Alfred Behr
akuikulturaren gorakada

Arrain merkatuaren globalizazioa

Etxean eta plateraren aurrean eseritakoan, sarri ezin dugu imajinatu parean jarritako horrek zein bidaia luzea egin duen gurera iritsi arte, arrainak kasu. Arrantza tradizionalean urtero lanpostuak galtzen dira eta, bien bitartean, haztegietatik eratorritako arrain kopuruak gora egin du; gero eta hutsagoak daude ontziak eta neurri berean ari dira akuarioak betetzen.

Asko aldatu da arrainaren merkatua azken urteotan eta are gehiago eraldatuko dela diote aurreikuspenek. Arrantza tradizionalean jardun duten langileak kostatik urrundu behar izan dira arrain espezie asko harrapatzeko, bakailaoa edota hegaluzea kasu. Egun arrainak bidaiatu egiten du, baina haztegitik haztegira.

Hainbat entsaladatan edota bestelako jakiekin nahastuta kontsumitzen dugun izokin ketua adibide garbia da. Izokin arrautzek Norvegian dute jatorria, Eskozian hazten dira, Polonian ketzen dituzte eta xerratu, berriz, Txinan egiten da. Gauza bera gertatzen da beste arrain batzuekin eta, hori horrela, posible da klik bakar batzuetan Txinako Qingdao portutik bidalitako Norvegiako berdela Alibaba webgunean erosi eta gure etxean jasotzea.

Txinak eta hozkailudun zamaontzi handiek zeresan handia dute arrain merkatuaren mundu mailako industrializazio prozesu honetan. Itsas produktuen esportatzaile nagusia da herrialdea, baina, horretaz gain, haztegiko arrainaren produktore nagusia da eta inportatzaileen artean ere punta-puntan dago, besteak beste, arraina eraldatzen aritzen direlako. «Arrain asko inportatzen da xerratu eta saltzeko soilik. Hura ebakitzeko, arrainaren tenperatura igotzen da, baina apenas desizoztu gabe lortzen da prozesu hau gauzatzea», aipatu du Europatik arraina inportatzen eta esportatzen duen sindikatuko kideetako batek, bere izena eman gabe. «Arraina kantitate handietan saltzen da batez ere –gaineratu du– eta, hori dela-eta, haren prezioa asko murriztea lortzen da, merkatuan erakargarri eginez».

«Kostu soziala eta ingurumenekoa, handia». Akuikultura industrialaren kontrako Aliantza Globalaren zuzendari Don Stainfordek ezin du gertatzen ari denaren aurrean haserrea ezkutatu: «Eskoziak Norvegiatik eramaten ditu arrain arrautzak eta Txiletik izokinak elikatzeko jana, merkeagoa delako; jendea ez da konturatzen izokin merkea erosteak zein kostu handia duen, bai ikuspegi sozialetik eta bai ingurumen aldetik».

Izokinaren prezioa dena baino merkeagoa ez bada, arrainek haztegietan izaten dituzten gaixotasunengatik da. Sarri ekoizleek arrain ugari akabatu behar izaten dute antibiotikoekin aurre egiterik ez dagoen gaixotasun edota parasitoren bat dutelako; eta hori dela-eta prezioak gora egiten du. Esaterako, iaz Txilen mikroalga batek kaltetuta arrain ugari hil zen, aurreikusitako produkzioa %30 jaitsiz.

Halako arazoak izan badiren arren, akuikulturaren sektoreak oraindik ere hazkuntza gaitasun handia du. Datuak eskaini ditu Allied Market Research AEBetako kabineteak. Eskainitako datuen arabera, akuikulturaren merkatua 242 mila milioi dolarrekoa izango da 2022. urtean; 2015ean, aldiz, 169 mila milioi dolarrekoa izan zen.

OCDEk eta Munduko Bankuak ere zentzu bereko iragarpenak egin dituzte; izan ere, 2030. urterako gure plateretan izango ditugun «itsas» produktuen bi herenak haztegietan hazitakoak izango dira euren esanetan, akuikulturaren «produkzio ahalmena sekulako abiaduran handitzen» ari delako.

FAO erakundeak zabaldutako txosten baten arabera, gehien merkaturatzen diren akuikultura produktuak, otarrainxkak, izkirak, izokina eta moluskuak dira, baina asko hazi da halaber, txelbaren, lupiaren eta Afrikan jatorria duen tilapiaren ekoizpena ere.

Hazitakoa arrantzatutakoa baino gehiago. 2014a urte berezia izan zen alor honetan. Urte horretan herritarrek lehenengoz itsasoan edota erreketan arrantzatutako arrain basatia baino haztegietako arrain gehiago kontsumitu zuten. Enpleguari dagokionez, eskura dauden datuen arabera, 56,6 milioi pertsonek egiten dute lan arrantza edota akuikultura arloan. Batean edo bestean aritzen diren pertsonen portzentajea, ordea, asko aldatu da azken urteetan; itsasoan aritzen direnen kopuruak behera egin du eta akuikulturan jarduten dutenenak gora.

Profesionalentzat nahiz ingurumenaren defentsan aritzen diren pertsonentzat gehiegizko arrantza industriala dago fenomeno honen atzean; izan ere, arrain basatiaren eskasiak akuikultura arloan aritzen diren multinazionalen kopurua handitu du. Gainera, sektorean bertan eraldaketa handia ari da gertatzen, enpresen salerosketa eta kontzentrazioa gero eta handiagoa delako. Hala baieztatu du itsasoaren ekonomian aditu den Greenpeaceko kide François Chartierrek eta nabarmendu du, esaterako, Estatu frantsesean atunaren arrantzan espezializatutako hiru armadore nagusietako bi holandar enpresa batek erosi dituela orain gutxi. Arrain produktuen eraldaketan jarduten duten enpresen artean ere gauza bera gertatzen ari da.