Joanes Etxebarria

Pablo Escobar, droga-trafikotik turismora

Munduan hiririk egotekotan narkotrafikoarekin eta mafiekin lotu ohi dena, hori Medellin da, Kolonbian. Pablo Escobar ospetsua da horren errudun nagusia, eta hainbat turismo agentzia fama horretaz baliatzen dira gaur egun «tour» turistikoak eskaintzeko. Bogotan hasi eta lau egun iraun ditzake «Pablo Escobar tour» luzeenak, Medellinera iritsi arte. Turista gehienek, haatik, Medellin hautatzen dute Escobarren bizitzako gune klabeak bisitatzeko, mafia burua bertan bizi eta hil baitzen.

Pablo Escobar Kolonbian bezainbeste nabarmendu zen munduan. Hilarriak lapurtzen hasi zenean, 22 urterekin, jadanik iragarri zien lagunei noizbait aberastuko zela. Halako anbizioekin, 1975ean kokaina trafikatzen hasi zen, bere legea asmatuz: «plata o plomo» (dirua ala “beruna”); Poliziak eta beste agintariek bi aukera zituzten: haren dirua onartu eta isildu ala uko egin eta buruan tiroak jaso ordainean. Munduko pertsona aberatsenen Forbes zerrendan 17. agertu zen azkenean, nahiz eta bere aberastasunak inoiz ez ziren zenbatuak izan. Anekdotikoa da, baina badu bere grazia: hainbeste diru kudeatzen zuen, ezen hilabetean 2.500 dolar gastatzen baitzuen billete metak egiteko gomak erosteko. Erakarpenaren parte da halaber probokaziorako zeukan joera; 1981ean AEBetara kanporatua izateko arriskuan zegoenean, eta polizia guztiak atzetik zituela, semearekin argazkitan agertu zen Etxe Zuriaren aitzinean, Washingtonen. Bere ibilbidean 4.000 hildako utzi zituen.

Federico Gutierrez Medellineko auzapezak kargu hartu zion Puerto Ricoko reggaeton kantari bati joan den uztailean Loreen Feria ezagunaren ospakizun hasieran, bere kamisetaren aitzinean «I'm Cartel» eta atzean «Escobar» idatzia zeramalako. «Mundu osoak jakin dezala Pablo Escobar ez dela idolo bat», idatzi zuen biharamunean bere Twitter kontuan. Alta, Medellinen bertan idoloa da askorentzat, eta mundu osoko bisitari andana batentzat atrakzio turistiko ere bilakatu da pertsonaia. Bere inguruko «mitoak argitzea» hitzematen dute gida turistikoek, baina halere, kolonbiar batzuentzat historiari irain egitea da proposamen turistiko hori eskaintzea.

2010ean hasi ziren bi enpresa “Pablo Escobar Tour” izeneko ibilbideak proposatzen. Geroztik, narko ezagunaren urratsetan ibiltzea Medellineko eskaintza arruntenen artean kokatu da. Hil zuten etxea, bere hilobia, Napoles etxaldea edo bere anaia Roberto Escobarrek kudeatzen duen etxe-museoa dira, besteak beste, ibilbide horretako geltokiak. «Hasieratik bagenekien ezingo genituela tour horiek debekatu», erran zuen bere garaian Medellineko turismo arduraduna zen Medeleine Torresek. Botere publikoek ahal dutena egiten baitute Kolonbiaren eta kokainaren arteko harremana eten dadin, jendeen gogoan behintzat.

Narko ezagunaren memoria tour turistiko bilakatu zeneko polemika aipagai, Roberto Escobar, kokaina trafikoaren idazkari nagusia izan zen kapoaren anaiak, erlatibizatu egiten du: «Polizia nazionalak tour bat dauka Bogotan, hemengo telebista kate handienean nire anaiaz filmak egin dituzte, Napoles etxaldea politikarien esku dago orain eta hara ere nire anaiaren memoriak erakartzen du jendea». Egia baita Bogotako poliziaren museora jende gutxiago joanen litzatekeela Escobarri bi gela ez balizkio eskaini. Bisita horietan, ohikoa da bi gela horiek ikusi eta bisitariak kanpora joatea, poliziaren buruzagien erretratuei eta erakusketako beste gelei muzin eginez.

