Martxelo Diaz Aristizabal
Elkarrizketa
Pilar Mayo
Iruñeko berdintasun teknikaria

«Eraso sexistak ozen salatzen dituen hiri batek irudi ona ematen du kanpora begira»

Sanferminetan izan diren sexu erasoei ozen erantzun diete hiritarrek Iruñean. Urteetan egindako lanaren fruitua da jarrera hori

Eraso sexistei aurre egiteko Iruñean erabiltzen den sistema eredu bilakatzen ari da. Euskal Herriko eta Estatu espainoleko beste hainbat hiritan gertutik aztertzen ari dira Nafarroako hiriburuan sanferminetan arazo honi nola erantzuten zaion. Errezeta erraza da: emakume talde eta elkarte guztiak Administrazioetako arduradunekin mahai berean eseri eta elkarrekin martxan jarri beharreko kanpainak adostea. Duela 19 urtetik ari da Pilar Mayo Iruñeko Udaleko Berdintasun teknikari lanean eta Sanferminak Berdintasunean ekimeneko partaideetako bat ere bada.

Iruñea eredu bilakatu da, jaietan izaten diren sexu erasoen aurrean erantzuteko era dela-eta. Aurten agerian gelditu da, baina urteak daramatzazue horretan lanean. Ez da kasualitatea horren inguruan kalean hainbeste jende mobilizatzea.

Ez. Beste udaletatik deika ari dira aurten zer egin dugun galdetzeko. Prozesu bati buruz ari gara. Inflexio puntu garrantzitsu bat izan zuen Sanferminak Berdintasunean taldea osatu zenean. Betidanik, jaietan erasoen prebentzioan eta salaketan indartsua izan da kolektibo feministen lana. Erakundeen lana, berriz, kartelak edo prentsa oharrak kaleratzea zen. Baina ez zuen egun duen ezaugarri sendo hori. Aurten, eraso sexistarik gabeko jaiak izateko kanpaina elkarlanean oinarrituta dago. 2014an sortu zen taldea, Emakumearen Kontseiluak egindako proposamen batetik. Eta orain indar handia hartu du. Lehen urtean oso garrantzitsua izan zen taldeekin egindako lana, gauzak adosteko. Argi genuen ere ez zela Udaletxe Plazan txupinazoan gertatzen zenaren kontrako kanpaina bat. Kezka zegoen irudi txarra ematen zelako. Ez genuen gustuko eta geldiarazi egin nahi genuen, egia da. Baina horrek jaietan gertatzen ziren beste gauza batzuetara begiratzen lagundu zuen. Eta hori zen gure aldarrikapena. Kalean edo edozein tabernatan etengabeko jazarpena dago. Giro jatorraz mozorrotuta, jaietan gaudelako. Egia da jai guztietan eraso oso larriak gertatzen direla. Hori hala da eta jende guztia horren aurka dago, baina badira etengabe gertatzen diren bestelako erasoak ere: autobusetik jaitsi eta kuadrillarengana zoazen artean sekulakoak eta bi entzun behar dituzu. Arropa berezia badaramazu edo polita bazara, egoera are okerragoa da. Hor jarri genuen gure jomuga. Bilakaera bat izan delakoan nago eta Iruñeko gizarteak dinamika horrekin bat egin du. Ez dago kontatu dudan hau gezurra dela esaten duen emakumerik. Berdin da zein kolore politikokoak diren. Baten batek esaten ditu oraindik «horrelakorik Iruñean ez da gertatzen» eta gisako inozokeriak. Aurten telebista kate batean esan ziguten. Arazo horri aurre egiten jakin behar izan dugu. Horri guztiari sanferminak Estatuari begira eta mundu mailan izugarrizko oihartzun mediatikoa dutela erantsi behar diogu. Inguruko hiriek (Donostia, Bilbo, Gasteiz, ...) ere prebentzio kanpainak egin dituzte eta lantaldeak antolatu dituzte. Iruñean egin duguna ez da berria. Ingurukoetatik ere ikasi dugu, baina ongi egin duguna taldeen arteko elkarlana indartzea izan da. Harreman ona lortu dugu, bakoitzaren guneak errespetatuz. Baina sanferminek izugarrizko oihartzuna dute. Aurreko urteetan ere erasoak izan dira eta iaz oso kontzentrazio garrantzitsua izan zen. Baina aurtengo erreakzioa oso indartsua izan da. Kontuan izan behar da ere lehen erasoa oso bortitza izan zela. Baina hurrengo erasoek ere erantzun itzela izan zuten. Egia esan, une horretan zalantzak izan genituen ea komenigarria zen berriz kalera ateratzera deitzea. Baina hiru egun lehenago mobilizatzera deitu genuen bezala, berriz deitu behar genuela ikusi genuen. Eta erantzuna itzela izan zen. Gu geu ere harrituta geunden, eta erantzunarekin emozionatuta. Esku gorriaren sinboloa beste toki batzuetan erabiltzen hasi dira, Ermuan kasu, eta horrek pozten gaitu. Balorazio ona egiten dugu. Eta hautetsiek ere oso positibotzat jo dute zabaltze hau.

