GARA
BILBO

Etxez etxeko laguntza zerbitzuaren aldeko martxa, Santurtzitik

Arreta sozioasistentzialaren arloan kalitatezko etxez etxeko laguntza zerbitzua aldarrikatzeko martxa egingo dute Santurtzitik Bilbora LAB, UGT eta USO sindikatuek maiatzaren 13an. «Azken sei urteotan, udalek eskainitako ordu kopurua gero eta urriagoa izaten ari da. Ordu gutxitze hori, udal batzuetan, zerbitzuaren orduen %30 jaistera ere heldu da», azaldu zuten deialdian.

Egoera horrek ondorio negatiboak izan ditu eskainitako arretaren kalitatean eta lan baldintzetan. Sindikatuen esanetan, gero eta handiagoa den kolektibo bati babesa murrizten ari zaio. Langileak ere jasaten ari dira murrizketak. «Aldi baterako kontratuak dituzten langileak masiboki kaleratuak izan dira», aipatu zuten. Gainera, kontratuetan agertzen diren orduak ez zaizkiela bermatzen salatzen dute langileek.

Lan baldintzak okertu egin direla diote eta euren eroste ahalmena %3 murriztu dela. Hau guztia konpontzeko duela 14 hilabete hitzarmen kolektiboaren mahai negoziatzailea ireki zuten.