Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe Blog
Ainhoa Güemes eta Zaloa Basabe Blog

Juana Josefa Goñi gogoan

    Zaloa Basabe           

                                (1936ko abuztuaren 30an 7 hilabetez haurdun zegoen Juana Josefa Goñi eta bere sei seme-alaba Gaztelun desagertu ziren. Legorrea simara jaurkituak izan zirelaren susmoa gaur egun arte iritsi zaigu. Bere senideek gorpuak noiz berreskuratuko zain daude)



Ez gara gure iraganaren esklabu eta beraz, memoria ez da etorriko gu askatzera.

Iraganak ez gaitu kondenatu eta beraz, historiak nekez absolbituko.

Zertarako jakin orduan? Jakin behar dugu jabe izateko.

Jakintza eta jabekuntza. Horrela ekingo diogu bideari, zintzotasunez eta ausardiaz berdin iraganari, aldamenekoei eta etorkizunari begiratu ahal izateko.

 

 Gaur, nazioarteko desagerpen bortxatuen eguna ospatzen dugu eta Legarrea simaren inguruan elkartuko gara.

 Era ezberdinak daude desagertuengana eta euren memoriara hurbiltzeko. Horietako bat, Joxemari Esparzak "La sima” liburuarekin egin duena da. Ikerketa lana, testigantzen eta datuen pilaketa, gertakizunen berreraikuntza, testuinguru historikoaren kokapena…

Baina desagertuengana eta euren memoriara hurbiltzeko bestelako era bat ere badago: garenarekin eta izan ahal ginenarekin lotuta dagoena.

Memoria berreskuratzeko lanek eta ikerketek irekitako bideari esker, desagertuarekin amankomunean ditugun ezaugarriak abiapuntutzat hartu ditzakegu, eta era honetan, beraien begietara agertzen saiatzea, beraien hotza, beraien muturreko beldurra, gure larruetan sentitu arte.

Horrela, Juana Josefaren argazkira eta orimenera hurbildu nintzen.

Alabak, ahizpak, amak… emakumeak gara.

Bere bakardadea imajinatu nuen, pairatutako onespenik eza, isolamendua, eta azkenik –eta ia gaur arte–, bere gaineko isiltasuna.

Bere gainean lurrak baino gehiago pisatzen duen etengabeko isiltasun gorgarri hori.

 Diferentzia eta disidentziak emakume batengan gorpuzten direnean aldameneko begiradak zorrozten dira. Susmoa zabaltzen da. Atzamarrak altxatzen dira eta seinalatzen dute: “Txiroa zara, ederra zara, gose diren zazpi seme-alaben ama zara, sorginkerietan ibiltzen zara, ezerosoa zara. Gure moralek zuretzako tokirik ez badu, gure lurraren gainean ere ez duzu tokirik izango”.

 Zein moralaren izenean defendatu daitezke gaur gogora ekartzen ditugun gertakaerak? Zein gizarte sistema definitzen da emakumeak diferenteak-emakume disidenteak etengabe susmopean jartzen direnean? Zer beldur pizten dute atzoko eta gaurko emakume diferente-emakume disidenteek? Zein mekanismo jartzen dira martxan seinalatzeko zein emakume dagoen susmopean eta zein ez? Zeinek erabakitzen du beraien zigorra?

 Galdera asko, gaur hona ekarri gaituztenak.

Baina ez dezagun simarengandik erantzunik espero.

Simak, bere sakontasunetik, guretzako galderak baino ez ditu:

NOIZTIK Juana Josefak?

NOIZ ARTE Juana Josefak?

AGUR ETA OHORE JUANA JOSEFA GOÑI

Joaquín, Antonio, Pedro Julián, Martina, José eta Asunción SAGARDIA GOÑI GOGOAN ZAITUZTEGU.

BETI ARTE

Bilatu