Modu berezian landu duzue hedabideen arloa, dinamika honetan partaide bilakatuta. Nola baloratzen duzu lan hori? Indarkeria sexista lantzean aldeak ikusten dituzu Iruñeko eta kanpoko hedabideen artean?

Hasieratik ikusi genuen komunikabideekin harreman berezia izan behar genuela. Egindako lan horren guztiaren isla ezin zen prentsa ohar batera mugatu. Edo zinegotzi batek egindako bisita baten informazio batera. Hedabideek gai honetan duten ardura beren gain hartu behar dute. Ezin dira zuk ematen diezun berri baten hartzaile hutsak izan. Lehen urte horretan komunikabideetako langileen argazkia ateratzea proposatu nuen, indarkeria sexistari ezetz esanez. Ordezkari politikorik gabeko irudia zen. Niretzat oso garrantzitsua zen hedabide guztiak bertan izatea. Baita garai hartan baztertu samar zeudenak ere. Azkenean, komunikabide guztiak hor izatea lortu genuen eta hori gakoa izan zen. Kanpainarekiko konpromisoa hartu zenuten guztiek. Aurten heldu garen tokira ekarri gaituen prozesuaren parte izan zen hori ere. Urte horretan komunikabide bakoitzak lan bat argitaratu zuen. Ez zineten guk emandako berri baten zain egon. Iruñeko komunikabideen jarduerak eta kanpokoenak ez du zerikusirik. Batzuekin haserretu egin gara. Udaletxe Plazan gertatzen zena behin eta berriz ateratzen jarraitzen bazuten harremana etengo genuela esan genien. Gauza askok dute eragina: kazetariak, komunikabideak, nagusiek kazetariari eskatzen diotenak. Gertatu izan zait kazetariekin hitz egiten egotea eta gai jakin batzuez baino ez aritzeko aginduak dituztela onartzea. Bilakaera bat egon da. Indarkeriari lotuta dauden berriak lantzeko irizpideak eman izan ditugu. Baina prentsari begira egiten diren ekarpen horiek ez dira ongi heltzen. Formakuntza saio bat antolatu genuen eta hiru lagun baino ez ziren etorri. Zaila da kazetariekin hitzordua egitea. Ezinezkoa da ordu libre bat topatzea bilera egiteko. Irratikoentzako ona den ordua txarra da prentsan aritzen direnentzako. Hori da lortu ez dugun gauzetako bat. Dena den, hedabideekin harreman ona dugu eta argazkirako deialdia egin dugun urte guztietan erantzuna ezin hobea izan da, baita deialdia azken orduan egin dugunean ere. Helburu hori mantendu behar da, baina beste pauso bat eman behar da. Aurten gertatu dena gertatuta, bazaudete ongi aritu zareten hedabideak, estiloa, errespetua eta zer zabaltzen den zainduz, eta badaude arau guztiak apurtu dituztenak eta morbo bila aritu direnak. Filtrazio ugari izan dira. Ez dakit nork jarri behar duen muga. Guk ezin dugu. Baina txorakeriak esateko, min egiten duten gauzak kontatzeko edo ikerketa oztopa dezaketen elementuak zabaltzeko, hobe da mozalaz ahoa estaltzea.

Eraso sexistak salatzeak Iruñea eta sanferminen irudia kaltetzen duela diote batzuek. Baina horien aurrean erantzuteko gai diren hiritarrak daudela erakustea ez da publizitate txarra.

Hala da. Ez da eraso gehiago izan, baina salaketak ugaritu egin dira. Eta hori oso ona da. Hiritarren erreakzioa eta erantzuna ona da. Gertatu denari erantzun diogun modua ona da. Horrek ez du Iruñearen irudi txarra ematen. Guztiz kontrakoa! Baina hori kontatu egin behar da. Eta irakurtzen duen jendeak gauza ona dela ikusiko du. Bestela, esajerazioaren irudia eman daiteke, kalean lasai ibiltzerik ez dagoen hiri bat azaltzen ari gara, eta hori ez da horrela. Analisirako bide hori hartzen baduzu, Iruñea erdia sutan duzu komunikabideen kontra eta etengabe kexuka ari diren emakumeen aurka. Kasu honetan komunikabideek hezkuntza lana ere egin behar dute, sentsibilizazioa lana. Mahai gainean errealitatea aztertzeko beste modu batzuk jarri behar dituzte. Modu duin batean, eta jarrera feministago batekin. Komunikabideek ardura hori duzue. Gai honetan gauden tokira heltzea oso zaila izan da, ahalegin handiak egin behar izan ditugu. Komunikabideak sentsibilizaziorako tresna izan behar dira. Aurten agerkari digitaletan argitaratu diren informazio guztiak biltzen ari gara eta aztertu egin behar dugu. Baina hori ez da Sanferminak Berdintasunean taldeak egin behar duen lana. Zer egiten dugu guk analisi horrekin? Zer egiten dute Iruñeko emakume taldeek? Edo Udaleko prentsa bulegoak? Komunikabideen ardura da. Gai hau lantzeko modua topatu behar dugu. Kontua ez da guk zuei zer esan behar duzuen eta zer ez agintzea. Komunikabideak eta kazetariak gai honetaz ari direnean, arduraz, sentsibilitatearekin eta hezteko helburuarekin lan egitea lortu behar dugu. Horretarako, oso garrantzitsua izan daiteke errealitatea begiratzeko orduan genero arloko betaurrekoak janztea. Eta, egia esan, badira komunikabideak alor honetan beste batzuek baino askoz ere gehiago lan egin behar dutenak. Batzuek ibilbide bat egin dute dagoeneko eta beste batzuek, ez. Baina komunikabide guztiekin ituna edo konpromisoa beharrezkoa da informazioa hobe eta arduratsuago bat eman ahal izateko.

