Mujika, Amagoia
EREDU TRANTSIZIOA

Suitzako kantonamendu bateko herritarrek baietz esan diote egungo energia kontsumo erdiarekin bizitzeari

Suitzako herritarrek etorkizuneko gizartea nolakoa izango den, zenbat baliabide natural eta energia kontsumituko dituen, erabakitzeko aukera izan zuten joan zen igandean, euskal herritar batzuek hauteskundeetan esku hartzeko aukera izan genuen moduan. Baina Alpeetako herrialdeko erreferendumak balio erantsia izan zuela esan daiteke, orain arteko energia fosilen ekonomia eta gizartea atzean utzi eta bestelako eredu bat egon badagoela, eta badatorrela, erakutsi zuelako.

Igandean bertan Bilbon amaitu ziren III. Nazioarteko Topaketa Ekosozialistak, makina bat sindikatu, alderdi eta elkartek antolatuta. Planetaren egungo egoera eta horren aurrean ematen ari diren ekimenak hiru egunez aztertu ondoren, honakoa irakur daiteke topaketatik irtendako azken manifestuan: «Kapitalismoa giza bizitza ahalbidetzen duten bi oinarrizko menpekotasun nagusiei bizkarra emanda eta hauen kontra garatu da. Lehenik eta behin, ez du kontuan hartzen beste espezie bizidunen antzera, naturatik lortzen dugula bizitzeko behar duguna, eta, bigarrenik, ezkutatu egiten du gure biziraupenerako errotik menpekoak garela beste pertsona batzuk eskaintzen diguten zaintza eta denborarekiko, jaiotzatik heriotzara arte».

Mugarik gabeko hazkundea

«Muga horiek guztiak ahaztuta –eransten du manifestuak–, jendarte kapitalistetako ekoizpen, banaketa eta kontsumo ereduak, irabazi eta pilatze pribatua baino ez ditu bilatzen, eta hazkunde etengabe eta mugarik gabekoan oinarritzen du bere erreprodukzioa. Mugarik gabeko hazkunde honek bete-betean egiten du talka planetaren muga biofisikoekin. Gero eta nabarmenagoa da baliabide naturalak agortzen ari direla (ur edangarriaren eskasia, petrolio merkearen aroaren amaiera berehalakoa, mineral estrategikoen eskasia, arrantza lekuen kolapsoa, basoak soiltzea…), ekosistemen degradazioa (bioaniztasunaren galera azeleratua, zoru eta erreserba hidrikoen kutsadura, ekosistemek eskainitako zerbitzuen degradazio edo gain-ustiaketa…) eta aurrekaririk ez duen natur oreken aldaketa-kaltetzea, ez soilik esparru lokal edo herrialde mailakoan, iraganean bezala, baizik eta lehenengoz ingurumen sistema globalean, klima aldaketa delarik horren adierazpiderik nabarmenena: ekozidioa. Emergentzia ekologiko egoera honek, gainera, milioika ingurumen errefuxiatu sorrarazten ditu», irakur daiteke testuan.  

Hiru erreferendum egun berean

Suitzan hiru gairen (terrorismoaren aurkako borroka eta herritarren espioitza, ekonomia jasangarria eta pentsiodunen erosmen ahalmena hobetzeko ekimen bat) inguruko erreferenduma egin zuten igandean. Begiraleek idatzi dute hiru kasuetan ezkerreko planteamenduek porrot egin zutela, baina botoa emateko aukera eduki izana garaipen moduan ulertuko genukeen Euskal Herriko herritar askok, honaino ez baitira oraindik iritsi Suitzan aspalditik dituzten jarrera demokratikoak, eta horregatik Donostiako zezenketen edo independentziaren inguruan, esaterako, beren iritzia emateko aukerarik gabe geratzen dira euskal herritarrak.

Ezin esan Suitza arlo guztietan eredu denik, ez baita ahaztu behar bere arrakasta ekonomikoaren zatirik garrantzitsuena munduko diktadore eta mafiosoek lapurtutako dirutza gordetzean oinarritzen dela. Hala ere, onartu behar zaio ariketa demokratikoen arloan beste inor baino aurreratuago dagoela, eta ingurumena zaintzearekin lotura duten kontu askotan ere aitzindari dira. Asko dugu ikasteko Alpeetako herrialde txiki eta txukunetik.

