Martxelo Diaz Aristizabal
Elkarrizketa
GerardoMungia «Pintxe»
hargina eta idazlea

«Drogak hautatu egiten ziren, baina tortura ez zen hautatzen. Hori dela eta, latzagoa izan zen tortura»

Hargina da ofizioz, baina baita idazlea ere. Bere bizitza bertsotan kontatu du, belaunaldi oso baten gorabeherakgogora ekarriz.

Formatu bitxia du Gerardo Mungia Pintxe iruindarrak kaleratu duen liburuak. “Harat-honat. Jonki baten trajeria” (Txalaparta) izenburupean bertso sorta bildu du, bizitzan izandako pasadizoak kontatzeko helburuarekin. Pastoralaren antza du, baina ez da pastorala. Eta marrazkigile ugariren ekarpenekin hornituta dago. Eskola frankistaren garaiko bizipen eta sufrimenduak edota lan munduko borrokak jasotzen ditu, baina Euskal Herrian 1970eko eta 1980ko hamarkadetan drogak izan zuen eragina ere ekartzen du gogora. Europako beste herri askotan bezala barra-barra zabaldu zen droga kontsumoa, bidean hildako andana utziz. Errepresioa ere ez du ahanzten harat-honat ibili eta egun Nafarroako hiriburuko Alde Zaharreko edozein txokotan topa genezaken iruindar honek. Hargina da ofizioz istorioak kontatzeko prosa baino olerkia nahiago duen idazle hau.

Ezohikoa da libururako hautatu duzuen formatua. Bertsotan egin duzu istorio bat kontatzeko. Errazagoa egiten omen zaizu bertso edo olerkiak idaztea prosan aritzea baino.

Prosaz idazten ez dakit. Hastapenetan ea prosaz idazten nekien probatu nuen. Alperrik. Desastre. Beraz, betidanik, edo aspaldidanik, bertsozalea naizelakoz, eta, batez ere, pastoralzalea naizelakoz, bertsotan egitea pentsatu nuen. Idazten hasi nintzen eta hain zaila ez zela ohartu nintzen. Modu berezian hartu nuen eta aiseki hasi nintzen idazten, eta aiseki betetzen nituen bertsoak. Horrela izan da. Ez dago bertze misteriorik.

Helburua zure bizitzaren laburpena egitea edo zenbait gertaera kontatzea zen?

Hasieran ez nuen pentsatu ere egin liburu bat idatziko nuenik. Hori azken pentsamendua izan nuen hasi nintzelarik bertsoak betetzen. Hastapenetan ene plazerarendako izan ziren, ez bertzerik. Baina gero hedatzen eta forma hartzen hasi ziren. Eta formatu berezi bat ematea pentsatu nuen. Eta eman nion. Gero irudiak... Zergatik ez erran Pedro Oses, Ernesto Murillo Simonides, Joaquin Resano, Mirian Lizarza, Joseba Burusko... lagunei marrazkiak egiteko. Talde zabala da eta batzuk aski sonatuak. Denak adiskideak ditut. Haiengana joan, proposamena egin eta berehala onartu zuten. «Gerardo, nahi duzuna», erran zidaten gaiaren eta helburuaren berri izan zutenean. Denok sufritu baikenuen garai hura. Berehala eskaini zizkidaten euren iduriak eta bistaturik eta apaindurik geratu da liburua. Hartu duen komiki kutsu hori ere pozgarria da. Garai hartako fanzineen irudia hartu du, baina pentsatu gabe. Gidoirik gabe egindako lana da. Hori hemen eta edozein lekutan errepikatuko dut. Ez nuen deusik ere planifikatu. Horrela atera zen, urratsez urrats. Ez bertzerik. Azken finean, narrazio bat da. Bertsotan egina, baina narrazio bat. Gure adineko jendea –egun 58 urte inguru ditugunok– eskola frankistara joaten hasi ginen garaia da hastapena. Eta bukatzen da 80ko hamarkadaren amaieran. Hor hil zitzaizkidalako adiskide eta ezagun gehienak. Berdin emazte ala gizonkiak.

Beste toki batzuk aipatzen badira ere, Iruñea da liburuaren kokaleku nagusia. Baina erabiltzen duzun euskarak badu Iparraldeko kutsu bat. Iruindarra zara baina Iparraldeko euskarekiko baduzu atxikimendu berezi bat.

