Maider IANTZI

Isidoro Fagoaga, Gernika txikitu zutenean mututu zen tenore handia

Atzo 80 urte, bonbek Gernikan burrunba eta jarraian isiltasun lazgarria zabaldu zutenean, mututu zen Isidoro Fagoaga Larratxe tenore beratarra ere. Italiako antzoki inportanteenetan, puntaren puntan zebilenean, kantua betiko uztea erabaki zuen.

Beratarrak kultur etxean elkartu dira, musika eskolari izena eman dion arren, apenas ezagutzen duten Isidoro Fagoaga Larratxe herrikidearen altxorraren kutxa zabaltzeko. Gustura daude familiakoak: Mari Jose, Leonor, Teresa, Begoña... Hunkituta, Udalaren babesarekin proiektua sustatu duen Isidororen Lagunak herritar taldekoak. Ikastetxeetako ikasleek marraztutako ikusleek betetzen dituzte antzoki berezi honetako besaulkiak, 1893tik 1976ra bizi izan zen idazle eta abeslari handi honen ondarearen transmisioaren adierazle.

Munduko tenorerik onenetakoa izan zen ezohiko artista honen idazmahai, jantzi, kapela, argazki, gutun, liburu eta artikuluen artean ikusmiran dabiltza herritarrak, ilusioz beteta, bere opera ariak aditzen dituzten bitartean. Jendearen borondateari esker antolatutako ekitaldi sail luze bateko lehendabizikoa da erakusketa eta jada lortu da herrian bera ezagutzea eta berari buruz solastatzea. Lelo gisa aukeratu duten hitz jokoak dioen bezala, “Bada tenorea!” (Beran “tenore” hitzak garaia edo denbora erran nahi du).

Urtemugako ekitaldiak zerbait iraunkorra sortzeko baliatu nahi dituzte, gainera. Horretarako nafar Gobernuaren laguntza izanen dute. Egunotan kultur etxean ikus daitekeena Fagoagak kutxetan gorde zuen materialaren puska ttiki-ttiki bat bertzerik ez da. Erakusketa bukatzean altxor guzia bildu, inbentariatu eta berreskuratzea da asmoa, ondarea balioan jarri, zabaldu eta, zergatik ez, Beran museo bat egiteko.

German Ereña, wagnerzale amorratua

Lagun ugarik osatutako proiektua da honakoa, eta adierazgarrienetakoak diren bi elkarrizketatu ditu GARAk. German Ereña txistulari eibartarra, ikerketa lan sakon baten ondorioz Fagoagaren bizitza ezin hobeki ezagutzen duena –argitaratzeko prest du haren inguruko liburua–. Eta Lupe Mendigutxia, Isidororen Lagunak taldeko kidea, egitasmo honekin erruz disfrutatzen ari dena, ahanzturan egon den pertsonaia erraldoi hau berreskuratzean sentitzen den emozioaren isla, eta ezinbertzeko bidelaguna den Ereñari eskerrak ematean begiak bete eta hitzak trabatzen zaizkiona.

Tenore beratarra Wagnerren errepertorioan espezializatu zen, eta autore alemaniarraren zale amorratua da opera abestu izan duen Ereña. Hala deskubritu zuen Fagoaga. Aunitz erakarri zuen pertsonaiak eta bere bizitza ikertzen hasi zen. Beste ikertzaileekin harremanetan jarri zen, baita tenorearen familiarekin ere. Berara etorri zen. Bertako senideek ez zuten ia ezagutu osaba Isidoro. Komentatu zioten Iruritan fagoagatar gehiago zeudela eta segituan bisitatu zituen. Han bizi izan zen abeslariaren iloba besoetakoa eta, beraz, izen bera zuena. Haren etxean gorde dira artistaren kutxak, eta zabaldu zituenean, txundituta gelditu zen eibartarra.

Kutxa horiek erakusten dute gizon hagitz metodikoa zela Fagoaga. Dena jasotzen zuen, berak zein bere inguruak sortutakoa. Alde batetik, kutxak eta hauen barreneko gauza guziak daude eta, bertzetik, ikaragarrizko liburutegia. Berako Gure Txokoa elkartean egon da denbora luzez, liburutegi berria egin arte. Gure Txokoaren sortzaileetakoa izan zen Isidoro 1931n.

