Joanes Etxebarria
galdeketa kolonbian

Kolonbiako mugimendu sozialak bakeari so

Bake prozesua berresteko datorren igandean Kolonbian egingo duten galdeketaren atarian,

7K-k herrialdeko mugimendu sozial eta politikoengana jo du euren iritzia ezagutzeko. Bat egiten dute gatazka armatuaren kalteak zuzen-zuzenean pairatu dituztela esatean: jazarpen judiziala, desplazamenduak, hilketak...

Bake bidean herrialdea demokratizatzea beharrezkotzat dute, eta, ezkerraren batasuna, ezinbestekotzat. Habanako Akordioak bideak irekiko dituela konbentziturik, urriaren 2an «Bai» bozkatzera deitu dute guztiek.

 

Piedad Cordoba

Marcha Patriotica mugimendu politikoko kidea eta senatari ohia

Bake prozesuan paper garrantzitsua bete duzu, zer nabarmenduko zenuke?

Prozesu honen aurretik ere, kongresista nintzenean, beti erran izan dut gatazka sozial eta politiko armatutik elkarrizketaren bidez atera behar genuela. Arrazoi horrengatik alde guztietatik bilatu nuen FARCen esku zeuden gerra presoak eta bahituak askatzeko bidea. Uste dut hori garrantzitsua izan zela prozesuaren aurretik, baita bitartean ere. Bestalde bitartekari lanak egin ditut komunitate desberdinen artean eta itunari ekarpenak ere egin dizkiot, bereziki generoaren eta parte hartze politikoaren gaietan.

Gatazkaren ondorioz errepresioa eta atentatuak jasan dituen horietakoa zara zu ere.

Buruzagi politiko gisa hasi nintzenetik etengabeak izan dira nire kontrako mehatxuak, baita ni eta nire familiaren kontrako atentatuak ere. Autodefensas Unidas de Colombia talde paramilitarrak 1999an bahitu ninduen eta, ondorioz, erbesteratu beharra izan nuen nire haurrekin; ez zuten zer gertatzen ari zen ulertzeko adinik ere. Geroztik gerrillakoa naizela erraten didate eta senatari postutik ere kendu ninduten nire eskubide politikoak urratuz. FARCen adar politikokoa izateagatik 18 urteko inhabilitaziora kondenatu ninduten, baina sententzia erori egin zen, irregulartasun asko zeudelako prozeduran. 14 urteko beste inhabilitazio bat ere badut, baina hori ere arrazoi berdinengatik eror daiteke laster. 6 urte dira kargutik kendu nindutela.

Nola ikusten duzu urriaren 2ra begira eraman den kanpaina?

Lau urteko negoziazioen ondotik erran dezakegu bakea hurbilago daukagula; bada, posible izan dadin, plebiszituaren emaitzak baiezkoa izan behar du. Ezkerreko ikuspegitik baietzaren kanpaina daramagu eta datorren faserako gogoetatzeko balio digu. Momentuaren garrantziaz jabetzen ari gara eta batasunaren beharra gero eta nabariagoa da, gauzak kolektiboki egin beharko baititugu. Ezetzak irabaztea oso kaltegarria litzateke, eta atzera egiteak are egoera gogorrago batera eramanen gintuzke.

Uste duzu Kolonbiako Gobernuak nahiko borondate baduela talde paramilitarrak desegiteko?

Fenomeno konplexua da, baina, Habanako Akordioak paramilitarismoa desagerrarazteko aipamenak dituenez, uste dut Gobernuak nahia izan baduela. Itunaren garapenaren araberakoa izanen da emaitza, eta ezkerreko indarrek segitu beharko dugu Estatuari eta enpresariei eskatzen bakearen aldeko ekarpenak egiteko. Azken finean paramilitarismoa hori baita: lapurreta xede duen enpresa estrategia bat. Horren araberakoa izanen da bakearen eraikuntza, bestela Union Patriotica alderdiari bere garaian gertatukoa errepikatuko litzateke, eta hori herriarentzat desastre bat litzateke.

 

Rodolfo Adan Vega Luquez

Indigenen ONIC elkarteko ordezkaria eta MAIS alderdiko presidentea

Testuingurua ulertzeko, Gobernuak nola kontsideratzen ditu herri indigenak oro har?

Herri etnikoen eskubideak bermatzeko gutxieneko batzuk lortu dira, batez ere 1991ko Konstituzioak ezagupena onartu baitzigun. Hori lortu zen mugimendu indigenaren mobilizazioari esker eta hauteskundeetan ordezkaritza irabazi genuelako Konstituzioa egin zenerako. Baina 25 urte geroago ikusten dugu 1991ko Konstituzioan lortutako eskubide guztiak ez direla bermatu gobernu desberdinen partetik ez delako borondaterik egon. Santosen Gobernuarekin ere akordio batzuk lortu baditugu ere, akordio horien gauzapena gutxienekoa da, nulua dela ez erratearren.