Euskararekiko dut atxikimendu, ez Iparraldeko euskararekiko. Euskara euskara da, Gipuzkoan, Bizkaian, Nafarroan edo Xiberoan. Hala da. Egia da Hondarribian ikasi nuela dudan oinarria. Hori bai, gero Bortziriak aldera hedatu nintzen. Mikel Tabernak liburuan aipatzen du Iruñeko Hizkuntz Eskolan berarekin egon nintzela urte batez. Lanagatik ere –hargina naiz– ene ibilbidea hortik ibili da: Bortzirietatik Baztan aldera, Baztanetik Ziburura, Ziburutik Aezkoa aldera, Irunberri aldera, Zaraitzura, Xiberoa aldera ere, baita Nafarroa Beherera ere. Pirinioetako lexikoa erabiltzen dut. Ez euskara, lexikoa. Euskara batua da, baina lexikoa Pirinioetakoa da. Bi aldeetakoa. Eta aski ongi landua, ene ustez.

Horretan ere ez dago planifikaziorik. Erabiltzen dituzun hitzak zure ibilbidearen ondorio dira. Pastoralaren ildotik doalako liburua ez diozu Zuberoako kutsurik eman nahi izan.

Ez. Bakarrik izan da nik urteak eta urteak eman ditudalakoz Pirinioetako ibar horietan lanean eta beti kuadernoa hartuta. Lan egin ondoren kuadernoa hartu eta egun berean entzun edo ikasitakoa apuntatzen nuen. Apuntatu eta apuntatu etxean mordo ederra dut. Horrela ikasi dut euskara. Hondarribian eman nuen denbora eta gero Hizkuntz Eskolan urtebete, ez bertzerik. Eta gero kalean. Lanean batez ere. Hemen ere ez da planifikaziorik, dakidana idatzi dut.

Zure bizitzaren ibilbidea eginez, liburua eskolan hasten da, errepresioa nagusi zuen eskola frankistan.

Bai. Eskola inportantea izan da guretzako. Hain inportantea gorrotoa geniola. Errepresioa eta falangismoa bazen minutu oro. Ohildurik atera ginen handik. Eta berehala lanera. Hortakoz markatzen du pittin bat eskolak. Berehala kendu nahi genuen eskola eta berehala lortu genuen ere! 14 urterekin lanera, eskola eta kolegioa pixka bat ahantzi. Kasik bagenuen kontzientzia pixka bat. Kontzientzia antifrankista zen, ez bertzerik. Momentu horretan mendizaleak ere baginen. Mendizaletasunaren bidez atxikitzen genituen euskara, natura eta gauza horiek guztiak. Prefosta, lanean hasi eta aprendizen mugimenduan hasi ginen, klandestinitatean. Langileen militantziara berehala pasa ginen. CCOO eta mugimendu horretan 16 urterekin hasi ginen. Greba guztietan hartzen genuen parte, erresistentzia mugimendu guztietan.

Jauzi latza da, eskolatik lanera hain gazte pasatzea eta gainera borroka gordin batera.

Bai. Baina hori zen giroa. Lana eskola baino maisu hobea da. Esplotazioa sufritzen duzu, laneko baldintzak ere pairatzen dituzu. Egoera zein den berehala ohartzen zara. Garai hartan oso politizatua zen mugimendua zein jendakia. Politikaz bor-bor zegoen momentu hura. Oraingoarekin alderatuta arras desberdina zen. Auzoetan, lanpostuetan, eskolan, institutuetan, kalean bizi zen. Edozein gauza politikoa zen. Franco hiltzear zen. 19 urte nituelarik hil zen. Kasi trantsizio garaian kokatuko nintzateke lanerako bidea hartu nuelarik.

Fase honetan mendizaletasuna eta euskal kantak aipatzen dituzu. Horiei esker euskaltzaletasuna edo abertzaletasunera heltzen zarete.

Nafarrak gara. Iruñekoak. Beraz, ez ginen euskararengandik hain urrun. Hemen mendi guztien izenak euskaraz dira. Baita ibaiak, herriak, errekak ere. Ez zen gauza arrotza guretzat. Mendira joatean berehala konturatzen zara non zauden, ikurrina ikusten duzu bat-batean. Eramaten genituen txano guztiak berde, gorri eta zuriak ziren. Eta guardia zibilak, kontrolak... Hala konturatzen zara ez zaudela Teruelen. Beraz, atxikitzen duzu berehala euskararen kutsadura duen edozein kanta.

Musikak presentzia handia du liburu guztian. Hainbat kanta ere azaltzen dira.

