Laura Bonilla
MUNDUARI BEGIRADA

Dantza egitea debekatuta dago New Yorken

Dantza egitea debekatua dago». Gezurra dirudien arren, ia mende bat duen lege batek taberna eta diskoteketan dantza egitea debekatua du New York hirian. 1926an onartu zen, hain justu ere, itxitako guneetan dantza egin ahal izateko baimen bat lortu behar zela agintzen zuen udal araua. Hura lortzeko baldintzak hain dira gogorrak, eskuratzea ia ezinezkoa dela –New York hirian 22.000 taberna, jatetxe eta diskoteka daude eta 100ek baino ez dute–. Baina hura ez duenak isuna jasotzeko edo, are eta okerragoa dena, denboraldi batean alkohola saltzeko baimenik gabe geratzeko arriskua du.

«Soinua zigortu dezakegu, krimena, seguruak ez diren baldintzak egotea, baina ez dantzatzea. Barregarria da», dio Brooklyngo zinegotzi Rafael Espinalek. 27 urteko politikariak legea baliogabetzeko eta ordezko bat osatzeko proposamena egin du. Agian, datorren hilabetean bertan ikusiko du, gainera, argia arau berriak.

Zinegotzi honek eta Dantzaren Liberalizaziorako Sarea bezalako taldeek salatu dute legea gutxiengo taldeak batzen ziren tabernak ixteko erabili izan dela historikoki.

Izan ere, bere hastapenean, “Cabaret Lege” gisa ere ezaguna den araua “Debeku garaian” alkoholaren kontsumo ilegala mugatzeko onartu zen, baina historialarien ustetan, benetako helburua 1930, 1940 eta 1950eko hamarkadetan Harlemeko jazz tabernak ixtea zen, zuriak eta beltzak nahas ez zitezen. 70 eta 80ko hamarkadetan bere eskubide zibilen alde borroka egiten zuen LGTB komunitatearen tabernak ixteko baliatu zen. 90eko hamarkadan, berriz, Rudi Giuliani alkateak gauetako bizitza zaratatsua kontrolatzeko erabili zuen, New York “garbitzeko” bere ahaleginean. Gaur egun, ez da sarri erabiltzen, baina legearen aurka daudenen ustetan, gustukoak ez diren aretoak ixteko aitzakia gisa erabiltzen da oraindik ere.

Legeak kaltetuetako bat Andrew Muchmore da. Abokatu honek taberna du Williamsburgen, Brooklyngo modako auzoan, eta urteak daramatza auzitegietan borrokan araua konstituzioaren aurkakoa dela aitortzeko. 2013ko gau batean hogei bezerok zarata egin zuten tabernaren kanpoko aldean eta ikuskatzaile batek 200 dolarreko isuna jarri zion, “Kabaret legea” baliatuta. Ordaintzeko asmotan udaletxera joan zenean, isuna baliogabetua zegoen, baina, hala ere, arauaren kontra egitea erabaki zuen, bere esanetan, adierazpen askatasuna mugatzen duelako. «Estatubatuar gisa nire sentsibilitatea mindu zuen XXI. mendean halako lege bat izateak», ohartarazi du.

Gaueko bizitza arriskuan. Legeak eta honekin batera alokairuen prezioen igoerak eta enpresari txikiak itotzen dituen gehiegizko burokraziak asko kaltetu du New Yorkeko gaueko bizitza. Hala uste du hiriko alkate Bill de Blasiok ere. «Deigarria da; bost negozio txikitik batek ateak itxi ditu azken 20 urteetan eta arrazoietako bat arau eta muga guztiak gainditzeko dagoen zailtasuna da», azaldu zuen. Hitzok “Gaueko alkate” gisa bataiatu duten karguaren aurkezpenean egin zituen. Hura izango da aurrerantzean tabernak, herritarrak eta hiriaren arteko harremanetan bitarteko lanak egingo dituena.

Muchmore baikorra da legearen amaiera dela eta: «Hiriak ez badu laster araua indargabetzen, justiziak konstituzioaren aurkako joko du», nabarmendu du.