Berako herriarekin ez zuela inongo loturarik eta horregatik ez dela ezaguna izan komentatu zion batek Mendigutxiari, baina ez dela egia argitu du. Bat dator Ereña: «Gutun eta partituretan sarri aipatzen du Bera. Dudarik gabe, hemengoa sentitzen zen eta ez zuen lotura galdu etxeko eta lagunekin. Italiako antzokietan denboraldia amaitzen zuenean, hemen egoten zen uda osoan: pilota partidetan, mendian...». Isidororen Lagunak taldeko partaideak erantsi du jende aunitz dagoela herrian bere liburuak dituena, denak eskaintzarekin.

Berako Illekueta auzoan jaio zen Isidoro Fagoaga Larratxe, Agramontea etxean, 1893an. Zazpi senidetan azken-aurrekoa zen eta 14 urterekin Buenos Airesera joatea erabaki zuen.

–Polita da anekdota kontatzea, etxea erre zuenekoa –eskatu dio Lupek Germani–. Uste dut horrek eragina izan zuela erabakian.

–Txikitatik dei bat sentitzen zuen zeruko gauzengatik. 7-8 urte zituela, Garrenea etxean bizi ziren. Bi sala zituzten, gibelekoa eta aitzinekoa, eta gibelekoan jostatzen ari zen bere arreba txikiarekin, Kontxitarekin. Itsua zen bera. Meza ematea zen jolasa. Gainera, amaren urtebetetzea zen, sanjoanetan. Gela ganbararen azpian zegoen eta han belarrak zeuden. Kandelarekin zirrikitu batetik belarrak su hartu eta etxe osoa erre zen.

–Bakarrik zeuden, kanpora atera ziren, eta izeba bat hurbildu zitzaien. Mutikoa negar batean eta izeba ez apuratzeko erraten. Ez zuen negar egiten etxea erre zelako, berak erre zuelako baizik. Geroztik errudun sentimendua izan omen du.

–Eta horren ondorioz galdu egin zuen pixka bat bere bokazio hori.

Bada bertze pasadizo bat. Parrokiako korua osatzeko apaizen bat ibiltzen zen eskolaz eskola kantari bila. Isidorok 12-13 urte zituela bere ahotsa jada aldatzen ari zen eta ez zuten hartu abesbatzarako.

Garaian nahiko ohikoa zen gisan, Argentinan bizi zen osaba bati idatzi zion hara joan nahi zuela erranez. Eta egun batean, itsasontziko txartela jaso zuen etxean.

–Berak erraten du etxean kontatu zuelarik hala mintzatu zitzaizkiola: lehenbizi etxeari su ematen diozu, orain Ameriketara zoaz... –azaldu du Mendigutxiak.

–Esaten dute eskolan ere beti erdi amesten egoten zela.

Milango La Scalan, bi gerraren artean

Euskaldun aunitz bezala, lanera joan zen Ameriketara. Buenos Airesetik 300 bat kilometrora zuen familia. Baina hiriburua ezagutu eta gero, bertan gelditzea erabaki zuen. Burdindegi batean lan egiten zuen bitartean, antzokietara joaten hasi zen. «Uste dut ahots ederra dudala eta adituko didazue?», erraten zuen. Hala lortu zituen 19 urterekin Italiara, Milanera, joateko gomendiozko gutunak. Han ikasten aritu zen eta kantu txapelketa batean hirugarren postua lortu zuen, baita Parmako kontserbatorioan sartzea ere. Baina Lehen Mundu Gerra hasi zenean kontserbatorioa itxi egin zen eta Berara itzuli zen.

Argentinan egiten zuen bezala, hemen ere idazten segitu zuen, “El Bidasoa” astekariarentzat. Kantatzeko gogoa berreskuratu zuenean Iruñeko Orfeon Pamplonesekoekin hasi zen. Ondotik, Ricardo Barojaren aholkuz, nafar Diputaziora jo eta laguntza lortu zuen Madrilen ikasketekin jarraitzeko. Gran Teatron estreinatu zen, “Sanson eta Dalila” kantatuz. Bilbon Jesus Guridiren “Amaya” abestu zuen eta Estatu espainiarrean eta Portugalen Wagnerren opera kantatzen hasi zen. Orduan italieraz abesten zen, jendearengana ailegatzeko. Hala italiera ikasi zuen eta antzokietan jaun eta jabe izan zen. 1925ean Milango La Scalan debutatu zuen eta zazpi denboralditan aritu zen.

Ereñak dioenez, Wagnerren errepertorioan, ongi abesteaz gain, «aguantea» behar da. Pieza hagitz luzeak dira eta orkestra handi bat dute. Orduan, orkestra hori zeharkatzeko eta hainbertze denbora agertokian egoteko ahots indartsua behar da. Ahotsaren dohainaz aparte, kritiketan aipatzen da aktore bikaina zela. Transmititzea lortzen zuen.