«Planeta salbatzeko, ekonomia berdea», aldarrikatzen zuen igandean ezezkoa jaso zuen ekimenak. Proposamenak esaten duenaren arabera, 2050. urtera bitartean herrialdeak baliabide naturalen kudeaketaren eraginkortasuna lortu behar du, planetaren baldintzei eutsi ahal izateko, gure ondorengoek dugun planeta bakarrean bizitzen jarraitzeko aukera izan dezaten. Horixe planteatzen zuen Les Verts Suitzako Alderdi Ekologistak eta ezkerreko indar batek baino gehiagok bat egin zuen ideiarekin.

Geneva-Bilbo lotura

Proposamenak botoemaileen %63ren ezezkoa jaso zuen. Herrialdeak dituen 26 kantonamenduetako batean, ordea, irabazi egin zuen: Genevakoan (hego-mendebaldean dago eta ia 500.000 biztanle ditu), botoemaileen %51,9k aldeko botoa eman baitzuten. Geneva besteak baino aurrerago, beste behin. Genevan egin zen Nazioarteko Topaketa Ekosozialisten lehen ekitaldia, 2014an. Kasualitate hutsa ote? Madrilek hartu zuen bigarrena, iaz.  

Suitzako bozketaren inguruan, esanguratsua da inkestek margotutako bilakaera. Erreferenduma egiteko aste batzuk falta zirela, herritarren %51k esaten zuten proposamenaren aldeko zirela. Soziologoek esplikatu zuten orduan baiezkoa atzera egiten ari zela, eta aurrera ezezkoa, eta ez zuten baztertzen azkenean ezezkoak irabaztea, azkenean gertatu moduan. Hala ere, Gfs.bern webguneko politologoek idatzi zuten ekimenak «gehiengoa biltzeko gaitasuna» duela.

Ezjakinak eta jakintsuak

Horra hor demokraziak duen ezaugarrietako bat: gai bat adituen eta benetako interesa duten herritarren kontu denean, emaitza bat iragartzen dute inkestek (kasu honetan, berdeen proposamenaren arrakasta); baina hitzordu garrantzitsu bat datorrela-eta kanpaina egiten denean, beren interesak arriskuan ikusten dituztenek sekulako propaganda egiten dutenean (energia fosilekin negozio egiten dutenek, kasu honetan), gaia ezagutu ere egiten ez duten herritarrek ere iritzia ematen dute eta baiezko zena ezezko bihurtzen da. Ezjakinek irabazten dute, eta, jakintsuek, galdu. Demokraziaren injustizia ala ezjakin horiei gauzak hobeto esplikatu behar zaizkiela garbi adierazten duen akuilua?

Suitzak lehengai asko inportatzen ditu (kontsumitzen dituen baliabideen %70 atzerrikoak dira). Sortzen dituen hondakinen ehuneko handi bat birziklatzen baditu ere, ez da inolaz ere nahikoa eta birziklatzerik ez dagoen gai ugari eragiten ditu oraindik ere. Gainera, energia asko kontsumitzen du. Mundu osoko populazioak Suitzak adina energia kontsumituko balu, ia hiru Lur planeta beharko genituzke herritar guztiak asetzeko. Horregatik zioten berdeek eredu ekonomikoa aldatu beharra dagoela, gaur egungoa ez baita inolaz ere jasangarria. «Ekonomia zirkularrera» iritsi nahi dute, kontsumo gaiei berriro balioa emanez, lehengaiak birziklatuz, energia kontsumoa murriztuz eta gero eta gai kutsakor gutxiago eraginez.

Ezkerraren porrota?

Agintariek esaten dute bat datozela helburuekin, baina ekimenaren sustatzaileek ezarritako epeak eta erritmoak betetzerik ez dagoela, konpainiek denbora gehiago beharko baitute egin beharreko aldaketa guztiak egiteko. Konpainien interesak eta beharrak aurrena, jakina! Beraz, Gobernuak erabaki du 1983an onartutako Ingurumena Babesteko Legea aldatzea, igandean baztertutako proposamenak esaten zuenera hurbiltze aldera. Erreferendumaren lehen fruitu positibotzat har daiteke.