Bai. Kantak hautatu ditut pastoralaren eraginarengatik. Pastoralean jelkaldi bakoitza bukatzen da bai dantzaz bai kantuz. Eta nik jelkaldi edo kapitulu hauetan polita litzatekeela zerikusirik duten abesti zonbait sartzea ideia ona zela pentsatu nuen. Memoriara etorri zaizkidan baten batzuk sartu ditut.

Hautaketa zabala da: Brassens, La Polla...

Bai. Brassensena Frantzian lanean ibili nintzelako da. Baditut oroitzapen politika abesti horrekin. La Polla Records, nola ez. Gainera hautatu dudan “Delincuencia” abestia poesia hutsa iruditzen zaidalakoz hautatu dut. Poesia baino, aeri bat da, himno bat. Evaristo bezalako poeta gutxi daude. Miresten dut. Brassens, Leo Ferre, Paco Ibañez eta Evaristo. Niretzat Evaristo maila berekoa da. Gaurkotasun handia ere badute bere kantak oraindik. Agian ez gara konturatzen, baina Evaristo aparta da. Gazteleraz baino ez du idazten, euskaraz egingo balu leherkari bat izango litzateke!

Evaristorekin eta beste talde batzuekin harreman zuzena izan zenuen, manager lanetan ibili zinelako.

Rock Radikal Vasco delakoa sortu zelarik Iruñeko lagun batek gomitatu ninduen berarekin batera manager gisa ibiltzeko. Eta nik baietz esan nuen, zergatik ez. Ez nuen sobera pentsatu. Horrela ezagutu nituen La Polla Records taldekoak, baita Kortatu eta Cicatrizekoak. Benetan bizpahiru urte horietan bi kanpaina berezi izan ziren: “Martxa eta borroka”, alde batetik, eta NATOren kontrakoa, bertzetik. Amnistiaren Aldeko Batzordeko militantea nintzen eta militantzia lan mota hain desberdin batekin uztartu ahal izatea hagitz interesantea iduritu zitzaidan. Astero kontzertuak ziren. Adibidez, La Polla Recordesekin, Euskal Herrian behinik behin, mila pertsonatik gora izaten ziren kontzertu bakoitzean. Hortik behera ez dut uste ezagutu dudanik. Espainia alderat ere joaten ginen, baita Katalunia alderat ere. Alemanian izan ginen, eta Italian. Benetan urte hagitz bizi eta emankorrak izan ziren. Ene aldetik musikaria ez nintzanez militantzia politikoa eta sortu berri zen musika mundu hori uztartzea izan zen. Kontuan hartu behar da gu nerabe ginelarik Pantxo eta Peio eta Etxamendi eta Larralde entzuten genituela! Errobi bazen ere eta la hostia zen. Eta Niko Etxart eta Mintxoriak. Dena folkaren inguruan. Gitarra pare bat eta bi kantari, bertzerik ez. Eta bat-batean sartu zen punka. Izugarrizko talka. Rocka ere bazen, Barricadarekin. Heavy metala ere bazen. Kontuan hartu frankismotik gentozela eta frankismoak iraun zuen bitartean kasik dena debekatuta zegoela. Edo trakestasun handiak baziren disko horien lortzeko. Bat-batean hil zen Franco eta trantsizio garaiko urte horietan hasi ginen hemen Europatik zetorren guztia zurrupatzen. Dena berria zen eta hemengora moldatua. Ez dakit zenbat talde sortu ziren, estilo desberdinak zituztenak. Horrekin etorri zitzaigun droga guztia ere.

Droga errepresiorako erabili zela esan ohi da. Estatuaren erantzuna izan zela.

Ni horrekin beti zalantzatan nabil. Egun, burua hotzago izanda, historia hurbiletik eta sakonetik bizi izan eta gero, hozki begiratzen dut eta ikusten dudana da garai hartan drogak Europa guztian barreiatu zirela. Baita Ameriketako Estatu Batuetan, Hego Amerikan edo Vietnamen ere. Arrazoi desberdinengatik droga guztiak sortuak eta sartuak izan ziren. Beraz, Euskal Herrian borroka latzean ari ginelako drogak sartu zirela erratea okerra dela uste dut. Ez da erreala. Adibidez, Katalunian gauza bera gertatzen ari zen eta ez zen borroka armaturik. Baita Sevillan, Madrilen, Porton, Berlinen, Erroman, Toulousen eta Parisen ere. Eta ez zen borroka armaturik.

Garaiko afera zela eta ez Euskal Herriko zerbait berezia uste duzu?

