GARA
BILBO

Carlos Garaicoaren «Hiriko epifaniak» erakusketa hartuko du Alondegiak

Bilboko Alondegiak Carlos Garaicoaren «Hiriko epifaniak» erakusketa hartuko du gaurtik maiatzaren 14ra bitartean. Artista kubatarra Latinoamerikako sortzaile ezagunenetakoa da eta hau izango da Bilbon bakarkako erakusketa bat aurkezten duen lehen aldia. Bertan, hiru instalazio jarriko ditu, horietako bat Alondegiak ekoitzia. Bestalde, truke programa baten ostean Taxio Ardanaz iruindarrak eta Leandro Fealek osatu duten erakusketa ere ikusgai dago.

“Hiriko epifaniak” izena eman dio Carlos Garaicoak Bilbon ikusgai jarriko duen bakarkako lehen erakusketari. Artista kubatarra Latinoamerikako sortzaile ezagunenetakoa da eta, Alondegitik (Azkuna Zentroa) azaldu dutenez, erakusketarekin «herriaren deia bueltatu nahi dio kaleari, objektu berezi batzuen eta hausnartzeko espazioen bidez, hurbiltze poetikoago bat proposatuz hiriari». Hala, hiru instalazio proposatzen dizkio bisitariari: “Fin de silencio” (“Isiltasunaren amaiera”), “Alcantarillas” (“Estoldak”) eta “Partitura”, azken hau Alondegiaren laguntzaz ekoitzia eta orain artean inon erakutsi gabea.

Lehen instalazioan atseden eta hausnarketa egiteko leku bat proposatzen du Garaicoak eta, horretarako, 50eko hamarkadako Habanan zeuden saltokietako idazkunak poetikoki erreproduzitzen dituzten formatu handiko tapizak ekarri ditu Bilbora. Obrak «deriba poetiko eta existentziala» irudikatu nahi du eta Habanako kaleetan hartutako argazkien eta bertan grabatutako bi bideoren bidez, «kaleetako bizi bizkorra» erakusten du. «Ozta-ozta ikusten da oinezkoen ibilera, soseguz dabiltzan hankak edo presaka lasterkan dabiltzanak. Hiriaren etengabeko jarioaren ikuspegia da, eta, saminki gogoan izanik, gure pausoen helburu diren leku horien metafora da», azaldu dute Alondegitik.

Bigarrena, “Estoldak”, Madrilen eta Bilbon aurkitutako estoldekin osatutako instalazioa da. Artistak iruzkin ironikoekin eta politizatuekin esku hartu du bertan, «botere faktikoen aurpegian emandako kolpe gisa proposatzen diren iruzkinekin».

Alondegiak ekoitzitako instalazioa, “Partitura”, musika konposizio bat da: Bilbo eta Madrileko kale musikarien sonoritate desberdinetatik abiatuta «partitura berri bat idazten du, gaur egungo hiriaren erretratu bat».

Taxio Ardanaz eta Leandro Feal

Garaicoaren proposamenez gainera, Alondegian ere ikusgai daude jada Taxio Ardanaz iruindarraren eta Leandro Feal habanarraren lanak. Bi artistek Alondegiaren eta Habanako Carlos Garaicoaren estudioko “Artista x Artista” truke programan hartu dute parte.

“Nadie lo sabe todo” izendatu duten erakusketaren barnean aurkezten dira bien proposamenak. Fealek gaur egungo Kubarengan dagoen lilura mediatikoa aztertzen du barrutik kanpora egiten den herrialdearen gaineko begirada batekin eta estetika sobietarrak ere erabiltzen ditu. Habanarrak tamaina ezberdinetako argazkiak darabiltza lilura hori irudikatzeko.

Bere aldetik, sortzaile nafarrak Kubaren historian iraultzak izan duen eragina aztertu nahi izan du eta ikus-entzunezkoez eta elementu piktorikoez osatutako erakusketa osatu du.

Azkenik, Alondegitik zehaztu dute “Artista x Artista” programarako deialdi berria irekia dagoela jada: interesa duten sortzaileek martxoaren 1era arte dute izena emateko (www.azkunazentroa.eus) eta hautatua den euskal artista apirilaren 20tik ekainaren 1era Habanan egongo da, bere proposamena garatu eta osatzeko.