Olivier Morin
marka guztiak hautsi dituen emakumea

izotz azpiko itsaslamina

Txikitan lehoi hezitzailea izan nahi zuen, baina azkenean Johanna Nordblad igerilari eta urpekari bikaina bihurtu da, bainujantzi soil batekin izotzaren azpian eta gradu bakarreko tenperatura duten uretan murgiltzeko gai dena. Munduko marka guztiak hautsi ditu, eta, aitortu duenez, bere mugak zeintzuk diren jakiteko aritzen da besteak ikaratzen dituzten eremuetan. Izotz azpian igeri egitea txundigarria bezain beldurgarria omen da, baina berak zinez maite du egiten duena.

Arnasa hartzeko gailuen laguntzarik gabe eta soinean bainujantzia baino ez duela, ur izoztuen azpian 50 metro igerian egiteko gai izan den lehen emakumea da Johanna Nordblad. Ogibidez diseinatzailea den finlandiar honek 2015eko martxoaren 14an munduko markarik onena erdietsi zuen Asikkala (Finlandia) herriko Paijanne lakuan. Egun horretan, 30 zentimetroko lodiera zuen izotzean egindako bi zulo 55 segundoan lotu zituen, ura izozteko puntuan zegoela eta ia argirik gabe. Sekulako balentria.

«Neure burua etengabe frogatzea gustatzen zait. Duela hamar bat urte esan balidate izotzaren azpian igerian egingo nuela, ‘inolaz ere!’ erantzungo nukeen», adierazi dio 41 urteko emakume honek AFP agentziari. «Nire mugak non dauden jakin nahi dut. Neure buruari zerbait ezinezkoa dela esan eta behin egiten dudanean, ez zait horren zaila iruditzen», gaineratu du.

Johanna Nordbladek 25 urte zituen lehen aldiz apnea estiloan (arnasa hartzeko laguntzarik gabe) aritu zenean. Lau urte geroago igerilari eta urpekari handi honek munduko errekorra ezarri zuen hegalekin urpean igerian: 158 metro. Gai da sei minutuz arnasarik hartu gabe egoteko, eta ibilbide ikusgarria egin zezakeen apnea estiloan bakarrik arituz. Alabaina 2010ean izandako bizikleta istripu larri batek beste bizitza bat eta beste bide batzuk ireki zizkion. Hanka bateko hezurra erabat suntsituta zuela, ur izoztuak bakarrik leuntzen zuen bere mina. «Pixkanaka-pixkanaka ohitzen joan nintzen. Bi hilabetera bi hankak sartu nituen ur hotzetan. Gero, osorik sartu nintzen», azaldu du.

Entrenamenduaren garrantzia. Marka guztiak hausteko bidean dagoen emakumeak badaki berak egiten duena ez dela ohikoa, baina berarentzat ez da ezer berezia, eta entrenamenduaren laguntzaz bere gorputza kontrolatzen ikasi du. «Jendeak uste du ur hotzetan sartuz gero ikaratu egingo litzatekeela, horregatik liluratu egiten dira ni hain lasai ikustean», aipatu du Nordbladek. Esaten duenez, egiten duena «aldi berean txundigarria eta beldurgarria da, hor zure beldurrak kudeatu behar baitituzu». «Nik urpean igeri egitea maite dut, zoriontsu egiten nau», nabarmendu du. Laster, Finlandiako apnea txapelketan parte hartuko du, eta heldu den urtean ur hotzetako bere marka hobetzen saiatuko da. Aurrerago, Stig Avall Severinsen danimarkarraren errekorra hausten saiatuko da; bera 76,2 metrora jaitsi zen izotz azpian, arnasa hartzeko gailurik gabe betiere.

Helsinkin bizi da Nordblad, ordenagailuek txoratzen duten 15 urteko bere seme Kasperrekin, eta egunak entrenatzen, lanean eta Elina ahizparekin batera dituen beste zenbait egitasmo aurrera ateratzen ematen ditu. «Beste pertsonak bezalakoxea naiz, nahiz eta badakidan gainontzekoek ez dituztela nik egiten ditudan gauzak egiten. Baina lan egiten dut, lo egiten dut, jan egiten dut eta besteak bezala nire bizitzaz arduratzen naiz», adierazi du.