joseangel.oria@gaur8.info

ATZERA EGITERA BEHARTUTAKO GIZARTE BATEN BILAKAERA KEZKAGARRIA

Uda honetan Assilah berriz bisitatzeko aukera izan dugu. Orain 30 urteko eta gaur egungo egoerak alderatzeko eta orduan uste genuena zein punturaino ustela zen konturatzekoa. Arlo batzuetan aurrera egiten ari den gizartea ikusi badugu ere, beste askotan atzera doa Maroko.

Orain ia hiru hamarkada ezagututako Assilah herri turistikoan izan gara berriz aurtengo udan. Arlo batzuetan aurrera egiten ari den gizartea ikusi badugu ere, beste askotan atzera doa Maroko, eta Assilah bilakaera horren ispiluetako bat baino ez da. Irakurleak pentsa dezake ez dela zuzena herri turistiko batean ikusitakoa herrialde osoaren bilakaera azaltzeko erabiltzea. Ez zaio arrazoirik faltako. Hala ere, oso baliagarria izan daiteke Mohamed VI.aren erreinuan gertatzen ari dena ulertzeko, batez ere jihadismoak eta diktadurak herritarren nahi demokratikoak suntsitu (ezkutarazi gutxienez) dituzten aro berri eta triste honetan. Marokorentzat eta batez ere Assilahrentzat hain garrantzitsua den turismoa ere erabat aldatu dute azken urteotako baldintza geopolitikoek.

Aurrera ala atzera egiten ari da Maroko? Begiralearen baloreen araberakoa izango da erantzuna. Autoan abiada bizian ibiltzeari sekulako garrantzia ematen dion irakurleak pentsa dezake Rabat hiriburutik Assilahtik barrena Tanger hiri handira eta Tanger Med portura (hiritik 45 kilometrora, eta Ceutatik 20ra) doan autobidea eraiki izana berri ona dela, aurrera doan gizarte baten adierazle dela alegia. Baina arrosa horrek ere badu arantzarik: segurtasun neurriak ez dira Euskal Herriko errepideetan ezagutzen ditugunen parekoak eta istripua edonon sor daiteke: arropa iluna jantzita errepide bazterrean gauean oinez doan herritarrak eragin dezake sustoa, edo autobidean ibili beharko ez lukeen ibilgailu zaharrak, eta batez ere, Europan zintzo-zintzo ibiltzen den baina Afrikan bestelako jarrera hartzen duen gidari burugabeak. Beste arantza bat: zerbait gertatuz gero, poliziek beren lana egin dezaten eskupekoren bat eman beharko diezu kasu askotan, ezbeharren biktima izan direnek esplikatzen dutenez.

Assilahn bertan autobideak eragindako beste arantza batzuk ikusi ahal izan ditugu. Gaur egun dozenaka karroza dabiltza herriko portuaren inguruan, turistak hartu eta herrian buelta bat emateko prest. Munduko zaldirik argalenek eramaten dituzte zalgurdi horiek, ipuin batetik ateratakoak diruditen ibilgailuak: arrosa kolorekoak gehienak eta, nire uste apalean, apaindu beharrean itsustu egiten duten apaingarriekin. Autobidea eraiki arte, Tangerretik Rabatera doan errepidean egiten zuten lan karrozon jabeek, bide horretan zeuden geltokietan, herrietan, hondartza inguruetan… Baina bide berriak arnasarik gabe utzi du zaharra, eta bertan lan egiten zutenek alde egin beharra izan dute. Orain, abuztuan behintzat, Assilahn daude, herriak udan hartzen dituen milaka turista marokoarrak (uda bertan freskoagoa delako) leku batetik bestera eraman nahian; kasu batzuetan beren artean borrokan, beharrak eta estutasunak eragindako haserrearen ondorioz.

Aurrera ala atzera? Tangerrera iritsi eta Assilahko bidea hartzen zuen bidaiariak, garai batean, bazter guztietan nagusi zen plastikoa ikusten zuen. Oso sentsazio txarrarekin geratzen zen. Plastikozko poltsak erabiltzen ziren gauza guztietarako eta bertakoek birziklatzeko ohiturarik ez zutenez –eta ez dute oraindik ere–, leku guztietara iristen ziren plastiko zatiak, txikiagoak edo handiagoak, zuriak edo beltzak, lodiagoak edo meheagoak. Orain, berriz, plastiko gutxiago ikusten da, Gobernuak debekatu egin baititu plastikozko poltsak. Bi lantegik ekoizten zituzten Marokon eta orain itxi egin dituzte. Oraindik erabiltzen dira poltsa horiek, baina gero eta gutxiago, Assilahn bertan esan digutenez.

