Maider IANTZI
PASAIA

Egurrezko ontziak eraikiz zurgin handi bilakatuko den talde aberatsa

Asteartean ireki zuten Aprendiztegi, Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskola Albaolan. Pasaiako itsas kultur faktoriak jaio zenetik izan duen proiektua martxan da; ez bereziki ontzigile tradizionalak sortzeko, baizik eta ontzigintza ikasketen bidez zurginik trebeenak formatzeko. Dagoeneko iritsi zaie aurreneko eskaria; Irlandako ontzi baten erreplika zehatza egin behar dute. Planoak lurrean zabalduz hasi dira, itsasontzia margotuz amaitzeko.

Matthew Dagan (Irlanda), Remi Fennebresque (Estatu frantsesa), Manuel Goethals (Belgika) eta Javier Vizcaya (Euskal Herria) dira Aprendiztegi, Lance Lee Nazioarteko Ontzigintza Eskolako lehenbiziko ikasleak. Senegalen jaio eta Sevillan bizi den Mahmoud Traore bidean da, eta seigarren kidea siriar errefuxiatu bat izan dadin saiatzen ari dira.

Kasko, betaurreko eta segurtasunezko ekipamendu guziak jantzi eta lehendabiziko egunetik erremintak hartuta lanean dabil jatorriz eta bizipenez hain aberatsa den talde ttikia, Albaolako tailer zabalean, museoko bisitariak lagun. AEBetako Brian McClellam irakaslearekin dabiltza. Ez dute urrun Xabier Agote.

Egitasmoari izena ematen dion Lance Lee estatubatuarra ere etortzekoa da. Laster mende erdi beteko da bere herrian ontzigintza eskola tradizionala sortu zuela, ogibidea ondarearekin lotuz. Albaolako presidente Agotek bertan ikasi zuen hain zuzen ere, 1987aren bueltan, gurean horretarako aukerarik ez zegoenean, itsas kultura galbidean baitzen. «Oso esperientzia ederra» izan zenez, formatu hori ekarri dute. «Irakasteko era guztiz berritzailea izan zen: eginez ikasten genuen, esperientzien bidez».

Lance Lee lotuta dago Aprendiztegirekin. Ezezaguna izan arren, pertsonaia historiko interesgarria da Martin de Aprendiztegi urruñar ontzigilea. XVIII. mendean hogei euskal txalupa eraiki zituen; Kanadara joan eta harreman estua eraiki zuen hango indigenekin eta bertan gelditu zen.

Lance Leeren ereduari jarraituz, ikasleak irakasleen laguntzaileak izanen dira. Hiru urteko formazioa emanen du eskolak. Sei ikasle hasiko dira aurten, heldu den urtean bertze sei batuko zaizkie eta hurrengoan sei gehiago. Hemendik bi urtera 18 izanen dira eta beteranoak irakasle ere izanen dira. Gero, etxera itzultzean euskal enbaxadore bilakatuko dira, lanbidea ikastearekin batera hemengo ondarean barneratuko direlako.

Arotz ontzigile eskola bakarra da hau gurean eta ingurunearekin estu lotuta egonen da. «Kalitatezko egurra behar dugu; lanbide hau exijentea da horretan eta mesede egiten dio basoen kudeaketari», agertu du Agotek.

Atseden pixka bat hartuz elkarrizketara batu zaigu Javier Vizcaya ikaslea, 37 urteko getxotarra. «Zoragarri» izan da bere lehen hitza, zer moduz galdetuta. «Bizitza aldatu nahi nuen eta aurreko lana utzita zurgintza eskola bila hasi nintzen. Egiaz irakasteko motibatuta zegoen jendea nahi nuen, inplikatuko zena. Lagun batek eman zidan honen berri eta hiru hizkuntzatan egin nuen elkarrizketa, euskaraz, ingelesez eta gaztelaniaz. Horrek jada eskolaren izaeraren pista bat eman zidan».

Ontzigintzako zurgintza integrala dela azaldu du: «Egurrezko eraikuntzarik konplexuenak dira ontziak». Forma borobil eta bihurriek ematen diote zailtasun hori. Gainera, ongi eginak egon behar dute, gero itsasoan ibiltzeko. Hala, hemendik ateratzean edozein eraikuntzari aurre egiteko moduko zurginak izanen dira.

Momentuz, tailerrean bere lekua bilatzen ari da ikasle bakoitza. Egun gutxi dira elkar ezagutzen dutela, baina hagitz ongi konpondu dira eta elkarri laguntzen diote behar den guzian. «Zurgintzan esperientzia gutxien duena naiz. Besteak gehiago ibili dira –aitortu du Vizcayak–. Zerotik hasi gara, planoak begiratuz, eta itsasontzia margotzen amaituko dugu. Arazoak sortu ahala bilatuko ditugu soluzioak». Elkarrizketaren unean tresna kutxa bat egiten ari da Javier, eta kideak, berriz, pintza batzuk, itsasontzirako tradizionalki erabiltzen zirenak. «Eskuekin trebetasuna hartzea izango da koska».

Arraunean

Goizetan arraun egitera ateratzen dira, osasuntsu mantendu eta itsasontziak erabiltzeko. Tailerrean aritzen dira gero arratsaldeko seiak arte eta elkarrekin bazkaltzen dute. Logelak daude Albaolan eta bertan gelditzen dira bi ikasle. «Beste bi autokarabanan gaude. Portugaleten bizi naiz eta asteartetik larunbatera hemen egoten naiz», dio Vizcayak.

Kultura ezberdinak komunitate ttiki batean bilduz izugarri ikasten dela azpimarratu du Brian McClellam irakasleak. «Halere, penatuta nago ez delako emakumerik etorri». Dei egiten diete animatzeko, datozen urteetan taldera batzeko. Egurra ere goraipatu du, honekin lan egitean emozio ugari mugitzen direla azalduz. Euskal Herriko berezitasunen artean, itsasontziaren saihetsak egiteko haritzaren kurba naturalak erabiltzen dituztela aipatu du.

Hemen ez da egurrezko ontzien eskaerarik baina kanpoan bai: Galizia, Bartzelona, Estatu frantsesa, Ingalaterra, Irlanda, Norvegia, Alemania, Danimarka eta AEBak jarri ditu adibide gisa. «Egurraren industria gora omen doa, ekologiagatik –kontatu digu Javierrek–. Ea hau guztia aurrera doan».