Ariane KAMIO
DONOSTIA

Zoriontasunaren arazoak

Bi gizonen arteko bikote harreman batetik abiatu da Juanjo Olasagarre «Poz aldrebesa» nobela berrienean, nahiz eleberria ez izan geruza bakarrekoa. Aitzitik, homosexualitatearen erpinetik zabaltzen doa idazle arbizuarraren kontakizuna, fideltasuna, gaixotasuna eta identitatearen gisako gaietaraino sakonduz. Kausalitate partikular batetik –19 urteko harremana biltzen du ale mardulean– unibertsaltasunerako bidearen trazua egiten saiatu da.

«Beti izan ditut arazoak zoriontasunarekin. Lagun bat prednisona –kortisona– hartzen aritu zen eta botikaren argibide orrian aurkitu nuen izenburua». Nobelaren atarian, honela dio: «Prednisonak albo kalteak eragin ditzake: buruko mina, zorabioak, nortasun aldaketak, zoriontasun ezegokia..». “Poz aldrebesa”-k (Susa) Axi Iminizaldu eta Joseba Aldazen arteko harremanean du oinarri nagusia. ETBko kazetaria da bata, Boletin Ofizialaren itzultzailea bestea. Bilbotarra lehenengoa, iruindarra bigarrena. 1992ra eraman du nobelaren hasiera, Artxandara, zehatzago. «Azken hiru egunetatik hona Euskal Herriko satirorik handiena bilakatu naiz ‘Ur handitan’ saioan cruisingari buruz hitz egiten atera naizenetik», esan zuen idazleak. Maitasunaren Kurba deritzonean, Artxandako San Andres gainean, ligatzeko gune batean abiatu du beraz eleberria, momentuan ezagututako pertsonekin sexu harremanak izateko praktika baita, hain zuzen, cruisinga. Ez du, ordea, gay-en inguruko nobela bat osatu, estereotipo eta estetika batzuetatik ihes egin baitu idazlan honetan. «Bada gay liburu bat, baina ez da gay liburu bat. Adibidez, ‘Martutene’ Madrilen aurkeztu eta vascoei buruzko liburua dela esango balute, irakurketa eskasa dela pentsatuko genuke. Liburu honekin gauza bera gertatzen da».

Hemeretzi urte daramatzate bikote izaten Axik eta Josebak, eta sexu gutxiko bolada bat pasatzen ari dira. «Ohartarazi behar dut sexu gutxiko liburua dela. Badaude ondo zehaztutako eszena batzuk, baina ez da ohiko gay liburuetan bezala osagai nagusia». Fideltasunaren eta leialtasunaren artean diferentzia egiten badaki bikoteak, baina egia esatearen eta egia ezkutatzearen artean dagoen tarte txikia amildegi bilaka daiteke une kritiko batean.

«Defendatzen dut nobela errealitatea argitzeko», aipatu du idazleak, eta bide horretan, norabide biko ariketa egin du. Pertsonaien barrutik kanporako joana, eta kanpotik barrurako etorria. Eta identitatearen gaiak edo eraikuntzak pisua hartzen du ibilbide horretan. Homosexualitatearen erpin batera gerturatu da Olasagarre, baina proiekzioa ez da lokala, aitzitik, unibertsaltasuneraino eraman du nobelako argia. Eta auzi horretan Pablo Vidarteren “Etica marica” lanari egin dio gorazarre, «non planteatzen duen ‘marika’ batek nola ikusten duen mundua».

Estetika behartua

«Nobela kalitatezkoa dela esaten dugunean, horren azpian badago estetika jakin bat, eta kasu honetan beste estetika bat behartzen saiatu naiz», nabarmendu du. Homosexualitateari buruzko eleberri batez harago, sexu aukera hori gainditu du. Eta bere egin ditu literaturan femeninotzat hartu izan diren gaiak. «Zaintza, maitasuna, gaixotasuna, sentimenduak interesatzen zaizkit, batez ere pertsonaiek duten mundu ikuskera horretan sakontzen dutelako», esan du.

“Poz aldrebesa” eleberri soziala dela esan daiteke. Bigarren mailako pertsonaia asko erantsi ditu 400 orrialde baino gehiagotara luzatu den narrazioan, presentzia handia dutenak eta kontakizuna osatzen dutenak. Eta pertsonaia periferikoak ere txertatu ditu. Tartean, iragana eta oraina nahasten dituen flashak. «Badago mundua desberdinetik aldatzeko gogoeta bat». Liburuaren aurkezpen pare bat egingo ditu datozen asteetan Olasagarrek. Lehenengo zita apirilaren 8an Iruñean, bigarrena, hilabete bereko 29an, Bilbon.