Gida turistikoek Bogotan proposatzen dituzten geldialdien artean Kongresua eta Justizia Palazioa daude, Bolivar plazan. M19 mugimenduak Justizia Palazioa hartzeko saiakera egin zuenean Escobarren eragina nolakoa izan zen aipagai dute bertan, besteak beste. DASen (Segurtasunaren Departamentu Administratiboa) egoitza gero, bere buruzagia hil nahian 1989an atentaturik handienetarikoa egin baitzuen bertan “El Patron” ezizenaz ezaguna den mafiosoak (63 hildako utzi zituen). Poliziaren museoak berak ere gela pare batean Escobarren historia oroitzen du. Polizia gazte bat izaten da gida, Estatuaren garaipena goraipatzen ahalegintzen dena. Escobarri hartutako karikatura liburu bat itxirik erakusten dute «bertan poliziaren kargudunak irainduak direlako», eta hori «ezin dezaketelako erakutsi».

Napoles etxaldea. «Estatuak garaitu du!», dio afixa handi batek Napoles etxaldean. Bogota eta Medellin artean dagoen lur eremu erraldoi horretan, garai batean narkotrafikoaren kuartel nagusia zena parke tematiko bilakatu da gaur egun, ur jokoak nagusi direla. Pablo Escobarren aberastasunaren arrastoak lurrera bota bazituzten ere, gune mitiko hori tour turistikoen ezinbesteko etapa da. Inork ez du galtzen, gainera, sarrera nagusian selfie bat egiteko parada. Sarrera berri bat eraiki bazuten ere, handik metro batzuetara zutik utzi dute lehengo sarrera, Escobarren lehen kokaina karga eraman zuen hegazkina arku gainean duela. Gobernuaren afixak dio «krimenaren nazioarteko ikur izan zena» bereganatu zuela, baina oraindik ere ikur bera izaten segitzen du. «I love Pablo» dioten kamisetak jantzirik ibiltzen da handik bat baino gehiago.

Bisitari guztiek badakite, gainera, bertan ikusgai den zoologikoa kapoak ekarri abereekin egina dela. Munduko lau bazterretatik eraman zituen 2.000 bat espezie, etxaldea bere senide eta lagunen parke pribatu bilakatuz. Abereak libre zeudenez, egoera berezia ere sortu zen haren heriotzaren ondotik, abandonatuak egon baitziren urte batzuetan, lekuko politikariek etxaldea bereganatu arte. Tarte horretan, abere batzuk lapurtuak izan ziren eta beste batzuek alde egin zuten. Horien artean hipopotamoak zeuden, eta gaur egun arazo bilakatu da Afrikako kabala arriskutsuenaren gainpopulazioa eskualde hartan. Gisa horretako anekdota erdi-irrigarriak ez dira eskas Escobarren bizia aipatzen duten giden aipamenetan.

Nazioarteko kokaina trafikoaren epizentro izan zen hegazkin pistak han segitzen du, bazter batean, ikusi nahi duenarentzat. Baina bertako bero jasangaitzari ihesi ur jokoetan dabiltzanentzat hurbilago suertatzen da museoa. Atentatuak, hilak, bahiketak eta Escobarren bestelako krimenak oroitarazten dira bertan. «Gure helburua ez da Pablo Escobarren alde heroikoa erakustea, baizik eta hemen gertatu zena ezagutaraztea, munduko beste lekuetan ez dadin errepikatu». Gobernuaren hitzak izan daitezke, museo hori aipatzeko adibidez, baina gida turistiko batenak dira, hain zuzen tour berezi horretan erranak.

