Haritz LARRAÑAGA
ZARAUTZ
Surf

Ikuskizun bikaina Zarautzen Zubizarreta eta Henrique nagusi

Olatu onak, giro ederra eta maila handiko surfa izanziren protagonistak atzo amaitu zen Zarautz Pro QS txapelketan. Gony Zubizarreta galiziarrak eta Carol Henrique portugaldarrak txapela irabazi eta ranking europarreko lehen postuetara igotzea lortu dute.

Gony Zubizarreta eta Carol Couzinet izan ziren Zarautz Pro 2017ko txapeldunak. Eguzkiak eta olatuak lagun izan ziren txapelketako azken egunean, ikuskizuna itsasoan izan zen, baina emaitzek sortutako ezustekoek eztabaida lehorrera desbideratu zuten. Epaileen erabakiek sortzen dituzten ohiko ika-mikez harago ordea, «balantze positiboa» egin zuen Oier Ilarramendi lehiaketa zuzendariak.

Etxekoei puntu bat gehiago

Bada idatzi gabeko arau bat surf txapelketetan epaitzerako orduan kontuan hartu behar dena. Epaile ikastaroak egiterakoan ere horrela irakasten dute, «bertakoei puntu bat gehiago eman dakieke». Bitxia badirudi ere, irizpide ezaguna da eta surflari zein epaileen artean onartua ere badela dirudi. Kontua da, nor den «bertako surflaria».

Mutilen finalean, puntuazioak ikusita, argi utzi zuten epaileen begietara «bertakoa» nor zen. Egun Portugalen bizi den Gony Zubizarreta galiziarra, aurkari izan zuen Jorgan Couzinet Landetako surflaria baino askoz ere urrunago jaio, hezi eta bizi da, baina zarauztarrek bertakotzat dute.

Finala hasi eta gutxira, frantsesak apar bat hartu zuen puntan, ia gogorik gabe edo nahi gabean hartu izan balu bezala, baina zutik jarri, olatuaren gainaldera sekulako abiadan igo eta bizkarkako bira bortitz bat egin zuen. Olatua bitan erdibitu, ariketak egiten jarraitu eta aireko reverse batekin amaitu zuen. Ikusleen artean «nor da hori» esaldia entzuten zen han eta hemen. 7'5 puntu jaso zituen.

Lehen olatu indartsua izaki, aurrerantzean alderaketa egiteko «erreferentzia olatua» izan zen. Minutu gutxiren buruan, beste olatu bat hartu eta bigarren bira batean, berriz ere olatua bitan ebaki zuen frantsesak. Aurrekoa baino olatu ahulagoa izan zen eta 7 puntu jaso zituen.

Galiziarrak oraindik asmatu ezinean jarraitzen zuen, baina halako batean behar zuen olatua hartu eta hasieratik amaiera arte, olatua maisuki marraztu zuen. Ez zuen olatua birrintzea lortu, hala ere 8'9 puntu jaso zituen. Hortik aurrera bere aurkariak «paso» egiten zuela zirudien, ez zuen olatu onik hartzen eta olatuak ganora gabe surfeatzen zituen.

Beste olatu batean, Gonyk 7'6 puntu jaso zituen bizkarkako bi bira eginda eta ikusleen artean eztabaidak sortu ziren; izan ere, frantsesak bizkarkako bira bortitz batekin hasi eta itzuli osoa egiten amaitu zuen lehen olatua baino gehiago eman zioten galiziarrari.

Gonyk irabazi zuen, zarauztar talde bat zoriontzera itsasoratu eta sorbalda gainean eraman zuten hondartzan gora. Ikusleek ordea, itsasora begira jarraitzen zuten, finala amaituta egon arren, Couzinetek olatu bat hartu eta espektakulua ematen jarraitzen baitzuen. Uretatik atera zenean sekulako txalo zaparrada jaso zuen.

Lehia gordina nesken artean

Nesken finala oraindik ez zen hasi, klaxon hotsa entzun eta eskumuturreko kronometroa sakatzeko zain behar lukete lehiakideek, baina urautsian jada lehiaketa hasi zen. Maud Le Car, 25 urteko surflaria, bere talentua erakusteko ahalik eta olatu onenak hartzeko asmoarekin itsasoratu zen, baina Carol Henrique 21 urteko surflari portugaldarrak bere eremua markatu eta aurkaria kikildu nahi zuen. Eta lortu zuen.

Capbretoneko surflariak ez zuen olatu on bat bera ere hartu. Tamaina erdiko olatu narrasak hautatu zituen frantsesak, eta ongi ibili bazen ere, nabarmena zen halako olatuekin ez zuela zereginik. Portugaldarrak ostera, olatu handi eta luzeenak hartu eta, puntuazio altuak lortu zituen. Txanda amaitzean ez zuen inor sorbalda gainean eramateko, baina ongi merezitako txaloak jaso zituen aldageletara bidean zihoanean.

Bigarren postuan geratu zen Maud Le Car ere txalotu zuten ikusleek, eta beranduago berriz ere gogoz txalokatu zuten ikusleek, sari banaketan, ikusle eta antolatzaileak, «milesker» batekin, euskaraz eskertu zituenean.

Europako rankinga

Zarauzkoa bigarren mailako munduko txapelketa bat izan arren, batez ere, Europako rankingerako baliagarria den lehiaketa bat da. Ez du axola mundu mailako rankingerako zenbat puntuko txapelketa den, Europako rankingerako guztiek berdin balio baitute.

Hortaz, puntu aldetik apala izan arren (1.500 puntu), Europako rankingerako txapelketa garrantzitsua da Zarauzkoa. Gony Zubizarretak, esaterako, garaipen honi esker ranking europarrean lehen postua eskuratu du, eta modu berean, gure kostaldeko beste lehiakide askorentzat ere lagungarria izan da.

Honi buruzko guztia: Surf