Wagnerren operak aunitzez gehiago apreziatzen direnez agertoki batean, Arturo Toscanini zuzendariari eskatu zion emanaldi batean ikusteko. Itxuraz hagitz ongi egin zuen, probarik egin gabe sartu baitzen La Scalan. Eta gogorra zen Toscanini.

–Bere lagunek berari buruz idatzi zutena irakurtzen duzu, adibidez Jon Etxaidek edo Martin Ugaldek idatzitakoa, eta ikusten da fisikoki gizon handia zen bezala umila ere bazela. Maltzurkeria eta indarkeria ez zituen batere maite –agertu du Mendigutxiak–.

–Operak normalean ahotsa luzitzeko eginak daude, batez ere italiarrak. Orduan divoak sortzen dira eta hauek besteen gainean daudela pentsa dezakete. Wagnerren operetan ez da hori gertatzen, obra eta egilea bera baitira protagonista. Ez du aukerarik ematen divorik sortzeko, gaur egun ere ez.

–Italiarra atseginagoa, melodiatsuagoa da.

–Bai, Wagnerren kasuan zailagoa da, askoz gehiago entzun behar duzu sartzeko. Eta asko entzunez gauza zoragarri bihurtzen da.

Eskribitzea, bere bokazioa

36ko gerra hasi zenean etxerako bidea hartu zuen berriro. Baina, antza, Hendaiako muga itxita zegoen eta ezin izan zen etorri. Aste batzuk pasatu eta gero eritu egin zen eta hobeki zainduta egoteko arreba batek hartu zuen La Cantinan, Berako harrobi inguruan dagoen etxe batean. Hagitz gogorra izan zen ohantzetik aditzen zituelako harrobian gertatzen ziren fusilamenduak. Berarengana ere joan ziren guardia zibilak, baina hain larri zegoenez ezin izan zuten eraman. Berehala salbokondukturen bat lortu zuen ospa egiteko. Gero Iparraldera itzuli zen eta hilabete batzuen ondotik berriro kantatzen hasi zen Italian. 1937an, Sizilian abesten ari zela, Gernikako bonbardaketaren berri izan zuen eta ez zuen bertze biderik izan kantua betirako uztea baino, gerora idatzi zuenez «kontrakoa etsaiarekin hitzarmena litzatekeelako». Euskalduna zen. Ea beratarra den galdetzen diotenean, hala erantzuten du: «Berako herria bihotzean daramat, baina ni Euskal Herrikoa naiz».

Abesteari utzi eta Donibane Lohizunen erbesteratu zenean 44 urte zituen eta ia bertze hainbertze bizi izan zen, bere aurrezkietatik. 1940an atxilotu eta hilabetez, hagitz baldintza txarretan, Gurseko (Biarnoko) kontzentrazio esparruan sartu zuten. Handik aterata, literatura idatzi zuen. “Cuadernos Gernika” aldizkari humanistan parte hartu zuen eta, geroago, Buenos Airesen, bere lehendabiziko liburua argitaratu zuen, Pedro Garaten biografia. 1964an Euskal Herrira bueltatu eta Donostian bizi izan zen 1976an hil zen arte.

Sei liburu kaleratu, eta hamaika artikulu idatzi zituen egunkari eta aldizkari ugaritan. Ahots bat aurkitu ziotela eta berak esplotatu egin zuela erraten zuen. Baina berari eskribitzea gustatzen zitzaion eta azkenera arte jarraitu zuen horretan.

Erakusketako eskutitz batean Jose Antonio Agirre lehendakariak idaztera animatzen du, gerora begira testigantza hagitz baliagarri gisa ikusten zituelako bere liburuak. Euskal Herria atze-oihal gisa agertzen da eta hagitz ongi jasotzen da orduko jendartea.

Ez zen sekula ezkondu. Badakigu neska-laguna eduki zuela, ingelesa, Nora Colton. Bost urtez izan zuten harremana eta gero amaitu egin zen. Zahartzaroan, eritu zenean, bisitatzera joan zitzaion.

–Ustekabean zendu zen. Eztarrian arazoren bat zuen. Ospitalean ingresatu zuten larunbat batean eta astelehenean bihotzekoak emanda hil zen. Ingresatu aurreko ostiralean bertan hitzaldi batean egon zen –kontatu du Ereñak.

–Beran dago lurperatua. Loreak eraman dizkiogu.

–A, bai? Pozten naiz!