Ana Isabel Vega Diez
Zetaren ibilbidea

Karakorum Highwaytik barrena

Txina eta Pakistanen arteko zetaren antzinako ibilbideetan barrena, denboran zeharreko bidaiari moduko batzuk bihurtu gara, mendea joan eta mendea etorri, leku ikusgarri hauek gurutzatzen zituzten merkataritza-karabanen parte bagina bezala.

Bat-batean, mendia amiltzen zaigula dirudi oinez noan errepide honen gainera. Mendi-hegalean behera datoz harkaitzak, tobogan erraldoi batetik irristatzen diren misilak bailiran, ihesbide posiblerik gabe. Muhammad keinuka ari zait motxilaren atzean babes nadin. Begiak zabal-zabal eginda, nire inguruan ziztuka igarotzen diren harkaitzak sentitzen ditut. Isilik, harri-jausia areagotu ez dadin. Haiei iskin eginez, jakinik talka bat kanoi-bala bat gelditzen ahalegintzea bezala litzatekeela…

Abuztua da. Ohikoa den bezala, montzoi-euriek luiziak eragin dituzte eta Karakorumeko «autopista» apurtuta eta etenda geratu da hainbat puntutan. Momentu batzuk lehenago, bus txiki bat partekatzen genuen Txinatik zetozen beste bidaiari batzuekin batera, baina harri-jausi ikaragarri batek errepidea itxi du eta han ezagutu dugu Muhammad. Konfiantza piztu digu eta bere zerbitzuak eskaini dizkigu gida modura. Berehalaxe antolatu du lekualdaketa: lau kilometrotan joan beharko dugu errepidetik oinez, beste lur-jausi bat gainditzeko; han beste autobus bat dugu zain. Bizpahiru aldiz errepikatuko dugu operazio hori Rawalpindira heldu arte.

Horrelakoa da Karakorumeko autopista, munduko kotarik garaiena igarotzen duen nazioarteko errepide zolatua. Khunjerab Pass mendateaz ari gara, Txina eta Pakistan arteko muga markatzen duen guneaz, 4.700 metroko garaieran. 1.300 km korrituko ditugu zetaren antzinako ibilbideetan zehar, Kashgar eta Rawalpindi artean. Errepide hau, diotenez, gizakiaren obra handienen artean dago, piramideak edo Harresi Handia bezala. Esaten dute, orobat, Pakistan aldeko tartea 1982an eta Txinakoa 1986an inauguratu ziren arte lanek iraun zuten hogei urteetan, errepidearen kilometroak adina langile hil zirela. Gaur egun, Karakorumeko autopista lehen mailako bidaia-jomuga da.

Kashgar-en denboran zehar bidaiatuz. Kashgar-en (Txina) ekin diogu bidaiari. Historikoki, Taklamakan («Itzulera gabeko desertua» uigurren hizkuntzan) basamortu beldurgarriaren mendebaldeko muturreko oasi desiratu bat izan da. Sortu zen unetik, eragin ikaragarria izan du hiriak, Samarkandatik eta Amu Daria bailaratik –Kirgizistan eta Tajikistango mugen ondotik, beraz– iristen diren ibilbideetan baitago kokatua. Zetaren Ibilbideko zedarri handietako bat da. Urte haietan, azoka erraldoi bat bezala irudika dezakegu hiria; bertan, abereak, alfonbrak, espeziak eta Asia osotik iritsitako manufakturak eskualdatzen bide ziren. Sentsazio horiek berreskuratzeko eta Marco Poloren espirituan hobeto barneratzeko, igandeko merkatua ezagutuko dugu.

Eguzkia irten denetik, uigurrak –gehiengoa dira–, tajikistandarrak, kirgizistandarrak edo han etniako txinatarrak kaleak eta espaloiak betean doaz hiriaren kanpoaldeko zabalgune eskerga batera. Haiekin batera, oiloak eta bildotsak daramatzate gurdietan, astoak, idiak, zaldiak trostan, gameluak eta ordenan erakusten diren mota guztietako abereak. Ia ez da emakumezkorik ageri. Gizon zakarren mundua da hau: hauts eta abereen artean nahasturik, deiadarka, animalien hortzak aztertzen dituzte, zaldien probaketan aritzen dira edo tratua ixten dute dromedario bat eramateko. Dirua tratugileen hatzen puntan, eskutik eskura bizkor mugituz, eta kaiolaz eta jabez aldatzen diren salerosgaiez betetako gurdien joan-etorri amaigabea.

Hipnotizaturik, denbora-bidaiari bihurtzen gara. Gure aurrean, mendez mende ibilbide hauek gurutzatu dituzten karabanek bizi izandako eszena berberak errepikatzen dira. Haiekin kontrastea eginez, emakumeak, marea koloretsu bat bezala, beren jantzi gorri eta laranjekin, harresi ondoan beren brodatuak saltzen eta trukatzen.

 

Pamir-eko ordekak. Egun berria zabaltzearekin batera Pakistango mugarantz abiatu gara, Ghez-eko zintzurra zeharkatuz, bihurgune, amildegi eta lasto-buztin gorriz egindako etxeen artetik. Behin igaro dugunean, paisaia errotik aldatu da. Labar erraldoietan hondoratutako errepide itzaltsuetatik argiaren erresumara sartu gara, itsaso berde amaigabeetara, non belarrak leher egiten duen zeru urdin-urdinaren kontra. Marco Polok honela deskribatu zuen: «Hezur eta azal dagoen azienda bat hamar egunetan gihartsu jarriko litzatekeen lekua». Pamir-eko ordekak dira, eder eta distiratsu udako eguzkitan eta beldurgarri neguak elurrez estaltzen dituenean.