Beste eragile askok ez bezala, Habanako mahaian parte hartu duzue. Zer lortu duzue?

Gu hogei orriko proposamen batekin joan ginen, eta, bukaerako akordioan eta negoziazioen azken egunean, adosturik lau orri gelditu dira kapitulu etnikoan. Guretzat funtsezkoa dena hor dago, baina ez gaude erabat kontent. Herri etnikoentzat berme batzuk badaude hor. Borroka luze eta gogorra izan da hori lortzea eta borrokatzen segituko dugu adostutakoa bete dadin.

Eragile guztiek mugimendu sozialen batasuna beharrezkotzat jotzen duzue. Bide horretan zaudete?

Mugimendu sozialak artikulatzeko zailtasunik handiena, hain zuzen ere, gatazka armatua izan da. Gatazka horrek pertsekuzioa eragin du, hilketak izan dira, masakreak ere, jazarpen judizialak... Horrek oso zaila bilakatu du mugimendu sozial garrantzitsu eta artikulatu bat egotea. Halere mugimendu indigena sekula ez da geldirik egon, ezta Uriberen Gobernu atzerakoienean ere. Negoziazioak hasi zirelarik Gailur Etniko eta Herrikoia egin zen, eta bertan lehen aldiz indigena, nekazari eta afrokolonbiarrek bat egin dugu. Ez da erraza izan, baina gailurretik antolatu zen azken minga edo mobilizazio nazionalean ikusi zen dimentsio handia har dezakeela. Uste dut argi geratu dela gutxieneko eskubideak defendatzetik harago, boterea hartzeko gaitasuna ere ukan dezakegula.

 

Maria Alejandra Rosa

FEU Ikasle Unibertsitarioen Sindikatuko idazkari nagusia

Zer espero du FEU ikasle sindikatuak abian jarritako bake prozesutik?

Laburbiltzeko guk dioguna honakoa da: bake prozesu hau ezinbestekoa da aterabide politikorako. Ikasle mugimenduaren aldarrikapena betidanik izan da bide militarrak baztertzea, ez baitira soilik matxinatuen kontra erabili izan; sektore guztietako herritarren kontra ere baliatu izan dira, izan hirietan ala bazter guztietan. Ideia litzateke aukera honetaz baliatzea demokratizazio fase baterantz urratsak emateko, parte hartze aktibotik eta mobilizazio herritarretik benetako bake iraunkorra kausitzeko.

Gatazka ez da soilik talde armatuen artekoa. Zertan da hezkuntza sistema gatazkaren beste parametro bat?

Hezkuntza eskubidea aipatzea bera falazia bat da Kolonbian. Ez da existitu, ez da existitzen, eta Gobernu honekin ez da inoiz existituko. Guk daukagun hezkuntza merkantilizatuta dago, pribatizatuta; negozio gisa ikusten da eta Kolonbiako familia gehienak zorretan uzten ditu. Gainera, ezagutzak ekonomiako sektore azkarrenen beharrei erantzuten diete; ez daude kolonbiarraren beharrei erantzutera bideratuta. Ondorioz, gure ustez, hezkuntza eredu hau gatazka armatuaren konplizea izan da, ulertzen dugulako gatazkaren oinarrian zeudela aberastasunen kontzentrazio handia, lurren kontzentrazio handia, desberdintasun sozial eta politiko handiak, parte hartzerako bermerik eza... Hezkuntza eredu honek hori guztia berresten du.

Uste duzu hezkuntza publikoan hurrengo belaunaldiak elkarbizitzarako prestatzen direla?

Kolonbiako hezkuntza egina da pentsamendu kritikoa jazartzeko. Pentsamendu kritikoa diodanean ez diot ezkerreko pentsamendua, baizik eta errealitatea zalantzan jartzeko gai dena. Hezkuntza eredu hau egina dago klasean irakasleak dioena egia absolutu gisa hartzeko eta ez ideia borroka batean eztabaidatzen ikasteko. Uste dut eredu pedagogiko horiek aldatu egin behar direla dinamika kultural berriak eraiki ahal izateko. Irakaslearen kontrako zerbait badiozu eta bera horregatik oldartzen bazaizu, zu ere ohitzen zara besteen ideiekiko intolerantzia jarrera bat ukaitera.

 

Isaac Marin Lizarazo

CNA Nekazarien Koordinakunde Nazionaleko komunikazio arduraduna

Lurraren banaketa nolakoa da Kolonbian? Nekazarientzat lurra arazo bihurtu da?

