Gotzon ARANBURU
EIBAR

Gazte Orkestra

Musika klasikoa ez dela zahartzen diote. Eibarrerako bidean autoan entzun degun rock pieza honek zenbat iraungo duen ez dakigu, ezta Unibertsitatean konponketa lanean ari diren langileek jarrita daukaten rap horrek ere, baina eraikineko areto nagusitik datorren Rimski Korsakoven ‘Scheherezade’ hilezkorra dela garbi dago. Euskal Herriko Gazte Orkestrako kideak ari dira jotzen, EGOren udalekuan, datozen egunotan Euskal Herriko zenbait hiritan eskaintzeko.

Euskal Herriko Gazte Orkestraren entsegua Eibarren. (Gotzon ARANBURU)
Euskal Herriko Gazte Orkestraren entsegua Eibarren. (Gotzon ARANBURU)

Laurogeitik gora neska-mutikok hartuta daukate Eibarko Unibertsitateko areto nagusia. Sekzioka entseatzen dira, alegia, instrumentuak familika bilduta, metalak metalekin, haizeak haizeekin, baina baita denek batera, orkestra sinfonikoa osatuta. Goizeko hamarrak dira eta musikoetako asko bere kasa entseatzen ari dira areto nagusiko eskaileretan eserita edo aulkien artean zutik, Juan Jose Ocon zuzendariak «tutti»rako deia noiz egingo zain, alegia, denek batera egingo duten entsegu orokorra.

Bapatean, ordura arte soinu nahasketa amorfo zena musika harrigarria bihurtu da eta Scheherezade nagusitu da aretoaz, eraikinaz, fakultate osoaz. Biolinak, oboeak, txeloak, danborrak… zein baino zein indartsuago ari dira eta musika klasikoa zer den erakusten dute argiro. Baina entsegu bat da hau eta zuzendariak tarteka eten egiten du, instrumentu bat korregitzeko, azalpen bat emateko, kontzentrazioa eskatzeko, joaldi bat txalotzeko. Etengabeko fintze lana da, obra bere edertasun osoan dastatu dezan entzuleak. 

Badaramatzate bi ordu agertokian eta atseden hartzeko momentua da. Batek ogitartekoa atera du motxilatik, beste batek instrumentua garbitu du eta ia denek telefono mugikorrak piztu dituzte. Arnasaldiaren ondoren, Leonard Bernsteinen ‘West Side Storyren dantza sinfonikoak’ obrari ekin diote, ederra hau ere, koloretsua eta bizia. Ikasle askorentzat, sinfonika batean jotzeko izaten duten aurreneko aukera da EGO, eta hor hasten dira benetan ulertzen zer den orkestra handi bat, zer maila artistikoko produktua sortzen duen ehun kidera gerturatzen den taldeak, familia guztietako instrumentuz osatutako makina perfektuak.

Urtero egiten dute udalekua EGOkoek, elkarrekin egoteko, batera entseatzeko eta giro lasaian aurrerapausoak emateko haien formakuntzan. Izan ere, hemen dabiltzan laurogeitik gora neska-mutikoek profesionalak izan nahi dute, horretarako ari baitira gogor lanean eguna joan eta eguna etorri, urtetan. Horixe da, esate baterako, Ainhoa Garaiar zarauztarraren kasua. Biolin-jotzailea da, eta concertinoa EGOn, hau da, orkestrako lehen biolina eta soloak egiten dituena. Egunero hiru ordu entseatzen du eta amets hori du, profesional bihurtzea. Badaki bere adineko gazteak ez direna bereziki musika klasiko zaleak, baina lagunak kontzertuetara gonbidatzen dituenean disfrutatu egiten dutela ikusten du: «Zerbait badauka, bai, musika honek» diosku.