Kirgizistandarrak dira oxigenoa eskas den unibertso honetako «astronautak». Zaldi edo gameluen gainera igota, haien kapeluek zerua urratzen dutela esan daiteke, hain hurbil egonik, lurrarekin elkartzen baita hura. Airea garbia eta gardena da, planetan beste inon baino garbiagoa, beharbada.

Benetakoa ez dirudien agertoki honen erdian, 3.652 metroko garaieran, harribitxi batek bezala egiten du dizdiz Karakul aintzira bikainak, non islatzen baita, bere esmeralda eta turkesa koloreen artean, inguruan dituen mendien paisaia basatia: Kongur mendia, 7.720 metrokoa, eta Muztagh Ata, 7.546 metroko garaiera duena (uigurren hizkuntzan, «Izotzezko mendien aita»). Bi erraldoi horiek jagoten dute ur aratzeko diamante hau, izotzezko zentinelak bailiran, karabanen joan-etorriak zainduz.

Azkenean gainditu dugu Himalaiako mendateen artean mitikoena. Khunjerab Pass deritzana, 4.730 metroko garaieran, munduko errepide zolatu batek igarotzen duen punturik altuena. Izenak berak «Odolaren bailara» esan nahi du, bide-lapurrek karabanei erasotzen zietenean eragiten zituzten sarraskiengatik. Soldadu gutxi batzuez osatutako bi unitate militarrek, Pakistangoa bata eta Txinakoa bestea, zaintzen dute leku estrategiko hau, lainoetako deserri moduko honetan. Konparazio bat egiteko, ehun metro baino gutxiago falta zaizkigu Europaren gailurra den Mont-Blanc mendiaren 4.810 metroak berdintzeko.

 

Sangri-La eta betiereko gaztetasuna. Pakistango lurraldean jada sarturik, gainbehera goaz trokarte basatien eta hodeietan desagertzen diren gailurren artetik. Eguzkia mendi eskergen artetik iragazten da, gure ibilgailua pasatu ahala itzal erraldoiak egiten dituela. Errepidearen azpian, Hunza ibaiko ur arre eta nahasiak trumilka lehertzen dira bazterren kontra, batukada sorgarri batean, paisaiarekin nahasten den sinfonia perfektua eratuz.

Hunzako bailaran aurrera goaz Rakaposhi mendiaren («Horma distiratsua» esan nahi du urduen hizkuntzan) presentzia larderiatsuaren zaintzapean, haren 7.788 metroak begi bistan baitaude Karakorum Highwayren tarte honetan guztian. Munduko tontor ederrenetakoa irizten diote Rakaposhi mendiari; agian horregatik, Zetaren Ibilbideko mitoek eta elezaharrek mendi honen eta Nanga Parbat-en artean kokatzen dute Sangri-la hiri amestua.

Gure irudimena elikatzen duten misterioak eta elezaharrak, beste errealago batzuk bezala, adibidez, betiereko gaztetasunaren sekretua bailara honetan bilatu duten ikerketen ingurukoa. Izatez, hunzek erraz gainditzen dituzte ehun urteak sasoi onean eta 120 urte betetzera iristen dira. Ez dira gaixotzen eta poza eta umore ona nagusitu ohi dira haien artean.

Sir Robert McCarrison mediku ingelesak, duela mende bat, hunzen proteinarik gabeko dieta beganoari eta mendi artean egiten zituzten ibilaldi luzeei egotzi zien haien bizi-itxaropen luzea. Neguan ur izoztuetan bainatzen dira eta haien elikagai «izarra» albertxiko lehortuak dira. Hunzak jende leiala dira. Ehunka ikerketa egin dizkiete gaztetasunaren oasi honetako misterioa argitu nahian.

Honela bada, bailara honen erdian nago, montzoi-aro honetan errepideak hautsi dituzten luiziak saihestuz. Muhammadekin, arretatsu, mendiak jaurtitzen dituen harkaitzen batek, bat-batean, bailarako adin-estatistikaren joera hondatu ez dezan. Berari esker ari gara gainditzen errepidean han eta hemen gertatutako mozketak, luizien erdian estrategikoki harrapatuta geratu diren bus txikiak eta furgonetak baliatuz, harik eta Indo ibaiaren mugarrira heldu garen arte. Hark gogorarazten digu korapiloaren erdian gaudela. Hemen batzen dira munduko hiru mendikate handiak: Karakorum, Hindu Kush eta Himalaia.

Gilgit hiria ez ezik, mendi artean egindako bidaia honen paisaia liluragarriak ere atzean utzi ditugu. Pakistandar kamioi koloretsuek agintzen dute errepidean beren klaxonekin: fantasiazko gaztelu motordunak dira eta jak eta gameluen ilara luzeen lekua hartu dute.

Bistan dugu gure helmuga desiratua eta, jada Zetaren Ibilbideko bidaiari bilakaturik, azkenean, sartu gara Rawalpindin. Bien bitartean, kamioi gotortuak Khunjerab aldera abiatzen dira, antzinako karabanen ibilbidea errepikatzera… Eta klaxona etengabe joz ekiten diote bideari, hiriari agur esanez eta zoriari dei eginez hasi berri duten hodeietarako bidaia ez guztiz segururako.