GARA
BAIONA

Brebet azterketa euskaraz egin nahi duten ikasleak babesteko deia egin du Seaskak

Frantziako hauteskundeen ondotik Parisek eman duen kolegioei buruzko agindua dela-eta, kezka azaldu dute sare ezberdinetan euskaraz lan egiten duten irakasleek.

Seaskako Ikastolen Kontseiluak iragan asteburuan harturiko erabakiari bide emanez, brebet izeneko azterketa, hots, kolegiotik lizeora igarotzeko ikasleek nahitaez gainditu behar duten proba, euskaraz egin ahal izateko eskubidea aldarrikatuko dute gaur. Hartara, azterketa hori egiten den bitartean, hainbat elkarretaratze eginen dituzte.

Euskal Herriko ikastolen biltzar nagusian 34 ikastolatako 110 ordezkari bildu ziren. Bilkura horretan brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu zuten, afixa eskuetan, argazki handi baten bidez.

Era berean, Frantziako Hezkuntza Ministerioak hizkuntza politikari dagokion konpromisoan atzera egitea ez dutela onartuko adierazi zuten ikastoletako ordezkariek.

Debekuen gainetik brebeteko zientzietako proba euskaraz eginen duten ikasleei eta kolegioei sostengua adierazi zieten biltzarrean parte hartu zuten ikastoletako ordezkariek. Gisa berean, gaur 13.00etan Donibane Garaziko Zitadela, Kanboko Errobi eta Ziburuko Piarres Larzabal kolegioen aitzinean elkarretaratzeak eginen dituzte.

Brebet azterketa ez da euskarak kolegio mailan pairatzen duen mehatxu soila. Hartara, azken erreformak zalantzak sortu zituen elebitasun ereduaren jarraipenaren inguruan.

Kolegioen gaineko erreforma

Azkenik, ozta-ozta konpromiso batzuk adostu baziren ere, dirudienez aurrera begira euskarazko hezkuntzak zailtasunak izanen ditu. Horrela uste dute, bederen, Euskara Geroan sarean bildu diren hezkuntza sare publiko edo katolikoko irakasleek. Atzo, Baionako Trinkete Modernoan protesta agerraldia egin zuten ikastetxe ezberdinetako irakasleek, Frantziako presidentetzarako hauteskundeen ondoren agindutako kolegioetako irakaskuntzaren antolamenduari dagokion araua kritikatzeko. «Agindu berriak euskararen irakaskuntza lau aldiz, bi orenetara, mugatzen du kolegio osoan», ohartarazi zuten.