GARA
BILBO

Bakearen aldeko aldarria hartuko du Arriagak, Bieitok zuzendutako «War Requiem» operaren bidez

II. Mundu Gerran bonbardatutako Coventryko Katedrala 1962an berriro ireki zela ospatzeko idatzi zuen Benjamin Britten-ek «War Requiem». Calixto Bieitoren egokitzapena hartuko du Arriagak, gaur eta bihar.

Arriaga antzokiak Calixto Bieitok zuzendutako “War Requiem” operaren muntaketa hartuko du gaur eta bihar (20.00etan). Obra Benjamin Britten konpositore britainiarrak idatzi zuen 1962. urtean Coventryko Katedrala berriro ireki zela ospatzeko. 1940an bonbardaketa jasan ondoren guztiz suntsituta geratu zen, 4.000 etxe inguru ere deuseztatu zituen erasoaldi gogorrean.

«Bere musika gatazka hartan senideak eta lagunak galdu zituzten familia askoren kontsolamendua izan zen II. Mundu Gerraren ondoren. Gerra Hotzak eta gerra gehiagoren beldurrak sortzen zuen izua arintzeko balio izan zuen. Eragin horrek gaur egun indarrean jarraitzen du, 1962ko maiatzaren 30 hartan berreraikitako Coventryko katedralean zuen intentsitate berberarekin», ziurtatu dute Arriagako arduradunek.

Horrez gain, Bilboko antzokiak, opera hau Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrenean programatuz, «gure historiako gertakari latz hartako biktimen oroimena aldarrikatu gura izan du. Hemen ere deuseztapenaren kontrako ‘War Requiem’ oihuak erabateko indarra duelako, berriro gertatu behar ez denaren ohartarazpen gisa».

Orain, Calixto Bieitok Bilbora ekarriko du opera horren eszenaratzea. Estreinaldia Basileako Theater Basel izenekoan izan zen, 2013ko maiatzean. Ondoren, iazko irailean, Oslon eskaini zen, Den Norske Opera & Ballett (Norvegiako Opera eta Ballet Nazionala) izenekoan, amaitzear dagoen 2016/2017 denboraldia ireki zuen ikuskizun gisa. Hiri bietan arrakasta handia lortu zuen.

Arriagako ordezkariek nabarmendu dute partituraren ezaugarri teknikoak kontuan izanda, interpretazioak goi mailako exigentzia izango duela artistentzat. Hori dela eta, lanak nazioarteko lehen mailako hiru solista izango ditu: Natalia Tanasii soprano moldaviarra, Rolf Romei tenore suitzarra eta Thomas E. Bauer baritono alemana. Hirukote nagusiarekin batera, Bilbao Orkestra Sinfonikoa eta Bilboko Koral Elkartea (umeen abesbatza barne) ariko dira.

Horiek guztiak, berreraikitze prozesu betean dagoen katedrala irudikatzen duen eszenatokian ariko dira.

Ikuskizunerako sarrerak 17 eta 65 euroko salneurrian eros daitezke, ohiko bideetan: Arriaga antzokiaren webgunean (www.teatroarriaga.com), bertara deituta (946 850 850 telefono zenbakira) edota antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.