Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Pentsamenduaren aldarrikapena

Ez bat eta ez bi. Diziplina ezberdinak jorratzen dituzten dozena bat adituk hartu dute parte filosofiak egungo gizartean betetzen duen funtzioa eta balioa defendatzeko Ereinek argitaratu duen lanean. Zuzenbidetik poesiara doa haren eragina, fisika eta erlijiotik pasatuta.

Lomcek eta honen interpretazioa den Heziberri 2020 programak «hezurretan» utzi dute filosofiak ikastetxeetan betetzen duen lekua. Batxilergoan Filosofiaren Historia irakasgaia derrigorrezko izatetik hautazko izatera pasatu da eta, gainera, batxilergoko modalitate batzuetan soilik hauta daiteke. Horri erantzuna emateko argitaratu du Ereinek “Filosofiaren defentsak”, alor ezberdinetatik filosofiak egungo gizartean betetzen duen papera eta duen balioa berrestera datorren argitalpena.

Filosofiak bizitzako esparru anitzi eragiten diela aintzat hartuta, hamabi aditu aritu dira, bakoitza bere alorrean, filosofiak duen garrantzia azpimarratzen duten testuak idazten: Pedro Miguel Etxenike (fisika), Teresa Maldonado (gizartegintza), Joxe Arregi (mistika), Pako Aristi (poesia), Enrique Zuazua (matematika) Garbiñe Biurrun (zuzenbidea), Oihana Ameskua (irakaskuntza), Mari Carmen Gallastegui (ekonomia), Xabier Galardi (erlijioa), Amaia Arenal (politika), Agustin Arrieta Urtizberea (filosofia) eta Daniel Innerarity (filosofia). Guztiak, Iñigo Martinez koordinatzailearen gidaritzapean.

Martinezek azaldu zuenez, Agora filosofia elkartetik antolatutako mahai-inguru batzuetatik sortu zen «pentsamenduaren aldeko aldarrikapena» egiteko erabakia, ikastetxeetan dagoen eztabaida ikasgeletatik kalera ateratzeko beharra ikusita. Eta, liburuaren aurkezpenean, argitalpenerako testuak osatzen aritu diren zenbait adituk azaldu zituzten liburuan defendatzen dituzten argudioak. Maldonadok, esaterako, Antzinako Greziatik hasita filosofia errealitatea ikertzeko lanabes izan dela babestu zuen eta ikuspegi kritikoa garatzeko filosofia ezinbestekoa dela esan zuen: «Antzinako Grezian beren kontu pribatuetan murgilduta bizi ziren eta garaia da gure baitatik irten eta kontu publikoetan aritzeko. Hiritarrak izateko pentsatu egin behar dugu, gure eguneroko tesituretatik atera, eta hori ahalbidetzen du filosofiak».

Etxenikeren hitzetan, filosofia fisikaren bidelagun izan da historian zehar. Fisika kuantikoak eta erlatibitatearen teoriak zalantza ugari argitu badituzte ere «beste asko» sortu dituztela esan zuen: «Filosofiak egin izan dituen galdera asko egin ditu fisikak ere, filosofiak galderak egiten laguntzen du, oinarrizko galdera horiei ze erantzun eman diegun argitzen. Pozarren nago eskolan filosofia ikasi izanaz, eta uste dut gizarteari kale egingo liokeela filosofiako ikasketak galtzeak». Iritzi bera erakutsi zuen Aristik ere, eta nabarmendu zuen filosofiak berari «pentsatzeko aukera» eman diola: «Filosofia bada pentsatzeko teknika edo jakintza ematen dizuna, eta hori gertatzen denean gai zara maisu guztiak ahaztu eta zure erara pentsatzen hasteko. Ezagutu ditugu inperialismoa, genozidioa, basakeria oinarri zuten filosofia errepresiboak; gaur egungo gerra eta inperioen atzean filosofiak daude», esan zuen.

Poesia eta filosofiaren arteko lotura ere aipatu zuen Aristik. Haren hitzetan, forma aldetik «kontrajarriak» badira ere, biek dute oinarrian hausnarketa sakona: «Poesia destilazioa da, pentsamendu horren guztiaren sintesia».

Galardik filosofiako irakaspenak murriztu beharrean biderkatu egin beharko liratekeela babestu zuen, unibertsitatean ere karrera guztietan eman beharko litzatekeela defendatuz. «Historiaren filosofia ireki bat behar da, hori gabe hankamotz ateratzen dira gure ikasleak. Botereari eta kapitalari bakarrik interesatzen zaio zientziaren zuhaitza osatugabea egotea».

Arrietak, azkenik, filosofiaren «orokortasuna» izan zuen hizpide. Haren hitzetan, gainerako diziplinak euren eremura mugatzen diren artean filosofiak denak ukitzen ditu, eta orokor izate horretatik «antzutasuna» ondorioztatzen da. «Jendeak uste du hain orokorra den diziplinak ez duela eraginik gizartean», esan zuen, eta bere testuan tesi horren aurkako argudioak bildu dituela azaldu zuen. Arrietak filosofiak jarrera kritikoak garatzeko duen gaitasuna azpimarratu zuen.