Andoni Urbistondo
TREKKING-A ANNAPURNAN

NEPAL, BISTARE-BISTARE

Poliki-poliki («bistare-bistare») doa Nepal. Baina badoa. Poliki itzaltzen da monzoia Annapurna mendialdean urrian. Poliki ibiltzen dira autobusak, jeepak. Eta poliki «trekker»-ak, ezker-eskuin, aurrez aurre edo atzealdean duten ikuskizun paregabea luzerako gorde nahian. Nepalek nepaldarrak ditu altxor. Umil eta apalak, turista gurtzeraino. Eta Himalaiako mendi eta bailarak, noski. «Annapurna»-ren esanahia, horren erakusle: Jainkoaren oparotasuna.

Trekking ibilaldi honen kontakizunak urtebeteko atzerapena du. 2015ean zen egitekoa. Baina iazko apirilaren 25ean lurrazala protestan hasi zen Nepalen. 7.9 graduraino iritsi zen lurrikara Richter eskalan, neurtu den handienetakoa, eta 7.000 herritar hil ziren. Txikizio handi samarra izan zen hainbat eskualdetan. Agerikoa da triskantza, urte eta erdi geroago, Katmanduko bihotzean. Danbar Square-eko tenpluak okertuta daude. Adreiluak lurrean, eraikinak erdi eraitsita... Lurrikara bi plaka tektonikoren arteko talkak eragin zuen (indoaustraliarra eta euroasiarra). Bitxia da, plaka berberen talkak sortu baitzuen orain dela milaka urte Himalaia mendikate ikusgarria.

Himalaiak mendebaldetik ekialdera zeharkatzen du Nepal. Han dago munduko mendirik garaiena, Everest, baita 8.000 metroko langa gainditzen duten beste zortzi mendi ere (hamalau dira, denera). Everestekoa da, noski, trekking ezagunena, eta Annapurnakoa bisitari gehien jasotzen dituen bigarrena, 100.000 turista inguru urteko. Katmandu. Pazientzia sartu motxilan: hautsa, kaosa, komertzio anabasa... Kaos neurtua, presarik gabea. Tamel auzoan lasai ibil daiteke paseoan. Lapurreta arriskurik ez dago, eta miseriarik ere ez da sumatzen. Nepalen herritar guztiek jaten dute arroz plater parea eguneko, gutxienez.

Etxetik irten eta naturan, mendian, barneratzerako hiru egun luze behar dira hegazkin, autobus eta jeep-ean. Trekking ibilbide osoak 200 kilometro baino gehiago ditu, baina norberak nahi duen tokian hasi eta buka dezake oinezko jarduna. Gurea Tal herrixkan hasi zen, 1.700 metrora, eta Jomosom-en bukatu. 150 kilometro pasa, bi astean. Ibili gabeko nekea azkar arintzen da Margsyandi errekaren orroak entzunez, zubi metalikoak zeharkatuz, baso tropikaleko tximuei erreparatuz, edo zamalari edo porterrek egunean hirutan jaten duten dal bhat tarkari arroz plater oparoari begiratuz (arroza barazki, dilista eta espeziadun zoparekin).

Egun batean Manasluko silueta ikusten duzu lainopean (8.156 m), hurrena klima tropikaleko euri jasekin esnatu gau ilunean, edota Kanadako Rocky Mountains- delakoak diruditen bailara eta mendi harritsuekin gozatu. Shanti izeneko ostatu batean ere bazkaldu genuen (shanti, “bakea” nepaleraz). Baso tropikala 3.500 metroraino hedatzen da. Orduan, pixkanaka paisaia idortu egiten da, bailarako Manang hiriburura iristearekin bat (trekking-eko hirugarren eguna). Manangeraino autoz irits daiteke. Hortik gora oinez bakarrik egin daiteke aurrera, eta turista asko pilatzen dira Manangen.

Manang-etik Gangapurna (7.454 metro) eta Annapurna III (7.555 m.) ikusten dira, bertatik bertara. 4.000 metroko hormatzarrak. Annapurna II ikusi gabe geratu gara (7.937 m.), baina egunak pasatu ahala, 6.000 eta 7.000 metroko dozenaka mendi ikusten dira. Askok ez dute izenik. Dawa Tama gure gidariak azaldu du zergatia: «Mendi garai asko ditugu. Zertarako jarri denei izena?». Isilik geratu gara. Eguneroko martxa erosoa da. Goizetan hiru bat ordu, otordua, eta arratsaldean, antzera. Sasoiz ondo gaude, altuerarekin ere arazorik ez, baina Tilicho lakuko behe kanpamentuan barruak nahasi zaizkigu.

Hiru zamaketari, sukaldaria eta gidaria datoz gurekin. Sarrera debekatu diete ostatu batean, «turistek ez dutelako nepaldarrik nahi ondoan». Ostatutik irteteko eskatu diogu Dawari, baina gure ezusterako, bera ez da haserretu. Jarrera horiek ohikoak direla dio, okerragoak, orain ez urte asko. «Tourist first» (turista aurrena) errepikatzen du etengabe. Guk ez gaudela konforme esan diogu, eta beste ostatu bat bilatu. Egia da turismoa dela Nepalgo aberastasun iturri ia bakarra, baina haien morrontzak zer pentsatua ematen du. Beti laguntzeko prest, zamaketariek big boss esaten dizute (nagusi handia) eta, espresuki eskatuta ere, ez dute zurekin bazkaldu edo afaltzen. Are gehiago, zenbait ostatutan, turistek bukatu arte ez diete beraiei janaria zerbitzatzen.