Bai. Kolonbian lurraren borroka historikoa da. Lehenik gatazka latifundistekin zen, eta, gaur egun, multinazionalekin. Hain zuzen aurten Santosen Gobernuak zartako handi bat eman die nekazariei, SIDRES Landa Garapenerako Intereseko Eskualdeen legearekin. Legearen helburu bakarra eskala handiko xede agroindustrialei milioika hektarea eskaintzea da. Hori egin du 7 milioi nekazari desplazaturen arazoa konpondu aitzin, horietarik batzuk lurrik gabe daudelarik eta besteak ekoizpenerako lur txikiegietan bizi direlarik.

Habanako Akordioa lortu berritan, zuen ahotsa entzuten da edo oraindik ez?

Oraindik ez. Gauza garrantzitsuetan aitzinatu gara. Lehenik, azkenengo urteetan eta bereziki azken mobilizazio nazionalari esker lortu genuen kolonbiarrak eta Gobernua bera ohar daitezen nekazariak krisi sakoneko fase batean gaudela. Krisia ez dago soilik lurra eskuratzeko zailtasunean, arlo ekonomikoan ere badago. Izan ere, nekazarientzat oinarrizko zerbitzuak ere ez dira ziurtatzen: argindarra, etxebizitza, osasuna, hezkuntza... Azken finean bizitzeko oinarrizkoa dena. Gobernuak aitzakiatzat hartu du nekazaria gatazka gunean edo hark “zona gorria” deitzen duen horretan izateagatik ez duela inbertsiorik egiterik izan, baina badakigu hori ez dela egia. Orain gure mugimenduak, indigena eta beltzekin batean, eskatzen du akordioen garapenean parte hartzeko aukera, negoziazio mahaian ez baitugu parte hartu.

Herri honetan nekazaritza planik ez dagoela salatu duzue behin eta berriz.

Santosen Gobernuak azken bi agintaldietan egin duena lapurtutako lurren jabegoa legeztatzea izan da. Politika hori desastre bat izan da. Nekazariei beraien lurrak itzuli aitzin lur lapurtuak legeztatu ditu.

Zer espero dute lurrak galdu zituzten nekazari horiek? Lurrak berreskuratzeko esperantzarik ba ote da?

Ez, zoritxarrez mezuak ez du esperantza askorik ematen. Uste dugu nekazari mugimenduak borrokan segitu behar duela lurrak itzul daitezen, eta lurrak egon daitezen lurrik gabeko nekazarientzat.

 

Felipe Santos

Union Patriotica alderdiko idazkari nagusia

Gatazkaren ondorioak sakon jasan dituen alderdia da zuena zalantzarik gabe...

Alderdia 1985an sortu zen FARCeko kideen, Alderdi Komunistaren eta gazteria komunistaren parte hartzearekin. Sektore kontserbadore eta liberal independenteak eta sektore sozial garrantzitsuak ere sartu ziren Union Patriotican. Hala, oso mugimendu zabala sortu zen, gatazka armatuaren aterabide politikoa eta irekidura demokratikoa ikur hartuta. Alderdia sortu aitzin ere, erantzuna hilketak izan ziren. Gerora, alderdiaren arrakasta ikusirik, hilketak ugaritu egin ziren. Hor hasi zen genozidio politikoa deitzen duguna: eskualdeetako liderrak bazter guztietan hiltzen zituzten, baita parlamentarioak ere. Pentsa, alderdiak izan zituen hamabost parlamentarioetatik bederatzi hil zituzten. Guztira 3.000 hilketatik gora izan ziren.

Biktimen eta lurren itzultze legeak egin al du ezer Union Patrioticaren kasua aintzat hartzeko?

Lege horren baitan aipatzen da historia ez errepikatzeko atala, baina ez gaituzte kontuan hartu. Union Patriotica lege horren bazterrean utzia izan da. Legea horrela izanik, Gobernuak are gutxiago aipatzen du konponketa politikoa. Hil gintuzten gatazkari bakezko aterabidea bilatzeagatik. Hori ez dago memoriaren baitan, ez da historia liburuetan agertzen; orrialde zuri bat gelditu da eta badirudi inoiz ez dela existitu.

Ez ote duzu uste Habanako Akordioaren ondotik ere Gobernuak bere sistema politikoa blindatzen segituko duela, hain zuzen ere, ezkerrak ez dezan ukan indarra hartzeko parada?

Noski baietz! Borroka politikoa ez da bukatu, alderantziz, sakondu egingo da, baina beste egoera batean. Hori da hain zuzen itunak ekarri behar duena, borroka politikorako beste testuinguru bat; hori oinarrizkoa da guretzat. Ezkerrak sakonago aztertu behar du bere jendarte proposamena eta batasun handiagoa beharko dugu aldaketa bat ekartzeko. Bide hori demokratizazio sakon baten bidea izan behar da.

