Jon GARMENDIA
BIARRITZEKO BIG FESTIVAL

CHEMICHAL BROTHERS ETA PHARREL WILLIAMS DISTIRATSU

JENDETZA BILDU ZEN AGILERAN PHARREL WILLIAMS ESTATUBATUARRAK ERAKARRITA, BAINA GAUEKO IZARRAK CHEMICHAL BROTHERS IZAN ZIREN, PUBLIKOA DANTZAN EZARRI ETA GOZARAZIAZ. BIG FESTIVAL HELDU DEN URTE ARTE AGURTU DA PROPOSATUTAKO HIRU AGERTOKIETAN ARRAKASTA BILDUTA.

Zestoarrak dira Rural Zombies eta Biarritzen bildutako jendetzaren artean nehor gutik ezagutzen du Gipuzkoako herri tipi hori, are, ez eta musika taldea ere, baina larunbatean Agileran Juliaren ahotsak bat baino gehiago bildu zuen xarma pean, eta nekez ahantziko du taldearen izena. Gozagarri izan ziren, nahiz eta kontzertua labur, laburregia izan. Luken eta Manuren gitarrek, edo Marcosen baxuak nola Aratzen bateriak esperimentazioaren bidetik doazen doinuekin momentu gozo bat pasarazi zieten zuzeneko musikaren desiraz bildu zirenei. Apika betikoa, halako talde on bat ezin da jaialdiko lehena izan, geroago taularatu ziren bi taldeek ez baitzuten halako jaialdi erraldoi batean aritzeko maila erakutsi, edo behintzat ez zuten publikoa berotzea lortu, Rural Zombies taldeak bai.

Anitz espero zen Pariseko Feu! Chatterton boskotearen eskutik, baina hitzen aldetik kantu ederrak badituzte ere zuzenekoan nahiko aspergarri bilakatzen da haien post-elektronika proposamena. Thomas Chatterton poeta ingelesaren omenezko izena dute eta antzematen zaie hitzetan, baina surik ez zuten piztu «feu» horri omen egiteko. Antzerakoa gertatu zen Casseurs Flowters taldearekin, telebista frantseseko zenbait kateetan ezagun egin dira bi rapero hauen kantuak baina zuzenekoan ez zuten distirarik agertu.

 

Pharrel bikain, Chemichal bikainago

Pharrel Williams marketin hutsa dela eta ukitzen duen guztia urre bilakatzen duela nahinork erraten du azkenaldian, baina ezin zaio talentua kendu, ez eta publikoarekin konektatzeko daukan gaitasuna ere. Agilera dantzan ezarri zuen Virginiako ekoizleak, eta bere lehen oren erdia zuzeneko batek zer izan behar duen zehazteko argibidea da. Han jo zituen kantari gisa ezagun bilakatu duten “Happy”, “Frontin” eta “Hunter” ezagunak, eta publikoari eskatzen ziona ematen jakin zuen. “Freedom” kantu eder batekin bukatu zuen emankizuna, jendearen oihu eta txalo artean.

Chemichal Brothers izan zen gauari amaiera eman eta Agilerako kontzertuak ixteko talde hautatua, eta sekulakoa izan zela erranda motz geratuko ginateke. Milaka zale haien zain, eta eskatzen zitzaiena ematen asmatu zuten haiek ere, aitzineko egunean The Prodigyk egin bezala. Abesti zahar anitz, elkarrekin kateatuak gainera, “Do it Again/ Get Yourself High/ Direct Buki”, edo ”Escape Velocity/ The Golden Path”. Itzelak.