GARA
Atletismoa

Bilboko Herri Krosak 30 urte beteko ditu igandean

Aurreko astean Behobiaren beste ekitaldi arrakastatsu bat bizi ostean, igande honetan Bilbok hartuko du protagonismoa, bertako Herri Krosak 30 urte betetzen dituelako aurten. Filosofia berezia duen lasterketa da Bizkaiko hiriburukoa eta 9.000 korrikalari inguru batzea espero dute antolatzaileek.

Helburua jendearen artean kirol ohitura eta bizitza osasuntsu baten aldeko apustua zabaltzea denez, inolako bereizketarik egin gabe, parte-hartzaile guztiak elastiko-dortsal berdina jantzita irteten dira eta ez da sailkapenik egiten. Lehiaketaren ordez giro ona bultzatu nahi da.

Irteera 11.00etan izango da Kale Nagusian, beti bezala, eta ibilbidea Bilboko kale nagusietatik igaroko da: Hurtado de Amezaga, Autonomia, Sabino Arana, Deusto, Agirre Lehendakaria, Mazarredo eta amaiera berriz ere Kale Nagusian. Guztira 10 kilometroko ibilbidea.

Internet bidez izena emateko epea aspaldi itxi zuten, baina proban parte hartu nahi duena oraindik garaiz dago: biharko 20.30ak arte inskripzioa egiteko aukera dago Zabalgune Plazako eraikin ezagunean. Proba amaitzen duten guztiek oroigarri bana jasoko dute helmugan eta aurtengo ekitaldiaren abestia ere erabakita dago, lehen edizioko berdina izango dena: Vangelis konpositore greziarrak “Chariots of Fire” filmerako eginiko soinu banda ezaguna.

Donostiako maratoia

Bestalde, atzo aurkeztu zuten Donostiako Maratoiaren 40. edizioa. Hitzordua azaroaren 26an helduko da, baina antolatzaileek jakinarazi zutenez jada 3.100 pertsona inguruk eman dute izena proba nagusirako, nahiz eta kopuru hori bikoiztu ere egin daitekeen &bs;paraleloki korritzen diren distantziak kontuan izanez gero: maratoi erdia, 10 kilometrokoa eta gaztetxoenentzat antolatutako lasterketa.

Aurtengo berrikuntza nagusia ibilbidean dago, aldaketa dezente egin dituztelako. Irteera, esaterako, Anoetako estadioaren inguruan kokatu dute, eta korrikalariak ez dira autobus geltoki berriaren paretik igaroko. Ezta Ibaetako enpresagunetik ere. Aldiz, Loiola ingurura hurbilduko dira eta helmuga Miniestadioan egongo da, ez estadio handian.

Kenyako bost atleta izango dira garaipenaren lehian, eta Behobian hirugarren egin zuen Iraitz Arrospide gipuzkoarra erbi lanetan jardungo da.