Rock mundutik zein mezu entzuten genituen ere gogoratu beharko genuke: bizi gazte eta hil laster, no future... Nola no future? Badugu geroa. Holako mezuak okerrak eta maltzurrak izan ziren. Beraz, esperientzia falta, jakinduria falta, dena frogatzeko grina... Dena uztartuz gero, drogen menpekotasunen loratzea sortzen da.

Urte horien alderik ilunena dugu droga?

Enetzako ilunago izan zen tortura. Francoren garatik ezagutu genuen tortura eta orain artio iraun du. Alde ilunena tortura izan da nire ustez, Estatuaren errepresioa. Krudelena tortura izan da. Eta kartzelaldiak. Tortura krudelki, bortizki aplikatu zen. Eta orain artio dugu. Ez da bukatu. Hor geratu dira torturatzaileak libre, kondenarik gabe. Ikertu gabe sikiera. Oraindik ere baditugu hiru desagertu: Popo Larre, Naparra eta Pertur. Tortura izan da alderik ilunena. Drogak izan dira, baina hautatu egiten ziren. Baina tortura ez zen hautatzen. Hautu bat egiten ahal genuen: borroka egin ala ez egin. Euskara, herria, ekologia. Hori hautu bat zen. Tartean ere drogak ziren, eta hautua ziren. Baina tortura ez zen hautatzen. Berdin tokatzen ahal zitzaion bakarrik borroka antinuklearrean aritzen zen mutiko bati nola auzoko borroketan ibiltzen zenari nola amnistiaren alde borrokatzen zuenari. Berdin zen. Tortura sistematikoki aplikatu baita Euskal Herrian. Hori bai dela desberdina beste tokiekin alderatuz. Ez dut uste Estatuak drogak sartu zituenik, zegoen errealitate bat profitatu zuen. Gazteriaren parte bat suntsitzen ari zela ikustean errazena izan zen Estatuaren errepresioari hobena botatzea. Baina ez da zuzena. Irungo kokaina ere aipatu beharko genuke. Mila kilo antzeman zituzten Irunen eta Donostiara 300 baino ez ziren heldu. Hori zertarako? GAL pagatzeko edo gerra zikina pagatzeko? Ez dakigu. Hori bai da aprobetxatzea, baina sartzea... Oroitzen naiz nola Amsterdamdik heltzen ziren LSD pilulak, tripi famatuak. Barra-barra iristen ziren Euskal Herrira. Baina ez Estatuaren bidez, jendeak eskatzen zituelako baizik. Jendea Amsterdamera joaten zen, han erosten zituzten, ekartzen zituzten eta Euskal Herrian barreiatzen ziren. Trafikoarekin ere gauza bera zen. Bazen trafiko xehea eta trafiko handia. Trafiko handiaren inguruan baziren katebegi desberdinak. Azken katebegiraino iristea zaila zen. Baina tartean bazen jende aunitz, xeheroak, bere bizioa pagatzeko xeheki saltzen zutenak. Ez dugu patroi bakar bat...

Urte latzak izan ziren eta jende asko hil zen.

Bai. Kalkulu ttipi bat egin dut. Ez naiz soziologoa, hargina eta pintorea naiz, bertzerik ez. Baina Iruñeko Alde Zaharrean 40 gaztetik gora hil ziren. Kalkulu xume bat eginez Iruñean 300 gazte erraz hil zirela esan genezake. Soziologia hartuz, Euskal Herrian lasaiki mintzatu ahal gara 3.000-4.000 gazte hil zirela. 10-15 urteko tartean.

Belaunaldi batentzako kolpe latza izan zen.

Arras ezaguna da drogaren eragina eta afera Euskal Herrian. Herri guztietan eman zen. Baita herri ttipietan ere, adibidez Nafarroako Erriberan, Lizarraldean, Agoitzaldean edo Zangozaldean. Herri guzti-guztietan hil ziren lagun bat, bi edo hiru. Edo ondoren hil ziren, hiesak jota. Edo gibeleko eritasunengatik.

Aipatu dituzun musikarien artean Cicatriz taldekoak izan daitezke gazte askok bizitakoaren adibide argia.

Bai. Kasik ikur bilakatu direla esan genezake. Maleruski laurak hil ziren. Gauza bera errepikatuko dut: bortxaz ez zituen nehork behartu. Bizimodu bat zen. Mezu horiek guztiak nahasten eta uztartzen ziren: bizi a tope, bizi laster, no future... Denak gezurrak ziren. Mezu gezurtiak ziren. Batzuek antzeman zituzten eta emaitza zinez kaxkarra zen.