Amalur ARTOLA
BILBO

Errepikatzen diren «Odiseak»

36ko gerra eta egungo Siria; elkarrengandik urrun bezain gertu dauden bi errealitate. Bi historia ezberdin antzeko bi bizipen izan daitezkeela erakutsiko du «Odiseak 1937-2017» ikuskizunaren bidez Maskarada konpainiak. Oholtza gainean, Carlos Panerak idatzitako obrak lagun izango ditu Jatorki eta Soinu koruak, baita Miren Agur Meabek idatzi eta Rafa Ruedak musikatutako abestiak ere. Ikuskizunerako propio sortuak. Estreinaldia gaur, Bilboko Alondegian.

Errefuxiatuen egoeraz kontzientzia hartzeko «zerbait» egin nahi zuen Carlos Panerak. Bizitzea tokatu zaien egoera edonori irits dakiokeela agertu; gure historia hurbilean halakorik bizi izan zuenik ere badela gogora ekarri. Eta 36ko gerra etorri zitzaion gogora: «Hor hainbat gauza dago, baina badago umeena ere, nola irten ziren Santurtzitik ‘La Habana’ izeneko ontzi hartan... nolabaiteko paralelismo bat bazegoela iruditu zitzaidan», azaldu du. Panerak idatzi eta zuzendu du gaur Bilboko Alondegian oholtzaratuko den “Odisea 1937-2017” antzerki-obra. Euskararako egokitzapena, berriz, Miren Agur Meabe idazleak egin du.

Gaur, Azkuna Zentroak eta Loraldiak babestuta, Gutun Zuria jaialdiaren atariko gisa estreinatuko da Maskaradaren obra hau eta, bertan, bi pertsonaiaren bizipenak uztartuko dituzte: Nasir eta Eli. Lehena, Siria inguruan denda txiki bat duen gaztea da eta, gerrak harrapatuta, bando ezberdinetakoen presioak jaso eta familia hartuta bere herrialdetik ihes egiteko beharrean ikusiko du bere burua. Lau gutunen bidez, ihesaldiaren, bidaiaren eta egun bizi duen egoeraren berri emango dio publikoari. Elik, aldiz, 1937ko Bilboko bonbardaketetara eramango ditu ikusleak eta aitari idatzitako lau gutunen bidez bere bizipenen berri emango die.

Kontakizun hau eraikitzeko, Euskal Herritik atera eta Errusiaraino eraman zituzten haurren bizipenak izan ditu oinarri Panerak: «Errusiara joan ziren haurrak oso egoera larrian bizi izan ziren. Alemaniarren sarrerarekin, ume horiek Leningradeko etxean batu zituzten, eta setioa sufritu behar izan zuten. Bertatik zenbait pertsona eta batez ere haurrak ateratzeko laku izoztu baten gainean sistema berezi bat asmatu behar izan zuten, gerora Bizitzaren Bidea izendatuko zena, eta han haur euskaldunak ere egon ziren. Bigarren gerra etorri zen gero, diktadura... eta bizirik jarraitu zutenek ez zuten sorterrira bueltatzeko aukerarik izan», ekarri du gogora Panerak.

Lankidetza

Antzerki-obra honen bidez, bi istorio horiek taularatu eta begia egoeren paralelismoan jarri nahi izan du Maskaradak, eta horretarako, lagun izan dituzte CEAR-Euskadi eta Ongi Etorri Errefuxiatuak-eko hainbat kide. «Hainbat testigantza jaso ditugu, istorio hunkigarriak asko, baina baita arruntak ere, edozein pertsonak konta diezazkizukeenak», ziurtatu du Panerak. Zentzu horretan, Maskaradak oholtzaratuko duen ikuskizunak dramatik dezente badu ere, une gozoak ere izango dituela nabarmendu du Panerak. «Oinarria drama bada ere, eszena laburrak daude, flash modukoak, eta konbinazio asko egiten dira musikarekin eta ikus-entzunezkoekin».

Hala, obra funtsean antzerki muntaia bat bada ere, bestelako diziplinek ere izango dutela lekurik nabarmendu du. Musikaren alorrean, Miren Agur Meabek idatzi eta Rafa Ruedak musikatutako abestiak, ikuskizunerako propio sortuak, entzun ahalko dira oholtza gainean. Bilboko Jatorki korua eta Algortako Soinu haur-korua ere igoko dira agertokira, orotara 50 pertsonatik gora. Eta antzezleak, aldiz, profesionalak eta amateurrak dira eta paper nagusiak Aitor Fernandinok, Chema Trujillok eta Maria Lopez Romanek jokatuko dituzte.

Ikus-entzunezkoa, aldiz, guztiz dokumentala izango da. «Irudi errealak dira. Badaude argazki ezagunak, Caparenak adibidez, baita Leningradeko setioarenak ere...», zehaztu du.

Guztiarekin, ikusleak bi errealitateen arteko paralelismoez jabetu eta errefuxiatuen egoeraz kontzientzia hartzea da Maskaradak erdietsi nahi lukeena.