«Ekonomia berdearen» erreferendumak porrot egin zuen eta esan izan da ezkerrak egin zuela porrot. Eskuindarrei ez al zaie interesatzen gure gizarteak eredu jasangarri bat izatea? Ezin al dute ulertu baliabideak agortzean egungo negozio ereduari eusterik ez dutela izango, ez beraiek eta ez beste inork? Ezin al dute ulertu baliabide gutxi kontsumituko dituen teknologiak garatzen dituenak etorkizun hurbilean negoziorik onena egin ahal izango duela? Gauzak horrela eginez gero, Suitzako (edo Euskal Herriko) ekonomiaren lehiakortasunak gora egingo lukeela?

Teknologia garbien sektorea gora egiten ari da etengabe bazter guztietan, bai Europan bai gainerako kontinenteetan, hazkunde tasa izugarriekin kasu batzuetan. Nahiz eta agintariek eta energia fosilekin aberasten direnek leku askotan oztopoak baino jarri ez.

Argudio horiek ez dituzte konbentzitu Suitzako eskuindarrak. «Ekimen hori inora ez doa», laburbildu du Christian Wasserfallen Alderdi Liberal Erradikaleko diputatuak: «Suitza dagoeneko gai gehien birziklatzen duten herrialdeen artean dago; papera, beira eta plastikoa, esaterako. Gure enpresetako asko sailkapenen lehen postuetan kokatu dira baliabide naturalen eta energiaren erabilera eraginkorrari dagokionez. Hori guztia lortu ahal izan dugu gure kultura ekintzaileari esker, gure enpresek baliatzen duten askatasunari esker». Berdeen proposamena indarrean jarriz gero, Suitzako ekonomiak atzera egingo lukeelakoan dago Wasserfallen: «Proposamen horrek Suitza behartuko luke sistema dirigista bat hartzera, ekonomia planifikatzera. Gauzarik txikienak ere arautuko lirateke, eta ezertarako balio ez duten zigorrak ezarriko lituzkete. Horrek eskatuko luke aparatu burokratiko izugarria sortzea eta horrela gure ekonomia moteldu baino ez litzateke egingo».

«Beste ekonomia bat nahi dugu»

«Gure ekimenarekin ez dugu ekonomia moteldu nahi, guk beste ekonomia bat nahi dugu. Esaterako, asko iraungo duten konpontzeko moduko produktuak era inteligentean ekoizteko gai izango den ekonomia bat, baliabide naturalak alferrik galdu gabe», erantzun du Regula Rytz Les Verts alderdiko presidenteak. Onartu du Rytzek Suitza gai gehien birziklatzen duten herrialdeen artean dagoela, baina gogora ekarri du hala ere hondakin gehien sortzen dutenen artean segitzen duela: bigarren postuan, Europari dagokionez. Suitzak ere asko du egiteko eta, Rytzen iritziz, bide horretan Europako beste herrialde batzuek aurrea hartu diote Alpeetakoari.

Egoera batetik bestera pasa beharrak arazo ugari eragingo ditu. Gai hori ere egon zen Bilboko topaketako mahaian, eta honakoa nabarmendu zuten instituzioek egin beharrekoaz: «Sozialki beharrezkoak diren sektore sozialak bultzatu behar dituzte botere publikoek, eraikinen birgaitze energetikoari zein energia berriztagarriei, garraio publikoei, agroekologiari, zaintzari eta aisiari lotutako zerbitzu komunitarioei, eta osasun zein hezkuntzari eskainitakoak. Energia eta material gutxi kontsumitzen duten sektoreak dira horiek, eskulanean intentsiboak direnak eta, horregatik, trantsizio ekosozialetan murriztu edo desagertu diren sektore ekonomikoetako enpleguen galera ekidinezina konpentsatzeko lagungarriak izango direnak».

Eraikinen birgaitze energetikoa aipatu dute Bilbon elkartutakoek, Suitzan dagoeneko egiten hasia duten bidea. Galdera batetik abiatzen da “2.000 watteko gizartea” izeneko ekimena: posible al da egun kontsumitzen den energiaren erdia baino gutxiago kontsumituta, egungo erosotasun mailari eustea? Baietz erantzuten dute bultzatzaileek. Gogora ekartzen dute Basilea hiriko Erlenmatt West auzoa: 574 etxebizitza eta makina bat zerbitzu ditu, jatetxe bat barne. Iazko urrian bukatu zuten. Suitzan dagoeneko dituzten bi “2.000 watteko eremuetako” bat da Basileakoa.