Eguna betea dute udalekuan. Goizeko hamarretan hasten dira entseguak, eguerdiko ordubata arte. Bazkaldu, atseden hartu ordu pare batez, eta bostetan berriro lanera, zortziak arte. Hona etorri baino hilabete lehenago jasotzen dituzte entseatu beharko dituzten obren partiturak, bakoitza bere etxean prestatzen hasi dadin. Entsegu orokorrez gain, sekzionalak ere egiten dituzte, egonaldiko lehenengo hiru egunetan, zortzi irakaslerekin. Horietako bik biolina irakasten dute eta beste seiek biola, biolontxeloa, kontrabaxua, egurrezko haize tresnak, metalezko haize tresnak eta perkusioa. Ikastaro sekzional hauek bereziki interesatzen zaizkie ikasleei, orkestra profesionaletan ez baita horrelako aukerarik izaten: entsegu guztiak dira «tutti»ak.

Bi asteko udalekua da Eibarkoa. Lehenengoan eta bigarrengoaren hasieran entseguak soilik egiten dituzte, baina gero jendaurreko kontzertuak eskaintzeko unea iristen da. Aste honetan Hondarribian, Donostian eta Bilbon jo dute dagoeneko, eta gaur bukatuko dute gira, Gasteizko Principal Antzokian emango duten kontzertuarekin. 

Hogei urte dauzka EGOk, eta hiru zuzendari izan ditu. Juan Jose Mena izan zen aurrenekoa, gero Enrike Ugarteren txanda izan zen eta azken hamazazpi urteetan Juan Jose Ocon donostiarrak darama batuta. «Beti gazte sentitzen naiz –dio barrez– neure burua gazteen orkestraren zuzendari ikusita». Errepertorio unibertsalekoak eta bertsio ofizialak izatea, bi ezaugarri hauek dituzte EGOk jotzen dituen obrek, eta honen garrantzia azpimarratzen du Oconek, etorkizunean orkestra sinfoniko batean sartzeko prestatzea suposatzen baitu. «Adibidez, norbaitek Berlingo Filarmonikoan sartu nahi badu, badaki hemen egiten ari garen biolin soloa eskatuko diotela azterketan. Eta berdin fagoerekin edo oboerekin».

16-26 urte bitarte

EGOko kide izateko 16 eta 26 urte bitartean eduki behar dira. LOGSE hezkuntza legea indarrean sartu aurretik ikasle gehienak 21-26 urte artekoak ziren, baina orain gazteenak dira gehiengoa orkestra gazte honetan. Askok umetatik izan dute musikarako joera garbia, eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza jasotzen duten bitartean Musika Kontserbatorioan ikasten hasten dira, baina Batxilerra bukatutakoan iristen da jauzi handia egiteko ordua: musika gradua egin edo ez? Alegia, musika lanbide bihurtu, bihurtzen saiatu? Jauzia ematen dutenek badakite bide luzeari ekin diotela, asko ikasi beharko dutela, masterrak egin ezinbestean, azterketa, froga eta oposaketa ugari gainditu, noizbait musikatik bizi ahal izango badira.

Euskal Herriko Gazte Orkestratik pasatako asko dira egun musikari profesional. Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako musika bandetan eta orkestretan dago mordo bat, Oskorrin ere egon da, Euskadiko Orkestran ere badaude, oraintxe sartu da bat Hamburgoko Orkestran… Juan Jose Oconek onartzen du poz handia ematen diola EGOko kide izandakoek musikatik bizitzeko nahia gorpuztea lortzen dutela ikustea. Telebista kontzertu bat ematen ari dela norbait ezaguna ikusten duenean orkestran, berarekin ikasitako norbait, «urte hauetan guztietan egindako lanak merezi izan duela jabetzen naiz» diosku. Musika irakasle izango direnak ere badira hemen, edo musikarekin zerikusia duten lanbideetan arituko direnak. Edozein kasutan, eta hori oso garbi ikusten Oconek bere behaleku pribilegiatutik, maila teknikoa eta artistikoa gero eta altuagoa dute Euskal Herriko musika ikasleek.