«Sharki» haizea eta klima aldaketa

Zaborrarekiko jarrera berria al dute orain agintariek? Ala, aro berriak horrela eskatzen duelako, Rabateko Gobernuak klima aldaketaren aurkako neurriak hartzen dituela erakutsi nahi du? Izan ere, Marrakex hiriak hartuko du azaroaren 7tik 18ra hurrengo Klimaren Gailurra, Nazio Batuen Erakundeak antolatzen duen nazioarteko hitzordua, eta ez da batere eredugarria beroketa globalaren aurkako ekitaldia plastikoz jositako leku batean egitea. Edonola ere, Assilahko lagunek esaten digute arlo horretan aurrera egin dela, eta gero eta plastiko gutxiago ikusi eta erabiltzen dela herrialde osoan. Aldi berean nabarmendu behar da aurten inoiz baino sharki gehiago izan dugula, ekialdetik datorren haize bero eta indartsua, hondartzara joatea ere oso ezatsegin bihurtzen duena. Are ezatseginago uretara sartzea, sharki-ak erabat hozten baitu ura, «izotz puskak izango balitu bezala», assilahtarren esaldia erabiltzeagatik. Haize hori al da klima aldaketak Assilahri emandako “saria”?

Assilahn ikusten duzun jendea ere erabat aldatu da. Orain 30en bat urte ohikoa zen AEBetako, Japoniako eta Europako herrialde askotako turistak ikustea. Baina herrialde musulmanetan egin izan diren atentatuek (Egipton egindako erasoek, esaterako, herrialde arabiar guztietan izaten zuten eta izaten dute eragina), estatubatuarrak eta japoniarrak aurrena, eta europarrak geroxeago, izutu ditu. Gaur egun oso gutxi dira Assilahn ikusten dituzun turista atzerritarrak, eta haiekin lan egiten zuten negozioak beren jarduera aldatu beharrean izan dira. Orain Marokoko turistak erakarri nahi dituzte, Assilahk eskaintzen dituen baldintza meteorologiko apartak baliatuta. Gainera, udan, Europan bizi diren milaka marokoar itzultzen dira etxera, familiarekin eta lagunekin egotera. Horretxegatik ezkontza ugari egiten da uda partean.

Garai batean ez genituen inoiz ikusten meskita lepo zela-eta fededun musulmanak kanpoan belaunikatuta otoitz egiten. Orain, berriz, ohiko irudi bihurtu da. Marokoko giroa gero eta musulmanagoa dela dirudi. Emakumeen arropan isla garbia du fenomenoak, eta gaur egun atzerritarrei ere asko kostatzen zaie garai batean bezala bikiniarekin edo minigonarekin ibiltzea. Eskuinera egin du gizarteak, eskuin-muturrera esango nuke, eta zurrunbilo horretatik ihes egitea ezinezko dela dirudi.

Lagunek kontatu digutenez, ideia kontserbadore horiek Europatik itzultzen direnei leporatu behar zaizkie batez ere, ez bertako fededunei. Europan baztertuta bizi eta sentitzen direnek Mendebaldearen aurkako jarrera izaten dute kasu askotan –ulertzekoa da, neurri batean–, nahiz eta behin baino gehiagotan Europako herrialdeetako gizarte laguntzei esker bizi diren, lanik egin gabe. Jakina, Saudi Arabian eta Golkoko beste herrialdeetan egoitza duten telebista kateek ere izan dute beren eragina. Emaitza negargarria da bestelako bilakaera batekin amets egiten duten guztientzat. Giro itogarria, askatasuna maite dutenentzat.

Alkohola, heroina eta burkinia

Islama ulertzeko erarik atzerakoiena nagusitzen ari da Marokon, erregearen bedeinkapenarekin. Eta bertan alkohola edateko asmoa dutenei gehiago kostatuko zaie gaur egun edaria erosteko leku bat aurkitu eta kalean edo terraza batean lasai edatea, begirada zorrotzak berehala erakarriko ditu-eta. Herrialdea ezagutzen ez duenak pentsa dezake marokoarrek ez dutela gustuko alkohola, eta horregatik ez dela erraza edari alkoholdunak aurkitzea. Oker dabil, ordea. Marokoar askori ikaragarri gustatzen zaie lagunen artean edan eta ondo pasatzea, euskaldunoi gertatzen zaigun moduan, baina goian aipatutako giro kontserbadore horrek eragin du herritar askok ezkutuan edatea erabakitzea. Gainera, gero eta garestiagoak dira edari horiek, Gobernuan dauden islamistek etengabe igotzen baitituzte zergak, inork protestarik ez duela egingo jakinda. Nola egingo duzu bada protesta, musulmana izanda alkoholik ez duzula edaten suposatzen denean?