Eta aurki beste zazpi izango dituzte hiri ezberdinetan, horietako bat Berna hiriburuko Stockacker Suden, trenbidearen eta autopista baten artean kokatuta. Bernan eraikitzen ari diren konplexuak herrialdean eraikitzen ari diren beste askoren itxura du: porlanezko bospasei solairu eta fatxadan balkoi zabalak. 146 etxebizitza edukiko ditu datorren urtetik aurrera. Baina Stockacker Sudeko hiru eraikinak energia gutxi kontsumitzeko diseinatuta daude eta datozen hamarkadetan ezarriko diren arauak kontuan hartuta.

Auto gutxi eta bizikleta asko

Birziklatutako hormigoia erabili dute eraikin horiek egiteko eta erabat isolatuta daude, Minergie-P-Eco arauak kontuan hartuta egin baitute lan. Eraginkortasun energetikoa bermatzeaz gain, beste abantaila batzuk ere badituzte: argi naturala bazter guztietara iristen da, gai kutsakorrik ez dago etxebizitzen barruan eta oso erradiazio gutxiko materialak erabili dira.

Hori bai, leku horretara bizitzera joaten direnek onartu beharko dute etxeak pertsona bakoitzeko 60 metro koadro baino gutxiago izatea eta autoa uzteko aparkaleku gutxi izatea (27 besterik ez, eta lehentasuna izango dute desgaitasunen bat duten bizilagunek). Konplexua garraio publikoko geltoki baten ondoan dagoenez, autoarekiko menpekotasuna txikiagoa da. Gainera, 510 bizikleta aparkatzeko lekua izango du.

Autoarekiko sekulako menpekotasuna duen Euskal Herrian pentsa daiteke horrelako baldintzak eskaintzen dituen konplexu batek ez duela erosle askorik erakarriko, baina Suitzako hiriburuan (bertako etxeen %50ean ez dute autorik) gauzak beste era batean ikusten dituzte. «Proiektua aurkeztean, jende askok esan zigun ez genuela lortuko nahikoa maizter aurkitzea. Izena emateko epea zabaltzean, aldiz, bi hilabete eskasetan, ditugun etxebizitzak baino eskari gehiago jaso genituen», azaldu du Renato Bomio konpainia eragileko zuzendariak. 

Alemania, 20 urteko energia trantsizio arrakastatsua

Energia fosilak atzean utzi eta garbiak erabiltzen hasteko prozesuan aspaldi hasi ziren herrialde batzuetan, eta orain gainerakoek haien esperientziatik ikasteko aukera dute. Alemaniak, esaterako, hogei urte daramatza bide horretan eta une honetan bertan kontsumitzen den argindarraren %30 inguru energia berriztagarrietatik ateratzen dute (lignito izeneko ikatz mineraletik %24, beste ikatzetatik %18, zentral nuklearretatik %14, gasetik %8,8 eta gainerakoa beste iturrietatik).

Orain hogei urte hasitako bide hori 2011n indartu zuten. Kontsentsu politiko zabal bati esker, karbono gutxiko ekonomia batera iritsi nahi duen energia trantsiziorako politika onartu zuten. Energia iturri garbiak ekoiztea eta kontsumitzea bultzatzen da, baina oraindik ez dute lortu ikatzarekiko menpekotasuna gainditzea. «Energia trantsizioaren lehen faseak arrakastatsuak izan dira orain arte, energia berriztagarriak asko hazi baitira, trantsizioarekin bat egiten baitute herritarrek eta Gobernuak epe ertaineko eta luzeko helburuak ipini baititu mahaiaren gainean», Sascha Samadi Wuppertal Institutuko analistak IPS agentziari esplikatu dionez.

Lehen faseko fruituen artean dago Alemaniak beste edozein herrialdek baino eguzki energia gehiago sortzea biztanleko, nahiz eta bertako eguraldia ez den egokiena horretarako.

