Maria Mendizabal
MUNDUARI BEGIRADA

Landareen gisara, herria «ontziz» aldatuko dute Suedian

Modan daude batetik bestera eraman daitezkeen bizileku txikiak. Gero eta ugariagoak dira horien egituraz edota barne antolaketaz hitz egiten duten diseinu blogak eta telebista programak, «etxe miniak» esaten diete. Bada, Suediako Kiruna herrian ere batetik bestera eraman nahi dituzten etxeez mintzo dira aspaldian, baina proiektua ez da inondik inora ere «minia». Norrbotten eskualdean kokatutako herria osorik aldatu behar dute lekuz, izan ere; hasi eta buka. Loreontziz aldatzen diren landareen moduan eramango dira etxebizitza batzuk, “sustrai” eta guzti; adreiluz adreilu berriz beste batzuk.

Suediako Artikoan, herrialdeko iparraldeko mugan kokatutako Kiruna herria hondoratzeko arriskuan dago. Burdina erauzteko munduko meategi handiena du azpian, LKAB, eta haren jardunak nabarmen eragin du hiriko eraikuntzen oinarrietan, lurzorua pitzatzen ari baita. Beharrezkoak diren azterketak egin ostean, soluziorik onena hiria lekuz aldatzea zela ondorioztatu zuten orain hamarkada pasatxo, eta horrela abiatu zuten 3.380 milioi dolarretik gorako gastua izango duen proiektuaren azterketa. Kirunako bizilagunak ez dira urrutira joango, hala ere, hiri berria eraikitzeko aukeratu duten eremua hiru kilometro eskasera dago eta.

Ikertzaileek 2050. urtean jarri zuten herria lekuz aldatzeko epemuga; gainerakoan, hondoratu egingo bailitzateke. Proiektuaren arduradunek 2040. urtean jada herriak dituen 23.000 biztanleak batetik bestera joanda egon daitezen nahi dute.

Herritarrekin adostutako proiektua. Ezertan hasi aurretik, proiektuaren arduradunek herritarrei galdegin zieten ea euren etxeekin zer egin nahi zuten. Bi aukera eman zizkieten: etxea lekualdatzea edota eraitsi eta eremu berrian berri bat eraikitzea. Berritasunaren lilurak txunditu gabe, hainbat herritarrek euren etxebizitza bere horretan mantendu nahi izan dute eta proiektuaren arduradunek banan-banan eskaerak jaso, bakoitzaren bideragarritasuna aztertu eta eskariei erantzuteko plangintza osatzen ari dira. Arduradunek aditzera eman dute, etxebizitzen tamaina txikia bada, etxearen azpia hondeatu, bere oinarrietatik altxatu eta tamaina handiko garabien bidez eramatea dela asmoa; berriz ere eremu berrian «landatu» aurretik.

Jada Kiruna berriaren oinarrizko hoditeria eraikia dute eta, beraz, gainean sortzen hasteko prest dago jada eremua. Herriaren erdigunean kokatutako herriko eraikin nagusiak «eramango» dizute lehenik: udaletxea, eliza, ikastetxeak... Eraikin horietako batzuk, katedrala esaterako, harriz harri desegingo dira, batetik bestera eraman eta berriz ere harriz harri eraiki aurretik.

Herri jasangarriagoa. Herria erabat eraberritu behar izan dutenez, ahalik eta jasangarriena den bizilekua egiteko baliatu dute aukera. Hala, batetik bestera mugiarazi dituen meatzeari ahalik eta etekinik handiena ateratzea erabaki dute. Burdina harrietatik bereizteko tenperatura handiak baliatzen dituzte; bada, negu partean ia eguzki argirik ez duen eta zero azpitik hamabost graduko tenperaturak jasaten dituen herrian, meatzean sortzen den energia hori erabiliko dute ura berotzeko. Bestelako neurriak ere hartu dituzte herri jasangarriago bat egiteko eta horiei esker energiaren kontsumoa %30 murriztuko dela aurreikusten dute arduradunek.

Egitasmo honen gauzarik interesgarriena, akaso, finantziazioa bera da. Udaletxeak edota herritarrek ez dute zentimorik jarriko «herri berri» bat izateko. Arazoaren jatorria den meatzea izango da, izan ere, aurrekontuaren parterik handiena bere gain hartuko duena –gainerakoa, enpresa pribatuek ordainduko dute–. Meatzea 1900. urtean sortutakoa da eta munduko handiena izateaz gainera, Europan sortzen den burdinaren %90 ekoizten da bertan. Antza, sortzen ari zen arazoaren berri izan zenean, ekoizpena etetearen edota herria berritzeko dirua jartzearen artean erabaki behar izan zuen. Kiruna berria egitea errentagarriago zitzaion.