Gezurra eta zurikeria besterik ez dago kontu honen inguruan. Maroko da edari alkoholdun gehien ekoizten duen herrialde arabiarra (populazioa hirukoizten dion Egiptok baino gehiago, esaterako), datu ofizialen arabera. Ardoari dagokionez, urtean 40 milioi botila ekoizten dira herrialdeko lantegietan. Edari alkoholdunen negozioak 400 milioi euro mugitzen ditu urtean eta Marokoko Estatuak 100 milioi euro jasotzen ditu zergen bitartez, “Le Vif/L’Express” Belgikako frantsesezko astekariak emandako datuen arabera. Ekoizpen horren %80 inguru marokoarrek edaten dute eta kontsumoak gora egiten du, batez ere gazteen artean. Eta erregearen familiak mendean dituen enpresak dira ekoizle nagusiak. Ez da harritzekoa saharar hedabide batean honako izenburua ematea gaiari buruzko testu bati: “Mohamed VI.a, fededun mozkorren komendadore”.

Datu argigarri bat: zenbaki ofizialen arabera, Marokon izaten diren zirkulazio istripuen %15 alkoholak eragiten ditu. Horren eraginez, orain bi urte Gobernuak erabaki zuen errepideetan alkoholemia probak egiten hastea, istripuak saihestu edo murriztu nahian.

Alkohola gustuko dutela marokoarrek gauza jakina zen. Aurten harritu gaitu heroina (edo izen hori ematen dioten oso kalitate txarreko gai) ere gero eta gehiago kontsumitzen dutela jakitea. 30 dirham (hiru euro baino gutxiago) nahikoa dira papelina bat lortzeko. Kontsumitzaileak lapurreta beste biderik ez du izaten diru hori lortzeko, eta herritar askok leihoak burdinez egindako hesiz babestea erabaki dute, lapurrei sarrera oztopatu nahian. Orain 30 urteko Euskal Herrian bezala, heroinak herritarren ohiturak aldatzen ditu. Assilahren kasuan, herriaren paisaia bera ere bai. Herritarrek beren segurtasuna ikusten dute arriskuan, eta ahal dutena egiten dute. Gizarteak eskuinera egin dezan beste faktore bat.

Hondartza eta igerilekuetan, aldiz, ez dugu aurkitu eskuinera joateko joera horrek eskatuko lukeen burkini kopururik. Emakumeen gorputz osoa estaltzen duen bainujantziaren erabilera debekatzeak sekulako eztabaida eta tentsioa eragin ditu frantses Estatuan. Gobernuan bertan ere zatiketa eragin du. Baina Marokon normaltasunez hartu dute.

Aheda Zanetti libanoar jatorriko diseinatzaile australiarrak orain hamahiru urte sortutako jantzia aurten iritsi da lehen aldiz Marokoko leku batzuetara, Europan bizi diren marokoarrek ekarrita. Baina emakume gehiago ikusi ditugu burkinirik ez eraman arren goitik behera estalita, bainujantzi horrekin baino. Bikiniak ere oso gutxi ikusten dira Marokoko hondartzetan, baina emakume batzuek erabiltzen dituzte, begirada zorrotzei jaramonik egin gabe, orrialdeotako irudi batean ikus daitekeenez (argazkia Rabat hiriburuko hondartzan ateratakoa da).

Marokoar gehienentzat garestiegia da burkinia: 500 dirham, 50 euro inguru. Garestiagoa zen Australian 2003an, orduan 100 euro eskatzen baitziren, baina sekulako arrakasta izan zuen uharte erraldoi hartan. Herritar askorentzat ez da kontu garrantzitsua, goitik behera estalita olatuen artean jolasean ibiltzea erabat normala baita beraientzat.

Burkinia ez dago marokoarren lehentasunen artean, espazio hori segurtasunak (segurtasun ezak, hobe esanda) eta egoera ekonomikoak bete baitute. Orain bost urte Assilah bera ere astindu zuen Arabiar Udaberriaren arrastorik ez dugu ikusi ere egin. Orain, herritar batzuek, hauteskundeetan nagusitasuna erakusten duten islamistek, Turkiara begiratzen dute, bertan duten “Jainko” berriaren tankerakoa (Erdogan) miresten baitute. Beste batzuek, berriz, benetako demokrazia lortzeko asmoak eta planak baztertu dituzte, herritarrei erabakiak hartzeko aukera utziz gero, bizardunen (islamisten) tesiak nagusitzen direla ikusita. Demokratak zirela zirudien, baina gaur egun Mohamed VI.aren jarraitzaile bihurtu dira, erregeak islamistei mugak jartzen badakiela-eta. Egipton Al-Sissiren kolpea txalotu zutenen antzera. Marokoko demokrazia dago gainbeheran.