 

Jose Santos Caicedo

PCN Komunitate Beltzen Koordinakundeko arduraduna

Zein izan zen zuen parte hartzea Habanako negoziazioan?

Mobilizazio nazional handi baten ondorioz indigenekin partekatzen dugun Batzorde Etnikoa aktore politiko gisa ezagutzea lortu zen. Gure eskubideak arriskuan ikusten genituelako presio handia egin genuen mahaian izateko, eta joatea lortu genuen ituna oso aitzinatua zegoelarik. Zorabio horretatik lau hosto gelditu dira itunean txertatuak, guretzat oso garrantzitsuak direnak. Orain arteko lana izan da itun horretan kapitulu etnikoa sartzea, baina lan gogorrena datorrena da. Guatemalako indigena batek azaldu zigun hango bake prozesuko puntu bakar bat bera ere ez zela errespetatu, eta horrek arranguratzen gaitu.

Biztanleen gehiengoa beltza den eskualde batzuetan Estatuak herritarrak baztertu dituela esaten da. Prozesu honekin hobera egin dezake egoerak?

Uste dut krisia areagotu egingo dela. Bakea, segur aski, komunitateei beraien lurraldeetan zer egin behar den galdetu gabe eginen da. Komunitateek kartak eskuetan hartu beharko ditugu, bestela ez baitugu onurarik ukanen. 70. legean bada artikulu bat zehazten duena lehendakari batek kargua hartzen duenean komunitate beltzen garapenerako plan bat aurkeztu behar duela... Bada, galdetu iezaiozu Gobernuari: 11 bilioi pesoko plan bat adostu omen zen, eta, dirua non dagoen galdetu dugunean, ez dugu inolako erantzunik jaso. Herriari ez zaio ezer galdetzen; pentsatuta dago urrea, petrolioa, baliabide naturalak oro ustiatzea, eta hori da dena.

Mugimendu sozialen batasunaren beharra aipatzen duzue denek. Bide onetik doa?

Guk horretara jo nahi dugu, besteek ere hala diote. Ikusi behar da nolako borondatea daukagun horretarako. Oraindik elkarren arteko konfiantza lantzen gabiltza, baina bideak segitu beharko luke.

 

Cesar Losa

Petrolioa industriaren USO sindikatuko presidentea

Zein izan behar litzateke sindikatuaren papera bake prozesuan?

Gure sindikatuak apustu politiko irmoak egin ditu bakea indartzeko bidean; iaz, adibidez, Bakearen Aldeko Bigarren Biltzarra egin genuen. Prozesu hori eskualdeetako biltzarretatik abiatu zen, eta biltzar handi batekin bukatu zen, guztira 10.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zutelarik. Xede nagusia komunitate eta eskualde desberdinetako iritziak jasotzea zen galdera baten inguruan: «Nola jartzen da meatzaritza eta energiaren sektoreko aberastasuna bakearen zerbitzura?». Kolonbiako edozein eskualde aztertzen badugu, baliabide naturalen ustiapena dagoen edozein gunetan zerbait bada beti komunean: pobrezia, bortizkeria, desplazamenduak, ingurumenaren kutsadura, langabezia, gatazka soziala eta gatazka armatua.

Zer proposatzen duzue?

Gure elkarrizketa instituzioei, komunitateei, enpresei... irekita dago, baina USOk barne proposamena ondu du, “Hidrokarburoen legea” izenekoa. Proposamen horretan zehazten da Kolonbian nolakoa izan beharko litzatekeen hidrokarburoen ustiapena. Zehazten dugu zein lurraldetan egin behar den –gune batzuk babestuta daudenez bertan ez da ustiapenik izan behar–, baina baita ustiapen horrek Kolonbiari zer utzi behar dion ere: gaur egun multinazionalek petrolioa ateratzen dute eta herriari ezer gutxi geratzen zaio. Uste dugu Kolonbiaren garapenerako petrolioaren hornidura ziurtatu behar dela, eta eskualdeetan irabazien zati bat gelditu behar dela haien garapen sozialerako.

Funtsezko aldaketarik posible ote da eredu ekonomikoa aldatu gabe?

Estatuak bermeak eman behar ditu sindikalismoa posible izateko, oposizioan egon ahal izateko. Eredua aldatu gabe Estatuak bermatu behar du langileak sindikatuetako kide izateko eskubidea izan dezaten horregatik lanetik kanporatuak izan gabe, oreka laborala ziurtatu behar du, eredua aldatu gabe kalitatezko enpleguak eta lan duina ziurtatu behar ditu... Eredu ekonomikoa aldatzea oso konplikatua dela ulerturik, horretarako boterean egon behar delako, uste dugu funtsezko erreformak egin daitezkeela bai herri honetan beste gisa batez bizitzeko bai elkarrekin bizitzeko.