amagoia.mujika@gaur8.info
INDARKERIAREN ERROAK

XVI. eta XVII. mendeetan senarrak emaztea «zuzentzeko» eskumena zuen

Jendarte batean ematen diren indarkeria motek gauza asko kontatzen dituzte jendarte horri buruz. Hari mutur horri tiraka ikertu ditu XVI. eta XVII. mendeko tratu txar kasuak Jesus Mari Usunariz historialari nafarrak. Garaiko Nafarroak indarkeria sexista nola bizi zuen azaltzen duen erradiografia artxiboetan dago jasoa.

Azaroaren 25a, Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna. Halaxe izaten da 1999az geroztik, Dominikar Errepublikak proposatuta eta Nazio Batuen Erakundeak hala erabakita. 1960ko azaroaren 25ean, Patria, Minerva eta Teresa Mirabal ahizpa dominikarrak bahitu eta kolpeka hil zituzten militarrek, Trujilloren diktaduraren kontra borroka egiteagatik. Hilketa horiek oihartzun handia izan zuten Dominikar Errepublikan bertan eta munduan barna. Eta militante horien omenez aukeratu zen azaroaren 25a indarkeria matxistaren kontrako egun bezala.

1999 urtea baino lehen ez zeukan indarkeria matxistak egun propiorik egutegian. Baina, tamalez, aspalditik, mendeak aurretik, indarkeria matxistarenak izan dira urteko egun guztiak.

1596. urteko abuztuaren 19an aurkeztu ziren Nafarroako Gorte Errealaren aurrera fiskala eta Maria Romeo Corellako bizilagunaren abokatua. Biek ala biek Juan Sanchezen –Maria Romeoren senarraren– kontrako salaketa aurkeztu zuten. Salaketaren arabera, sei-zazpi hilabete ziren bikotea ezkondu zela. Denbora horretan Mariak «pertsona geldia eta baketsua» zela erakutsi zuen. Senarrak, aldiz, «lanik egin nahi ez zuen pertsona nagia» zela garbi utzi omen zuen, emaztearen ondasunak gastatzen zituena eta Mariari «bizitza txarra» ematen ziona.

«Arrazoirik edo motiborik gabe, kolpeak ematen dizkio eta bere bizitza arriskuan jarri izan du behin baino gehiagotan», jasotzen du salaketak. «Azkena, abuztuaren 4an. Senarraren tratu txar jarraituen ondorioz, Mariak etxetik alde egin zuen eta osabarenera joan zen babes eske. Senarra bere bila joan zen. Osaba mezatan zegoela baliatuz, bere babeslekutik atera eta kolpeka eraman zuen etxeraino. Kolpe horien ondorioz, Mariak ezin ditu besoak mugitu eta dena ubelduraz beteta dago. Behin etxean, soka batekin lotu zizkion besoak eta hankak oramahai batera eta etxean abandonatu zuen. Atea giltzaz itxi eta bakarrik utzi zuen. Arrisku handiko egoeran, emakumea haurdun baitago, gerora adierazi duenez. Bere builak eta laguntza eskaerak entzunda laguntzera gerturatu zitzaizkion neskame gazte bat, Miguel de Baigorri errejidorea eta zenbait bizilagun».

Auziek kontatzen dutena

Corellako Maria Romeorena da Jesus Mari Usunariz historialari eta Nafarroako Unibertsitateko irakasleak aztertu dituen kasuetako bat. Usunariz XVI. eta XVII. mendeetako historia sozialean espezializatuta dago eta bereziki aztertu du sasoi horretako Nafarroako historia, «dokumentu aberastasun handia» dagoelako. Indarkeria mota desberdinak ikertu ditu Usunarizek hainbat doktorego tesitan, jendarte bateko indarkeria moduek jendarte horren ezaugarrien inguruan zeresan handia dutela ulertuta. «Emakumeen kontrako indarkeria ikertzea erabaki nuen, konturatu nintzelako epaitegietan prozesu dezente zeudela. 1520 eta 1790 bitarteko 200 bat salaketa ikertu ditut, Nafarroako Artxibo Orokorrean eta Iruñeko Elizbarrutiko Artxiboan jasoak daudenak», kontatu du historialariak.

«Historia soziala liluragarria da ertz guztietatik begiratuta. Epaitegietako auziek, dokumentu bezala korapilatsuak diren arren, informazio aberatsa eskaintzen dute. Batetik, kexa, delitua edo demanda jasotzen dute. Baina, horrez gain, baita beste gauza asko ere: bizilagunen jarrera –ikusi dutena, entzun dutena eta pentsatzen dutena– eta baita epaileen jarrera eta ikusmoldea ere. Auziak prozesu tristeak eta gogorrak dira, tratu txarrak ere halakoak direlako. Baina, era berean, garaiko komunitatearen inguruko pista asko ematen dizkigute bertako informazioa jasotzen eta interpretatzen asmatuz gero».