«Erregai fosilak kentzeko prozesua oso ondo diseinatu eta antolatu behar da –adierazi du Johannes Remmel Ipar Renania-Westfalia landerreko Ingurumen ministroak–. Energia berriztagarriak bultzatzen ez badituzu, azkenean energia inportatu egin beharko duzu».

Alemaniaren kasuan, lignitoa erretzen jarraituko dute datozen hamarkadetan, Gobernuak egin dituen egitasmoen arabera. Herrialdeak bederatzi meategi ditu eta horietan 16.000 lagunek egiten dute lan. Urtean 170 milioi tona ateratzen dituzte. 2045 arte, meategi horiek lanean jarraituko dute. Txinak, Greziak eta Poloniak ere lignito asko erabiltzen dute.

Gainerako ikatzen inguruan egindako aurreikuspenak anbizio askoz handiagokoak dira. Gobernuak erabaki du 2018an geldituko dituztela egun lanean jarraitzen duten bi meategiak. Ipar Renania-Westfaliako Ibberburengo meategia da horietako bat. 2015ean 6,2 milioi tona ikatz atera zituzten bertatik, aurten eta 2017an, 3,6 milioi, eta 2018an, 2,9 milioi. Orduan geratuko dira lanposturik gabe bertan lan egiten duten 1.600 lagunak. «Meatzaria naiz eta nire lanera erabat lotuta nago. Nire lagunen izenean hitz egiten dut. Zaila da guretzat meategia ixtea. Tristura da nagusi hemen, geure hileta ikusten ariko bagina bezala gaude», esan zion IPS agentziari Hubert Huls konpainiako zuzendariak.

Meategiak ixteak lanpostuen galera dakarren moduan, energia garbiak garatzeak lanpostu asko eragiten ditu, energia trantsizioa bizkortzearen aldekoek behin eta berriz esaten dutenez.

Bestalde, klima aldaketaren inguruan munduko agintariek iaz Parisen markatu zuten bidean aurrera egiteko ere energia trantsizioa ezinbestekoa da. Alemaniak erabaki zuen negutegi efektua eragiten duten gasen isurketa 2020rako %40 murriztea, eta, %95, 2050erako. Gainera, ordurako Berlingo agintariek nahi dute herrialdeak kontsumitzen duen energia guztiaren %60 garbia izatea.

Edonola ere, helburu horiek berraztertzen ari dira etengabe. Egungo planen arabera, 2019an berriz aztertuko dituzte energia berriztagarriak sustatzeko bere garaian erabakitako sustapen neurriak, indartze aldera. Eta hiru urte geroago, 2022an, Alemanian lanean ari diren azken hiru zentral nuklearrak itxiko dituzte. Baina Gobernua ez da hain ausarta izaten ari lignito meategiekin, eta Garzweilerrekoa, esaterako, lanean edukiko dute 2045 arte. «Era guztietako erronkak ditugu aurrean: teknologikoak, azpiegiturei dagozkienak, inbertsioak, politikoak, sozialak, berrikuntzarekin lotutakoak... Gobernuak azken bolada honetan hartu dituen erabakiek adierazten dute ez dagoela nahikoa borondate politikorik karbonoa atzean uzteko hartu behar diren erabaki gogorrenak hartzeko», Sascha Samadi analistaren iritziz.

Konpainien jarrera ulertzekoa da, neurri batean. Energia trantsizioak eragingo dien kalte ekonomikoak murriztu nahi dituzte eta hori lortzeko nahi dute Estatua bera arduratzea konponbideak aurkitzeaz. «Energia berriztagarriak garatzeari buruzko eztabaida sutsua izango da. Prozesu hori moteldu dezakete, baina inork ez du lortuko erabat geldiaraztea», Heinz-J Bontrup Gelsenkirchengo Unibertsitateko irakaslearen arabera.

Alemaniatik ikasi beharrean gara. Sophia Schonborn KlimaDirkurs.NRW e.V erakundeko adituak nabarmentzen du herritarrek esaten dutena entzutearen garrantzia. «Alemaniakoa ez zen inposizio bat izan, gizarteak berak bultzatu baitzituen energia ereduan ezarri beharreko aldaketak», esplikatu du.