Bogotan ez bezala, Medellinen dira agertzen hasten Escobarren bi alderdiak, bere alde krudela eta eskuzabaltasuna. Bere hilobia horren adibide da. Egunero hilobia zaintzera joaten den langileak ikusi izan omen ditu hobiari tu egin izan diotenak, baita narkoarentzat otoitz egiten dutenak ere. Beste batzuek, kokaina marrak hartzen omen dituzte harriaren gainean, omenaldi gisara. Leku berezian bada ere, hilobi arrunta dute berak eta bere senideek Montesacroko Baratzeak izeneko hilerrian. Handik hurbil ehorzten dituztenen senideek begirada beltzez gaitzesten dituzte goizero hurbiltzen diren turistak. Ehortzi zuten egunean aldiz, 1993ko abenduaren 2an, kanposantua bere zale histerikoz bete zen, hilkutxa irekitzeraino iritsi baitziren gorpua ukitu ahal izateko. Bere helburua gutxienez bete zuen “El Patron” edo nagusiak, 80ko hamarkadan beste narkotrafikatzaileekin batera AEBetara bidali nahi zutenean lelo hau atera baitzuten: «Nahiago dugu hilobi bat Kolonbian AEBetan zelda bat baino».

Kolonbiako «Robin Hood». Itzuli turistikoaren geldiune batzuek kapoaren alde krudela erakusten badute ere, beste batzuk, ordea, Escobarren obra sozialen erakusleihoak dira. Kolonbiako “Robin Hood” izenez ere ezaguna bilakatu da bere alderdi horrengatik. Bere anaia Robertok bortizkeria eta droga komertzioa ez ditu gehiago aipatzen, ez behintzat prentsarekin, baina Pablo Escobarrek bihotz zabala zuela anekdota anitzekin kontatu lezake. Oroitzen duen lehena, eskola garaikoa da: «Guk dirurik ez genuen, doi-doia biontzat izozki bat erosteko. Behin haur pobreago bati izozkia lurrera erori zitzaion, eta triste gelditu zelako, gurea eman zion». Gerora bide egin eta aberastu zenez, eskuzabaltasun hura eskalaz aldatu zen. Moravia auzoan, Medellineko zabor guztiak metatzen ziren gunean, zin egin zuen han bizi zen jendearentzat etxebizitza duinak eraikiko zituela eta hala egin zuen.

Pablo Escobar auzoa. Gaur egun Pablo Escobar deitzen den auzoa bere sortzaileak «Medellin txabolarik gabe» izendatu zuen, Moravian txaboletan bizi baitziren biztanle gehienak. Irene Gaviria, jende guztiak «Doña Irene» deitzen duena, auzoko lehen biztanleetarik bat izan zen, eta oroitzen du zehazki nola erran zion Escobarrek auzoko jendeari: «Hemendik pasatu nintzen, erreka bazterretik, eta zuen egoera ikusirik buruan sartu zitzaidan hemendik atera behar zintuztedala. Etxeak eginen dizkizuet, etxe onak, eta hemendik hara joateko autobusak bidaliko ditut». Handik hamabost egunera autobusak bidali zituen eta auzo berrira joan ziren. Gauerdian presaka joan ziren autobusak pertsona horien bila, Roberto Escobarrek oroitzen duenez, auzoa gobernuak bereganatu nahi zuelako: «Iritsi zen momentua etxeak eraikiak zirena, eta hor hasi zen gure familiaren kontrako pertsekuzioa, Pablo politikan hasia zelako eta herritarrei etxeak eskaintzen hasi zelako. Garai hartan lehendakaria Belisario Betancur zen, eta nire anaiak kontatzen zuenez, etxe horiek guztiak armadak hartzea agindu zuen hura garnizio militar bat bilakatzeko».