«Urtarrilean hasten gara biltzen, sanferminetako kanpainak adostu eta prestatzen hasteko»

Nortzuek osatzen duzue Sanferminak Berdintasunean taldea eta zein lan egiten duzue?

Talde hauetako kideek osatzen dute Sanferminak Berdintasunean: Gora Iruñea, Bilgune Feminista, Indarkeria Sexistaren Kontrako Emakumeen Plataforma, Nafarroako Gobernuaren Emakumearen Arreta Zerbitzua, Abokatuen Elkargoa, Iruñeko Udaleko Emakumearen Arreta Zerbitzua eta Udaleko Hiri Segurtasun, Berdintasun eta Jendarte Ekintza sailak. Ez dut uste inor ahaztu dudanik. Astero elkartzen gara. Bizpahiru ordu ematen dugu lanean astero, urtarril edo otsailetik. Kanpainaren osagaiak definitu eta eztabaidatzen ditugu. Aurten argi ikusi dugu San Fermin aurreko ekitaldiak eta festetan izaten direnak desberdindu behar direla. Aurten, adibidez, eraso bortitz hori gertatu zenean, Twiterrez inori ipurdia ez ukitzeko kanpaina bat martxan jartzea, nire ustez behintzat, hutsal samarra zen. Gertatu zena gertatu ondoren, marra gorri bat zeharkatu genuela uste dut. Gauza larria jazo zen eta horri ezetz esan beharra zegoen. Ipurdia ez ukitzearena garrantzitsua da, baina beharbada ez zen une hoberena. Bortxaketa anitza genuen mahai gainean. Etorkizunera begira jaien aurretik egiten den fase hori hobetzen joango gara. Arreta handia dago gai horietan, bai hiritarren partetik bai komunikabideei dagokienez. Mezuak jasotzeko erraztasuna dago. Hezkuntzarekin harremana duten programak orain arte ez ditugu asko landu, baina horri ere heldu beharko diogu. Etorkizunera begira oso argi dugu nerabeen ingurunean lan egin behar dugula. Aurten ikerketa bat jarri dugu abian. Jaietan dabilen jendeak zer-nolako jarrerak izaten dituen aztertzen ari gara. Hortik ateratzen dugunarekin prebentziorako ekimenak martxan jartzeko lanean hasiko gara.

Festak antolatzeko prozesuan emakumearen ikuspegia kontuan izatea lortu duzue.

Urtarrilean edo otsailean biltzen hasten gara eta ekimenak noiz egin behar diren adosten dugu. Eta horren inguruan edukiak eta testuak antolatzen hasten gara. Guztia denen artean adosten dugu eta ideien jarioa etengabekoa da. Aurten Berdintasunaren Mahaia proposatu genuen eta bertan Sanferminak Berdintasunean taldea txertatu zen. Entzierroaren Mahaia, Programaren Mahaia eta Kaleko Mahaia martxan zeudela ikusita, Berdintasunak ere mahai propio bat izan behar zuela uste genuen. Eta gainerako mahaiei berdintasuna jaietan nola txertatu behar zen proposatu genien. 43 ekarpen egin genituen. Interesgarriak ziren, berdintasuna jaien programazioaren antolakuntzan nola txertatu proposatu genuen. Gehientsuenak gizonezkoak dira mahai horietan eta emakumearen presentzia aktibatu behar da hor ere. Eta hori ez da emakumeak gonbidatuz soilik egingo. Irudiari eta publizitateari buruzko ekarpenak ere egin ditugu: zer da agertu ezin dena. Eta jaiari berari dagokionez ere, sexu erasorik gabekoa, noski, baina baita emakumeentzako lan estra suposatzen ez duena ere. Sanferminak lan handia eskatzen du eta emakume askorentzat etxean lan gehiegi egin beharra ekartzen du. Txuriz eta arropa lisatuarekin joateak ere lana eskatzen du. Eta segurtasuna ere lehentasuna da. Aurten, sanferminetan hirian arriskutsuak izan daitezkeen tokien mapa bat egin genuen. Mahai hori antolatzea garrantzitsua izan zen. Ez dakit datorren urtean zein izango den antolatzeko eredua, Liburu Zuriarekin ari dira lanean, baina emakumeen ikuspegia txertatzea ezinbestekotzat jo genuen.