Emir Olivares
Errealitatearen kronikak

Narkokorridoak, gorantz doan musika generoa

Errealitatearen kronikatzat joak, iragan mendeko 30eko hamarkadan sortu zirenetik, garai bakoitzera egokitzen joan dira narkokorridoak. Agintariek musika genero hau desagerrarazteko makina bat ahalegin egin dituzte, besteak beste, debeku legeak eginda. Alferrik; izan ere, oraindik ere jarraitzaile andana bertaratzen da kultur adierazpen honen ordezkari diren taldeen emanaldietara.

Bikoteak dantzalekua hartzeko prest daude. Taldea instrumentuak prestatzen ari da eta argiak jada agertokira begira jarrita daude. Zain daude eta txistuka hasi dira, haiekin behingoz jotzen has daitezen eskatuz. Soinua ondo doituta, ozen hasi da entzuten:

«Con cuerno de chivo y bazuca en la nuca/ volando cabezas al que se atraviesa/ somos sanguinarios locos bien ondeados/ nos gusta matar/ pa’ dar levantones somos los mejores/ siempre en caravana/ toda mi plebada/ bien empecherados/ blindados y listos para ejecutar…/ soy el número 1 de clave M1/ respaldado por El Mayo y por El Chapo/ la JT siempre presente y pendiente/ pa’ su apoyo dar».

Bertaratutakoek mokorra mugitzen dute batera eta bestera eta, agindu bat jarraituko balute bezala, letrari aurrea hartzen diote. Guztiek abesten dute. Irakasleak, abokatuak, ikasleak, idazkariak, saltzaileak... dira, baina baita, eta bereziki, narkotrafikoarekin nolabaiteko zerikusia dutenak.

Txapelak behar-beharrezkoak dira dantzarako; botak edota oinetako garestiak ere bai. Alkandorak marka zehatz batekoak izan behar dira –imitazio perfektuak gainerakoan–. Emakumezkoek takoi handiak daramatzate, ez du axola dantzalekua irristakor dagoen ala ez. Helburu bakarra narkokorridoaren doinupean dantza egitearen erritua betetzea da, izan ere. Eta hori guztia, nahiz eta kantu hauek diskurtso ofizialetik ateratzeko ahalegin handiak egin diren. Estatu batzuetan debekatu egin dira, irratietan jar ez ditzaten eta dantzaldi handirik egin ez dadin edota tabernetan entzun ez daitezen.

Ahalegin horiek guztiek ez dute, bistakoa denez, helburua lortu; izan ere, genero honek hainbat eta hainbat herritarren gustuko izaten jarraitzen du, narkotrafikoarekin harremana izan ala ez. Horregatik asko dira Los Tigres del Norte, K-Paz de la Sierra, Los Tucanes de Tijuana eta Los Capos de Mexico bezalako taldeen zuzeneko emanaldiak ikusi nahi dituztenak.

Eraginik handiena Mexikoko iparraldean atzematen da, baina gero eta gehiago entzuten da herrialdeko gainerako eremuetako hiriguneetan.

Lugorri, kirol eremu edota bestelako leku irekietara joaten da jendea, kantuen artean maitasunari lotutakoak ere interpretatzen dituzten talde hauek entzutera. Erakargarriena narkotrafikatzaile historikoentzat edota egungoentzat konposatzen diren kantuak entzun, abestu eta dantzatzea da. Bien bitartean garagardoa, brandya, rona eta, batez ere, azkenaldian musika honen jarraitzaileen artean oso modan jarri den Buchanan's izeneko whiskia edaten dituzte.

Narkokorridoa errealitatearen kronika da jatorriz, baina hamarkadek aurrera egin ahala kantuen gaiak aldatzen joan dira; batez ere, gero eta indarkeria handiagoa ageri duen testuinguruak eraginda. Hala, kontatzen dituzten istorioetan gero eta tarte handiagoa hartu dute sikarioen ekintzen deskribapen gordinek.

Korrido tradizionalen –pertsonaia, heroi independentista eta iraultzaileen balentriak kontatzen zituztenak– azpigenero gisa sortu ziren narkokorridoak joan den mendeko 30eko hamarkadan Mexiko eta AEBetako mugan.

“Cantar a los narcos” liburuan, Juan Carlos Ramirez-Pimienta unibertsitateko irakasleak musika genero honen historiari errepasoa egiten dio. «Droga trafikoa gai gisa hartu zuten lehen korridoak 1931 eta 1934 artean kokatzen dira. Gaur egungoekin alderatuta oso desberdinak ziren, baita 70eko hamarkadan Los Tigres del Norte taldeak abesten zituztenekin», azaldu du.