Auzoa 443 etxerekin sortu zen eta gaur egun 4.000 eraikinetik eta 16.000 biztanletik gora ditu. Wberney Zabala auzoko elkarteko buruzagiak ziurtatzen du belaunaldi berriek badakitela nori zor dioten auzoa. Gurasoen transmisioa aski ez balitz, auzoaren sarreran –hori ere selfieak egiteko gune maitatua da– mural handi batek dio «Ongi etorri Pablo Escobar auzora. Hemen bake giroa dago». Kale batzuk gorago, bere beste erretratu bat ageri da paretan. Biztanleen etxeetan sartuz gero, kapoaren argazkiak ohikoak dira saloietan. Bere presentzia hain azkarra bada, ez da soilik esker onaren ondorio, Wberney Zabalak dioenez: «‘Pablo Escobar auzora ongi etorri’ dioen murala nik margotu nuen lagun batekin, Medellineko alkate batek proposatu zuelako izenez aldatzea bertan inbertsioak egin ahal izateko. Izena aldatu? Hori gertatu aitzin murala egin genuen. Mendeku gisara, gaur egun ez daukagu ez eskolarik, ez kantxarik, ez parkerik...».

Tourretan dabiltzan turistei aholkatu ohi diete isilik egotea, edo gutxienez, Pablo Escobarren izena nolanahika ez aipatzea, anitzentzat hiriaren irudi txarrenaren isla baizik ez baita. Auzo horretan haatik, bera miresteko baizik ez da aipatzen etxeak eraiki zituena. Narkotrafikoaz edo hilketez galdetzen ahal zaie, baina ez dira auzokoak hasiko pertsonaia krudel bat margotzen. «Gauza da hark billete bat bazeukan sakelan inork ez zekiela nola lortu zuen, zergatik, eta zertarako... Zertarako bai, hau da froga, pobreak laguntzeko», dio Irene Gaviriak. Zabalak berriz, nahiago du oroitarazi gaur egun politikariek beraiek badutela «bandido» izaera: «Gaur egun politikariek dirua paradisu fiskaletan jartzen dute, horiek bai lapurrak dira, bandidoak». Escobarren defentsa urrunago ere badarama, auzoaren eraikuntza kapoaren alde «populistaren» isla baino ez dela diotenen argudioa aipatzen diotenean: «Politika jendea zerbitzatzeko artea da. Pablo Escobarrek arte hori zeukan, jendeari eskolak, kantxak, janaria, etxeak eman zizkion... Oxala denek egingo balute. Politikari benetako zentzua eman zion, hori jendea erostea bada... ez, hori jendea irabaztea da».

Wberney Zabalak uste du ibilbide turistikoetan «errealitatea kontatzen dela», alderdi horiek guztiak erakusten baitira. Roberto Escobarrek museo bilakatu duen etxean berriz, pentsa daitekeenez, bere anaiaren alde krudeletik deus ez da erakusten. Anekdotikoa da etxearen bisita, balaz zulatutako etxeko eta autoetako berinez gain, ezkutaleku pare bat, argazki andana bat eta gutxi gehiago ikus baitaiteke bertan. Hori bai, bisita garestiago ordaintzen dutenek badakite bertan Roberto Escobar ezagutuko dutela, edo gutxienez, harekin argazki bat atera ahal izanen dutela.

Azken batean, droga trafikoa utzi bazuten ere, memoriarekin komertzioa egiten du orain familiak. Roberto Escobarren museoan, dioenez, «irabaziekin hiesa duen jendea eta adinekoak laguntzeko», eta Juan Pablo Escobar semeak aldiz, polemikak pizten dituzten liburuak argitaratuz. Bere osabak dioenez, familiak ez du gorrotorik bere kontra: «Erran dituenak erran ditu, ez dakit liburuak saltzeko edo zer... ez dut herrarik bere kontra, baina ez dugu gehiago harremanik familiaz gezurrak kontatu dituelako» (besteak beste bere osaba Roberto DEAren laguntzailea zela idatzi zuen). “Popeye” ezizenez ezaguna den Jhon Jairo Velasquez Vasquez, Medellineko karteleko sikarioen burua, ezagutzeko aukera ematen duen gidarik ere bada Medellinen, baina maiz aldatzen denez etxez, ez da ohiko pakete turistikoan erraz lortzen ahal. Kolonbia bake bidean barnatu nahian dabilen honetan ere, iragan bortitzaren parte bat bisitagai da turistentzat.