Oier Gorosabel - @Txikillana
Fisioterapeuta eta osteopata

Pazienteak beldurtzeaz

Kokoteraino nago pazienteak beldurtzen dizkidaten “lankideez”. Kakotxak erabiltzen ditut, izen hori ere ez luketelako merezi: izan ere, haiengandik pasatu eta gero, besteok egin behar dugun edozein tratamendu gaitzagoa bihurtzen da. Zorionez, ez dira asko, osagile gehienak fin aritzen baitira arlo honetan.

Gainera, ez pentsatu aje hau kolektibo konkretu batena denik. Inor ez da libratzen: ofizial zein alternatibo; mediku zein fisioterapeuta; joan den mendean karrera amaitu zuenetik libururik ireki ez duena zein etengabe formatzen aritzen dena. Denen artean aurki daitezke urteetan kostata egindako lana esaldi bakarrarekin zapuzteko ahalmena duten ergelak: «zisko eginda zaude», «honek ez du erremediorik», «alferrik zabiltza», «esan agur kirolari»... Zaplaztekoa emanda masaila lehertuko nieke, benetan.

Jarrera destruktibo horiek frustrazio profesionalarekin zerikusia dutela uste dut. Tratamendua egin, eta pazientea haiek nahi duten bezala hobetzen ez denean, haserretu egiten dira: haiek dena ondo egin omen dute, eta, beraz, pazienteak ez badu hobera egin, “errua” berea izango da. Horixe da marka! Kontua da osagilearen haserrea pazienteak ordaintzen duela: nekez bildutako adorea galdu egiten du eta utzikerian erortzen da. Guregana datozenean, egoera horri buelta ematea oso gaitza izaten da; «nireak ez omen du erremediorik», «ez dut hezur sanorik»… bezalako ideiak muinean sartzen zaizkie, eta horrek eguneroko bizitza, lana, aisialdia baldintzatzen du. Badaezpada ez dute kirolik egingo; minik ez hartzeko, mendira joateari utziko diote; lanpostuan, mugimendu hau edo bestea beldurrez egiten hasiko dira; ondoeza igartzean, zerbait txarra den errezeloz biziko dira... Kalte handia egiten dute, bai, arinkeriaz eta asko pentsatu gabe eginiko komentario estupidook. Zenbat eta pazienteak osagile horrengan konfiantza gehiago izan, orduan eta gehiago.

Gehienetan borondate onez egindako hanka sartzea dela sinetsi nahiko nuke. Baina, tamalez, jende maltzur asko dago munduan eta osasungintzan ere ez gara libratzen. Ez dut apokaliptikoegi jardun nahi, baina monger jendearengandik ihes egiteko gomendioa egin nahiko nizueke. Laburki azalduta, osagilearen filosofia bi motatakoa izan daitekeela esango dizuet: gaixotasunaren promozioa (disease mongering, ingelesez), edo osasunaren promozioa. Lehenengo kasuan, mongerrek gaixotasunaren ezaugarriak azalduko dizkizuete: jatorria, ezaugarri patologikoak eta eboluzio naturala; ondorioekin beldurtuta zaudetenean (zuen buruetan gaixotasunaren zeinu goiztiarrak sumatuz), tratamendu salbatzailearen berri emango dizuete; kasualitatez, haien kontsultan prezio ezin hobean jaso dezakezuena. Gaurko mongerrak bata zuriz eta ordenagailuz eginiko infografia anatomikoz baliatzen dira, baina, funtsean, ferietako txarlatanek betidanik erabili izan duten sistema bera da.

Bigarrenak, hau da, osasunaren promozioan aritzen diren osagileak, ez dira hainbeste sartzen gaixotasunaren azalpen patologikoetan eta abarretan. Kontrara: derrigorrezkoa ez bada, gai hori apropos ekidingo dute, pazienteak bere ondoezari gehiegizko arreta eman ez diezaion (hagineko mina duzunean bezala: beste zerbaitetan pentsatzen hastean, mina gutxitu egiten da). Osasunaren promozioan aritzen den osagileak zure gaixotasuna kontuan hartuko du, noski, baina hor gelditu barik; bere azalpenekin, zure osasuna hobetzeko egin dezakezuna azpimarratuko du, zure inplikazioa bilatuz, ilusioa pizten dizkizuten gauzak identifikatuz, min ematen dizkizuten keinuak beste era batera nola egin erakutsiz...

Egoera kaskarrenean ere, bizitza ez da amaitzen. Bila itzazu bide positiboak seinalatuko dizkizuten osagileak, debeku hutsean gelditzen direnak baino. Eta bidaia ona izan dezazula! •

www.abante.eus