta duen inpaktu bisualagatik «berebiziko garrantzia» duen aurkikuntza dela nabarmendu du Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Aitzbitarte IV kobazuloan aurkitutako bisonte irudietako bat. (GIPUZKOA.EUS)
Aitzbitarte IV kobazuloan aurkitutako bisonte irudietako bat. (GIPUZKOA.EUS)

Javier Busselo, Sergio Laburu eta Ainara Rodriguez, Felix Ugarte espeleologia taldeko kideak eta Diego Garate arkeologoak agerraldia egin dute Garazi Lopez de Etxezarreta Errenteriako kultur zinegotziarekin eta Denis Itxaso Kultura diputatuarekin, Errenteriako Aitzbitarte IV kobazuloan egin diren Arte Parietal Paleolitikoko aurkikuntzen berri emateko.

Azaldu dutenez, bisonteen eta zaldien hamabost irudi aurkitu dituzte ezohiko egoera batean, izan ere, erabilitako teknika «bereziki ezohikoa eta ezezaguna» da Kantauri aldean, eta bisonteetako bat «maisutasun handiz» egina dago. Irudietako batzuk behe-erliebeko figurak dira.

Adituek esan dutenez, apirilaren 6an egin zituzte aurkikuntzak Felix Ugarte elkarteko espeleologoek, Aitzbitarte IV kobazuloaren erdian dauden zenbait tximinia bertikal aztertzera joan zirenean. Han, Y formako espazio batera iritsi ziren eta alboko adarretan topatu zituzten grabatuak.

Diego Garate adituaren hasierako balorazioaren arabera, uste dute gutxienez hamabost animalia irudi eta bi bulba daudela, denak ezohiko kontserbazio egoeran eta Kantauriko erlaitzetan inoiz ikusi gabeko teknika batekin eginak. Frantziako Ariege eeskualdean antzeko kasu gutxi batzuk daudela esan dute.