Jose Angel Oria
IPAR KAUKASO

Emakumeen eskubideek atzera egin dute hamarkadotan, tradizioaren izenean

Txetxenian, Inguxetian eta Dagestanen emakumeen eskubideek atzera egin dute azken hamarkadotan. Errusiako lege aurrerakoienak ez zaizkie aplikatzen, eta horren ordez lege islamiarra edo tradizioa tokatzen zaie, emakumeak hiltzea aurreikusten duten araudiak alegia. International Crisis Group-ek aztertu du beren egoera.

Ipar Kaukasok gerra baino ez du ezagutu azken hamarkadotan. Errusiako indar armatuen eta era ezberdinetako talde matxinoen arteko borrokek gauza asko aldatu dituzte errepublika horietan, baina ICG International Crisis Group-eko ikertzaileek egin berri duten txostenaren arabera, emakumeak duen zereginaren inguruko aldaketak dira nabarmentzeko modukoak.

Eginkizun aldaketa horren arabera Ipar Kaukasoko emakume asko gatazkaren benetako biktimak bihurtu dira, biktimarik biktimenak nolabait esateko, baina beste kasu batzuetan beraiek izan dira nolabaiteko segurtasuna bermatzen zuten herritarrak. Gainera, Ipar Kaukasoko beste emakume batzuek erasotzailearen rola hartu eta sarraskiak eragin izan dituzte.

ICGkoen analisiak dio urte askotako ezegonkortasunak oso erregimen autoritarioak eragin dituela Ipar Kaukason.

Politika aurrerakoienak baztertu egin dira eta atzera begira egoten diren tradizioan oinarritutako neurriak lehenetsi dira.

Azken bolada honetan nagusitu diren ideologiek sekulako kaltea eragin diete emakumeen eskubideei, batez ere Txetxenian, gatazka armatuak gehien kaltetutako lekuan.

Herritarrei zerbitzuak eskaintzeko Estatuak berak dituen gaitasunak murriztu egin dira, eta instituzioak inoiz baino ahulagoak dira gaur egun. Fenomeno horiekin batera, jarduera erlijiosoek eta tradizionalek gora egin dute. Baita ideologia intoleranteenek ere.

Testuinguru horretan, ohorearen izenean, emakume eta neska asko hil egiten dituzte. Etxekoen indarkeria askotan jasan behar izaten dute emakumezkoek. Bahiketak eta umeen ezkontzak ere ohiko bihurtu dira.

Dagestango herri batzuetan, neskei sexu-organoak ebaki izan dizkiete. Txetxenian eta Inguxetian, berriz, dibortziatzen diren emakumeei seme-alabak kentzen dizkiete, «tradizioaren» izenean: seme-alabek aitaren familiarekin hazi behar omen dute eta, aitzakia horrekin, kasu askotan beren haurrak bisitatzeko eskubidea ere ukatzen zaie emakumeei.

Familiaren lotsa «garbitu»

Txostenaren egileek nabarmendu dute Txetxenian etxekoek emakumeen aurka egindako erasoek ez dutela zigorrik izaten. Kasuren batean krimen horiek publikoki zabaltzen badira, biktima bera erail dezakete, «familiaren lotsa garbitzeko».

ICGko ikertzaileek diotenez, eskualdeko amaetxe askok ez dituzte exijitzeko moduko baldintzak betetzen. Ondorioz, kasu askotan emakumeak hil egiten dira, edo saihesteko moduko zauriekin irteten dira.

Osasun sisteman ustelkeria oso ohikoa omen da: haurdun dauden emakumeek ez dute laguntza egokirik jasoko eskupekoren bat eman ezean. Baina eskupekoa ordainduta ere kasu askotan ez da kalitatezko zerbitzurik jasotzen, mediku ezgai eta arduragabe asko baitago zentro horietan. Ez da harritzekoa, beraz, Ipar Kaukasoko ekialdean haurren heriotza-tasa hain handia izatea: Errusiako eskualde garatuenetako ehunekoak bikoiztu egiten dira bertan.

Txostenak eskaintzen dituen datuek agertzen dutenez, Inguxetian arduragabekeria kriminala izan da behin baino gehiagotan. Erregistratuta dauden kasuen artean ageri dira umeak eta ugal-organoak galdu dituzten emakumeak. Horietako batzuk hil egiten dira, gainera. Azken kasua 2015eko irailekoa da, baina egin diren ikerketek ez dute gauza handirik argitu.

Dagestasnen, berriz, Kizilyurt hiriko erietxe batean hiru emakume hil dira azken bi hilabeteotan arduragabekeriaren ondorioz. Kasu batzuetan egoera horrek herritarren protestak eragin ditu: amaetxe batean emakume bat hil izanak ehunka manifestazio eragin zituen, horietako batzuk oso bortitzak.

Errusiako legediaren arabera, krimen horietako asko zigortuta daude. Baina Errusiako agintariei asko kostatzen zaie legearen atal batzuk indartzea, generoarekin zerikusia duten kasuak direnean. Izan ere, Ipar Kaukasoko errepublika batzuetan emakumeekin zerikusia duten krimenak ez dira ikertu ere egiten. Horiei buruzko informaziorik ere ez dute ematen agintariek. Bertako arduradunek egiten duten kudeaketa ez da ez nahikoa ez egokia izaten.

