Ramon SOLA
DONOSTIA
GATAZKAREN ONDORIOAK

Oztopoak oztopo, ehundik gora dira etxera itzulitako iheslari politikoak

2013an, Biarritzen, euskal iheslari politikoek etxerako bidea seinalatu zuten, urte askotako egoera pertsonal latzak gainditzeaz gain ekarpen politikoa egiteko asmoz. Asteburu honetan jakinarazi dutenez, oztopoak oztopo ehundik gora dira itzuli direnak. Ezezagutza arazoa da EIPKrentzat; eta «argazkia» osatzeko ahaleginean dabil.

Larunbatean heldu zen Euskal Herrira, Mexikotik, Javi Perez de Nanclares gasteiztarraren heriotzaren albistea; 1978. urtetik iheslari zebilen, errepresioari iskin eginez. Duela hiru aste eskas, bestalde, jakin dugu atzerrian 43 urte pasatu ondoren Soraluzera itzuli dela Eloi Uriarte; 1974. urtean hanka egin zuen, Franco oraindik bizirik zelarik, beraz. Bi albiste hauek iheslarien egungo errealitatearen bi aldeak osatzen dituzte, gazi-gozoa. Batetik, 2013ko ekainean Biarritzen plazaratutako erronkak bidea egiten segitzen du, baina oraindik asko dira atzerrian egoera latzean diren euskal herritarrak.

Presoen auziarekin batera, iheslarienari heldu diote asteburuan preso, errefuxiatu eta deportatu izandako 200 lagunek egin duten biltzarrean. EIPKren ordezkari batek bertan jakinarazi duenez, dagoeneko ehundik gora dira etxera itzuli ahal izan diren iheslariak. Urrats hori garrantzizkotzat dute termino historikoetan, Lizarra-Garaziren garaian ere izan zelako honelako saiakera bat baina ezin izan baitzen apenas garatu.

Arriskurik ez

Oztopo juridikoek, hala ere, bere horretan diraute. Arlo honetan laguntza emateko prest da kolektiboa, baina «Auzitegi Nazionala guztiz itxia dago. Bere irizpidea hauxe da, ‘zure egoera erregularizatu nahi baduzu, etor zaitez’».

Jakina da oraindik ere atxiloketak gertatzen direla, oso aspaldikoak diren akusazioak tarteko. Oso luzeak dira espainiar auzitegien besoak; adibide gisa hor da Brasilen Joseba Vizanekin gertatzen ari dena (atxilotu ostean kartzelan egon zen eta orain etxean preso egoeran segitzen du). Europan ere begi bistan da, esaterako, Nekane Txapartegik Suitzan urte eta erdi preso eman duela, bere kontrako auzia preskribatuta zegoela onartu arte.

Agertoki honetan, Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboak oso argi du «iheslari bat arriskuan jartzen duen ezer ez dugula egingo».

Argazki osoaren faltan

Urte askotan oso aipatua izan zen zenbaki hau: 2.000. Honekin adierazten zen azken hamarkadetako borroka armatuaren eta errepresioaren ondorioz ihesean zebiltzan euskal herritarrak asko zirela. Inoiz batera hainbeste izatera iritsi baziren (segur aski ez), gaur egun argi dago ez direla hainbeste, baina «argazki osoa» izatea oraingoz ez dela lortu onartzen du EIPK-k.

«Informazio asko falta zaigu eta ez da erraza eskuratzea», esan zuen kolektiboaren ordezkari batek batzarrean. Klandestinitate egoerak eraginda batetik eta «inoiz ez garelako fitxak egitearen zale» bestetik, kontua da Kolektiboa ez dela bi datu behar-beharrezko osatzera heldu: «zenbat iheslari diren eta non dauden».

Beste bi kezka ere agertu ziren biltzarrean, iheslari politikoei dagokienez. Batetik, jatorrian sorturiko «irudi faltsua»: sarekada bat gertatzen zenean, norbaitek ihes egitea lortzen bazuen, «hori libratu da» ustea nagusitzen zen, pertsona hauen egoera zail-zailei honela nolabait larritasuna kentzeko ondorioarekin. Errealitatea gordinagoa bazen eta bada ere. Gaur egun ere, iheslari askok laguntza behar dutela onartzen du EIPK-k eta horretan ere ari da.

Agenda politikoan sartu

Bestetik, ukaezina da iheslari eta deportatuen gaia ez dela agenda politikoan sartu, eta horrek ere oraindik ilunago, ezkutuago, egiten du giza multzo honen arazoa.

Hurrengo urtarrilaren bukaerarako-edo, Foro Sozialaren jardun berezi bat aurreikusten da, iheslarien eta deportatuen auzia zehatzago aztertuko duena.