Edgar Morin, Antropologian doktorea da eta “La Maña” liburuaren egilea. Bere esanetan, narkokorridoa ez da homogeneoa den zerbait. Ñabardurak ditu: «Osagai literarioarekin, konpositoreak gertaerak deskribatzen ditu, arbuiatzen ditu edota goratzen ditu; sarri isilean eta Gobernuak isilduta duen errealitatea kontatzen da; beste batzuk enkarguz sortzen dira, pertsonaia bat goratzeko helburuarekin».

Ramirez-Pimietak musika hau 90eko hamarkadatik aztertu du, Kaliforniako Unibertsitatean ikasle zenetik. Narkokulturaren fenomenoak eta, horren baitan, narkokorridoek herrialdeko egoera ekonomikoarekin lotura dutela dio. «Horiek sortu ondoren, 20 urteko epean apenas topa zitezkeen, 40ko hamarkada eta 60ko hamarkada artean, hain zuzen. Mirari ekonomikoaren garaian ia ez da erregistrorik. Generoa atzera 70eko hamarkadako krisiarekin berpiztu zen eta bere lehen bultzada Los Tigres del Norte taldearekin izan zuen, ‘Contrabando y traición’ eta ‘La banda del carro rojo’ abestiekin».

1980ko hamarkadan, narkotrafikoan Rafael Caro Quintero pertsonaia nagusia zenean, kantu hauen oinarria aldatu zen lehen aldiz. «Korridoen heroi figuran aldaketa epistemologiko bat gertatu zen; jada ez zen bakarrik trafikatzen duena, baita luxuz inguratuta eta diru askorekin bizi dena, narkotikoak eta alkohola kontsumitzen dituena eta emakumeak bereganatzen dituena. Hedonista da», zehaztu du.

Narkotrafikoaren aurkako gerra. Mexikoko testuinguruak generoa aldatu zuen berriz ere. 2006an Felipe Calderonek narkotrafikoari gerra deklaratu zion, baina segurtasun handiagoa ekarri beharrean estrategiak exekuzio, borroka eta desagertze gehiago ekarri zuen. Ehunka mila biktima, giza eskubideen defentsan lan egiten duten elkarteen arabera. «Narkokorridoek berehala islatu zuten errealitate berri hori: 2007 eta 2011 bitartean Movimiento Alterado deiturikoa sortu zen, letra erabat esplizituekin, erabat bortitzekin, baina era berean oso errealekin. Droga kartelak elkarren artean borrokan ari dira, eta Estatuarekin ere bai; hori musikak islatzen du», nabarmendu du akademikoak.

Letra batzuk, “Pacas de a kilo” eta “Jefes de jefes” kantuen sortzaile Teodore Bellorenak kasu, agintarien eta kriminalen arteko konplizitateaz ere mintzo dira.

Ez du edukiak bakarrik aldatu genero hau; teknologiak paper garrantzitsua izan du bere promozio eta zabalkundean. UNAMeko Acatlan Goi Ikasketetako Komunikazio eta Kultura Mintegiko Enrique Pimentelek dio orain hamarkada batzuk musika hau grabatzeko eta ezagutarazteko prozesu luzea jarraitu behar zela eta behar-beharrezkoa zela diskoetxeek beren sostengua ematea; gaur egun ez.

Mendebaldeko Unibertsitateko Anajilda Mondacak dio kantuok letra, soinu eta erritmoetatik harago doazela. «Narkotrafikotik eratorritako elementuek, narkokulturan errotutakoak eta letretan ikus daitezkeenak, zentzua sortzeko gaitasuna dute eta gero eta gehiago entzuten dituzten sektoreen artean kodifika daitezke. Iruditeria sortzeko, ideologia indartzeko eta droga trafikoak dakarren guztia irudikatzeko gai dira».

Azken urteetan Mexiko iparraldeko hainbat eremutan kultur adierazpen hauen grabazio eta zabalpena debekatzeko saialdiak egin dira. Chihuahuan, esaterako, bada halako lege bat, eta izan ziren antzekoak sortzeko ahaleginak Sinaloan eta Durangon.

Adituek argi dute: musika mota hau entzuten duten pertsonak gai dira errealitatea eta sorkuntzak bereizteko. «Musika hau gustatzeak ez du esan nahi entzun eta berehala norbait hiltzeko cuerno de chivo-a –kartelen artean arma gustukoenak– aterako dugunik», nabarmendu dute.