Zergatik gertatzen da hori, Errusiako legedia emakumeen eskubideei dagokienez hain aurrerakoia izanda? ICGko ikertzaileek egin duten irakurketaren arabera, Txetxenian, Inguxetian eta Dagestanen hiru lege sistema ezberdin daudelako indarrean, aldi berean: ohiturazko zuzenbidea, xaria lege islamiarra eta Errusiako legedia. Sistema bakoitzak interpretazio asko onartzen ditu eta egoera hori kasu askotan emakumearen eskubideentzat oso kaltegarri izaten da.

Usteldutako sistema

Gainera, Errusiako lege sistema ustela da. Erabakitakoa aplikatzeko garaian sekulako zailtasunak izaten dira. Auzitegi batek emakumeen aldeko erabakiren bat hartuz gero ere, bertako agintariek oztopatu egiten dute erabakitakoa betetzea, batez ere Txetxenian. Haurraren zaintzari dagokionez, esaterako, epaileak emakumearen alde hartutako erabaki bat ez da kontuan hartzen, «tradizioaren» izenean.

Ikertzaileek nabarmendu duten eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira iritsi zen kasu batean, Errusiak azaldu zuen «tradizioa» zela zaintzaren inguruko erabakiak betearazteko arazo nagusia. Ondorioz, eskualde horietan, urte askoan eta legez kontra, seme-alabengandik aldendu dituzte emakumeak.

Txetxeniako emakumeek sekulako zama eraman dute bizkar gainean bertako bi gerren eraginez. Gizonak frontean borrokan ari ziren bitartean, beraiek izan ziren etxearen euskarri: aldi berean, seme-alabak zaindu eta borrokek kaltetutako etxeak konpontzen zituzten. Emakumeei tokatu zitzaien Errusiako Armadarekin negoziatzea, eta segurtasun zerbitzuek gizonak bahitu zituztenean, errepideak moztu eta protestak deitu eta antolatu zituzten. Egunak egin zituzten instituzioen aurrean bahitutakoa non zeukaten jakin nahian. Emakume horietako batzuk krimenen inguruko informazioa ematen hasi ziren, giza eskubideen aldeko ekintzaile bihurtzeko.

Paradoxikoa bada ere, muturreko baldintzek eragin dute emakumeak emantzipatzea. «Tradizioaren» pisuak behartu ditu gizartean buruzagitza rol batzuk hartzera. Txetxeniako emakume askorentzat gerra hasi zenetik egoerak txarrera egin du. Errusiako tropek 2003an Txetxenia bereganatu zutenetik, Kremlinak bere «txetxenizazio» politika abiatu zuen: bertako zeregin politiko, militar eta administratibo gehienak txetxeniar etniakoen eskuetan geratu ziren, agintea bere garaian independentista izandako familia bati emanez: kadirovtarrei.

Ramzan Kadirov Txetxeniako diktadoreak adierazi izan du bere erregimenak balio tradizional eta moral guztiak berrezarriko zituela. Horrek esan nahi du emakumeak sekulako presiopean jarri zituela: izan ere, diktadoreak esaten du emakumeak senarraren jabetza direla, eta beren zeregin nagusia seme-alabak zaintzea dela.

Kadirov eta poligamia

Diktadorearen ustez, emakumeak tradizioak ezarritako legea betetzen ez badu, konponbiderik onena poligamia da: «Hobe da bigarren edo hirugarren emaztea izatea, norbaitek erailtzea baino». Baina Kadirovek adingabeen arteko ezkontzak eta ezkontza bahiketak debekatu egin ditu, segurtasun zerbitzuetako gizon askok oso neska gazteak ezkontzera behartu baitituzte.

Ipar Kaukasoko emakume gehienak biktima eta bakearen babesle izan dira aldi berean, baina beste batzuek indarkeriaren bidea hartu dute, muturreko planteamenduak defendituz. 2000az geroztik, Errusiak 82 eraso suizida jasan behar izan ditu. Eraso horietan 125 kamikazek esku hartu zuten; horietako 52, emakumeak. ICGk emandako datuen arabera, Dagestango emakume gazte askok islamaren muturreko planteamenduekin bat egiten dute. Azken bi urteotan, Ipar Kaukasoko emakume askok bat egin dute ISIS Estatu Islamikoarekin, Iraken zein Sirian.

Zergatik egiten dute bat ISISekin? Gizonen kasuan aipatzen diren arrazoi berberak aipatzen dituzte ikertzaileek, baina emakumeen kasuan izaten dira fenomenoa esplikatzen laguntzen duten bestelako kausa espezifikoak: gizarte tradizional batean bizitzea, aurrera egiteko aukerarik ez izatea, bere bizitzari buruzko erabakiak hartzeko askatasunik ez izatea, sexu abusuak, edo senarrarekin, anaiekin edo aitarekin izandako harreman traumatikoak. ICGko ikertzaileek nabarmendu dute arrazoi horiek ulertzea ezinbesteko dela, erradikalizazioaren aurkako estrategia eraginkorrak abian jarri nahi badira.