joseangel.oria@gaur8.info
ERRELEBOA ETXE ZURIAN

AEBetako deabru guztiak askatu al ditu Donald Trumpen garaipenak?

AEBetako gutxiengoen aurkako erasoak, mehatxuak eta irainak ikaragarri ugaritu dira Donald Trumpek hauteskunde presidentzialak irabazi zituenetik. Obamak berak herritarrak batzeko moduko mezuak plazaratzeko aholkatu dio Etxe Zuriko hurrengo maizterrari, baina beldurra eragiten duten gertaeren kopuruak ez du behera egiten.

Orain arte ezkutuan eduki dituzten barne deabruak askatzen hasiak dira makina bat estatubatuar, gutxiengoetako kideen kalterako. Beren izaeraren aurpegirik bortitzena azaltzeko aukera ikusi dute orain, Donald Trumpek presidentetzarako hauteskundeak irabazi ondoren, eta, hala, denbora askoan gordeta eduki duten alderik ikaragarriena azaldu diete biktimei. Shaun King ekintzaileak dozenaka eraso eta mehatxu jaso ditu Twitter sare sozialeko bere kontuan; kasu gehienetan erasotzaileek presidente berriaren izena aipatu dute.

Latinoamerikar jatorrikoak, musulmanak eta beltzak izaten dira eraso eta irain horien biktima nagusiak. “The New York Times” egunkariak jakinarazi du Louisiana eta Kaliforniako agintariak emakume musulmanen aurkako «gutxienez hiru eraso kasu» aztertzen hasiak direla. «Gorroto krimena» deitu zioten eraso horietako bati. Esra Altun 19 urteko San Joseko Unibertsitateko ikasleak salatu du gizon batek ilea estaltzen dion zapitik heldu eta lurrera bota zuela, inolako arrazoirik gabe. Trumpen kanpainako txano bat zeraman gizon batek beste neska musulman bat egurtu zuen Louisianan.

Svastikak eta nazien ikurrak Filadelfiako denda bateko atarian margotuta, New Yorkeko eskola batean abestutako kanta xenofoboak, Massachusettsen zabaldutako mehatxuz betetako eskutitzak, campusetan entzuten diren irainak: azaroaren 8az geroztik, tankerako gertaerak ugaritu egin dira, sare sozialetan horien berri zabaltzen zen bitartean.

«Nik zapia daramat buruan. Nire ondotik pasa den pertsona batek esan dit ‘zure ordua iritsia da, nire txikia’», idatzi du Twitter sare sozialean Mehreen Kasana kazetariak.

Latinoamerikar jatorriko herritarrak Trumpen kanpainaren jomugan egon ziren hilaren 8a arte, eta haren jarraitzaile batzuek presidente berriak hasitako «lanarekin» jarraitzen dute orain. SPLC Southern Poverty Law Center erakundeak egin duen ikerketak horixe adierazten du. Maryland estatuko Silver Springs herrian, hispanoek erabiltzen duten eliza baten fatxadan, “Zurientzako bakarrik” idatzi zuten, eta “Trump nazioa” ondoan. Hala ere, Trumpek berak garrantzia kendu nahi izan die gertaera horiei, oso gutxi direla esanez. «Oraingoz», erantzun beharko litzaioke. «Hau bukatu egin behar da», esan berri du New Yorkekoak.

Obamak berak aholkatu dio herritarrak berriz batzeko moduko mezuak plazaratzeko, batez ere une honetan oso kezkatuta dauden gutxiengoei begira.

SPLC erakundeak «gorrotoan oinarritutako» 200 gertaeratik gora dokumentatu zituen hauteskunde osteko lehen lau egunetan, asteartetik ostiralera. Hona hemen Washington estatuko irakasle batek kontatu duena: «Asteazkenean, kafetegian gosaltzen ari nintzela, batzuek ‘eraiki horma’ abesten zuten. Nire gelan, berriz, ikasle batzuek oihukatu zidaten ‘hemen jaio ez bazara, prestatu maleta’».

Beldurra emateko giroa

Richard Cohen SPLC erakundeko presidenteak onartzen du gertaera horiek ezin direla eskubide zibilen aldeko mugimenduaren garaiko erasoekin alderatu, «ez baitiete elizei su ematen, baina argi dago boom baten aurrean gaudela».

Edonola ere, eraso giroa ez da berria AEBetako gutxiengo batzuentzat. Esaterako, FBI Polizia federalak argitara eman duen txosten baten arabera, 2015ean musulmanen aurkako erasoen kopuruak %67 egin zuen gora.

Herrialdeko puntu askotan, hezkuntza zentro aurrerakoienetan ere, gertaera kezkagarriak izan dituzte eta mezu elektronikoak bidali dituzte neurriak hartuko direla ziurtatzeko. Kasu batzuetan komunean idatzitako grafitiak baino ez dira, baina Trumpen kanpainako leloa, “Egin dezagun berriz Amerika handi” idatzi beharrean, “Egin dezagun berriz Amerika zuri” idatzi dute.

Pennsylvaniako eskola batean grabatutako bideo batean ikasleek Trumpen aldeko txartel bat daramate, “Aginte zuria” oihukatzen duten bitartean. Sarah Harvarden lagun musulman bati Trumpen jarraitzaile batek mehatxu egin zion Illinoisko Unibertsitatera autobusean zihoala. Adriana Medinak salatu du Queens konderriko autobus batean zihoala St. Francis eskolako ikasle batzuek honakoa esan zietela bertan zeuden gutxiengoetako kideei: «Zuek autobusaren atzeko aldean eseri behar duzuela ez al dakizue? Trump jada presidentea da».

Estatubatuar horiek harropuztu egin dira eta hizkera xenofoboa erabiltzen dute beltzak, hispanoak eta homosexualak iraintzeko. New Yorkeko Brooklyn auzoan svastikak margotu dituzte eta Poliziak ikerketa bat jarri du abian. «Aniztasunak eder egiten duen hirian ez dugu indarkeriarik onartuko», adierazi du alkateak.

Gertaera batzuk larriagoak dira. Michigango Ann Arbor Unibertsitateko ikasle bati gizon zuri batek mehatxu egin zion: zapi musulmana kendu ezean, su emango zion. Montanako Missoula herrian, Amerikako Alderdi Naziak propaganda banatu du «juduen hedabideei» Trumpen aurkako jarrera leporatuz. Bertako sinagogak babesa eskatu dio Poliziari.

Giro horretan izendatu du Trumpek aholkulari nagusi Steve Bannon, zurien nagusitasuna aldarrikatzen duen eskuin muturreko pertsona. Difamazioaren Aurkako Ligako Oren Segalek uste du izendapen horrekin «muturreko taldeak harropuztu besterik ez direla egiten».