Gidaria zamaketariak baino hobeto bizi da, baina horiek baino euro bat gehiago bakarrik irabazten du eguneko. Zamaketariek 30 kilo eramaten dituzte. Kilo asko. Asko sufritzen dute, baina eurek finkatzen dute ze pisu eramaten duten, ez turistek. Porter batek 200 bat euro irabazten ditu bi asteko lanagatik, eskupekoekin. Polizia batek 150 euro, hileko. Subass eta Raj Gurung dira gure bi zamaketariak. «Polizia izatea ezinezkoa da. Badakizu, lagunak izan behar dituzu. Irakaslea izan nahi baduzu, berdin. Nepal herrialde ustela da», esaten dute. Historia eta Business ikasten dute Katmandun. 3.000 bat euro behar dituzte urteko. Zamaketari jardunean erdia lortzen dute. Ikasketarik gabe nekazaritza dute bizibide bakarra, baina lanbide hori ez dute gustuko. Tilicho lakuko gau ilunean izandako elkarrizketak.

Arazo asko mendiko gaitzarekin. 4.990 metro. Elurra atarian. Lakuko ur urdina ederra da, glaziarretik elikatzen dena. Munduko laku garaiena omen, nepaldarren ahotan. Badaude altuago daudenak. Hain handiak, ordea, akaso ez: 4,5 kilometro luze, 1,6ko zabalera, 85 metroko sakonera. Kanpin dendan etzanda, burua lanean dabil, ziztuka. Aspirina bat, badaezpada. Jaitsieran argazki arriskutsuak ikusi ditugu. Mendiko gaitzak jota daude hainbat, begirada galduarekin, ondoezak jota, baina lagunak barrez ari dira, argazkiak egiten. Ez da bromak egiteko unea. Jendea hil egiten da mendiko gaitzak jota.

Txinatarrak dabiltza okerren. Arropaz lepo, hotzik ez dagoenean, eta oso mantso, pausoan ibiltzen. Dirudunak dira. Nahieran dabiltza ostatuetan, oihuka. Nepalgo Gobernuak horien dirua nahi du, eta trumilka joango dira Nepalera datozen urteetan. Haiekin ohitu beharra dago, ezinbestean.

Chulu West. Lehdar-en gaude, 4.200 metrora. Annapurnako trekkinga egiten ari direnak badoaz Thorong La Pass aldera. Gu ekialdera, Chulu West mendira (6.453 m). Beheko kanpamentura erraz iritsi gara. Bi orduan 4.800 metrora gaude. Chulu West piramidearen azpian gaude. Dawa gidariak ohartarazi zigun aspaldi: «Hamaika aldiz etorri naiz bezeroekin. Bitan bakarrik igo gara gailurrera». Udazkeneko sasoia hasi besterik ez da egin, eta inor ez da etorri Chulura oraindik. Arrastoa ireki beharra dago 6-7 orduz, 5.500 metrorik gora. Prest gaude, aklimatatuta, gidariak budism essence delako landarea ere erre du izpiritu txarrak uxatzeko... baina alferrik! Euri eta elur, elur eta euri 40 orduz jarraian, eta 5.500 metrotik gora, elur berri geruza handia. Kranpoiak, 8.000 metroan erabiltzeko botatzarrak, arnesa, pioleta... etorri diren bezala buelta, etxera. Eta konforme, beherantz hasi aurretik Annapurna handia ikusi ahal izan dugulako. Mendi itzela (8.091 metro)!

Thorong La Pass da gure azken erronka. 5.416 metroko lepoa. Hiru gau eman ditugu ia 5.000 metrora, eta aise goaz. 900 metroko desnibela gainditzen da egun bakarrean, eta lepoa pasatuta, 1.700 metro jaitsi Muktinath herriraino. 11 gradu lepoan, goizeko 9:00etan. Diferentzia handia, Pirinio edo Alpeekin alderatuta.

Mundu bat dago lepoa baino lehen. Eta beste bat, lepoaren beste isurian. Ulertze aldera, Manang hiriburu duen bailara 1980an bizi da, eta Muktinath hiriburu duena, 2005ean. Diferentzia ikaragarria da. Muktinath hinduismoaren erromes gune garrantzitsua da, bigarrena, Kailash mendikoaren ostean (Tibet), eta Indiako milaka lagun etortzen dira tenplura euren arima garbitzera, Shiva jainkoa gurtzera. Muktinath-en komertzioa dago, Mendebaldeko arropak, eguzkitako betaurrekoak; Bob Marley izena duen garagardotegi bat ere bai. 3.750 metrora! Eta sekulako bista dago Dhaulagiri piramide perfektura (8.167 metro).

Egun bakarra trekkinga bukatzeko. Muztang bailararen sarreran gaude, eta Jarkhot eta Kathbegira bidean ez dago bidezidorrik. Harrizko basamortua eta erreka ondoan zuhaitzak eta baratzeak. Marokoko Atlas mendikatearen antzekoa. Dena da pista zatarra. Handik Jomosom-era ere bai. Modernitateak traila jan du. Kexu dira turistak, baina nor da turista, ehunka urte isolatuta bizi izan denari errepide gehiago ez egiteko eskatzeko? Turiston pentsamolde geurekoia, beste behin.

Jomosom, 2.770 metro. Namaste zibilizazioa! Akabo trekkinga. Hobe hoteleko gelatik ikusten den argazkiarekin geratzea: Nilgiri mendigune dotorea (7.081 metro). Hegazkina, Pokhara, Katmandu, atsedena, lanera buelta... Danebat Nepal (Mila esker Nepal).