Auzitegietako prozesuek, beraz, balio dute jendarte baten erradiografia egiteko. Usunarizek ikertu dituen XVI. eta XVII. mendeetako indarkeria sexistaren berrehun bat kasuetatik abiatuta, zenbait ondorio jar daitezke mahai gainean. Garai hartan, noski, ez ziren indarkeria sexista modura definitzen, «tratu txar» edo «tratu txar eta ankerkeria» modura baizik.

«Kasu gehien-gehienetan emakumea zen salaketa jartzen zuena. Nik ikertu ditudan prozesuetan, kasuen %80 inguruan emakumea da zuzenean salaketa jartzen duena. Batzuetan senideren batek lagunduta egiten du; anaia, aita, osaba... Eta odola tartean denean, alegia tratu txarren ondorioz zauri odoltsuak daudenean, fiskalak ere esku hartzen du. Badira kontrakoa esaten duten tesiak, baina, kasuak ikusita, garbi esan daiteke emakumea bera zela salaketa jartzen zuena, abokatu baten laguntzarekin».

Izen eta irudi ona eraiki beharra

Salaketa horretan lehenik eta behin tratu txarra nolakoa izan den kontatzen da. Baina hori ez da nahikoa. Emakumeak emazte «ona, umila, obedientea, langilea» izan dela ziurtatu behar du, «tratu txar hori ez zuela merezi frogatu behar balu bezala». Finean, garaiko jendarteak emakumeari inposatzen zion rola zuzen eta zintzo betetzen duela ziurtatu behar du.

Erasotzaileak, bere aldetik, berdina egiten zuen, bere izen eta irudi ona eraiki. «Gizonezkoak esaten du gizon ona dela, ondradua, langilea, familia zaintzen duena eta emaztea ondo tratatzen duena. Aldiz, emaztea harroa dela esaten du, bere egitekoak betetzen ez dituena, senarrari gaizki hitz egiten diona, ez duena obeditzen...». Eta batzuek zein besteek beren izen ona zabaldu eta bestearena zikinduko duten lekukoak eramaten dituzte, bizilagunak normalean. Horien testigantzetatik garaiko jendartearen berri jaso daiteke.

Maria Romeoren kasura bueltatuz, emakumearen salaketa indartu zuten bere osabaren eta bizilagunen testigantzek. Mariaren osaba eta babesle zen Martin Virtoren hitzetan, «senarrak behin eta berriz mehatxatzen du beren ondasunak salduko dituela esanez. Gainera, bizimodu txarra ematen dio emazteari, horretarako motiborik gabe». Miguel de Baigorri errejidorearen esanak ere esanguratsuak dira. «Kalean oihuak entzun nituen ‘akabatu egingo du’ esanez. Korrika atera nintzen etxetik eta sancheztarren etxearen aurrean jende asko ikusi nuen bilduta. Atea irekitzea lortu nuen eta Maria askatzea». Bizilagunen testigantzek tratu txarren kontaketa indartu egin zuten: «Auzoan gauza jakina eta nabarmena da Sanchezek emaztea oso gaizki tratatzen duela. Askotan ikusi dugu kolpatzen, bai makilekin eta baita sokekin ere».

Erasotzailea, berriz, bere burua defendatzeko emaztearen izen ona zikintzen saiatzen zen, bere kontaketarekin eta lekukoen esanekin. Juan Sanchezen esanean, bera gizon ondradua eta ona zen. Maria emaztea, berriz, «itxura oneko emakume ederra, senarrari harro hitz egiten diona eta ez diona obeditzen. Bere gustua egin nahi duen emakume askea da, errespetu gutxi eta askatasun asko dituena. Maria Romeok nahikoa arrazoi ematen ditu ‘edozein gizon ondraduk’ bere portaera zuzen dezan. Senarrak mehatxatu eta kolpatu egin behar du emaztea etxean jasota eta eutsita bizi dadin», jasotzen da epaiketako dokumentuan.

«Zuzentzeko» eskumena

«Garbi dago garai horretan erabateko boterea gizonezkoak duela. Etxean bizi diren guztiak –emaztea, seme-alabak, morroiak...– bere mendekoak dira, eta, ondorioz, haien portaerak eta jokaerak zuzentzeko eskumena du. Hortik uler daiteke gizonari ematen zitzaiola bere kargu zeuden pertsonak ‘zuzentzeko’ eskumena. Beste gauza bat da nola ulertzen den ‘zuzenketa’ hori. Inongo epaitegik ez du onartuko ‘zuzenketa’ hori krudela eta bortitza izatea eta gizonak ‘gehiegikeriak’ egitea».

Ulertzen da, beraz, gizonezkoak «neurrian» emaztearen portaera zuzendu eta zigortu zezakeela. Hartara, pentsatzekoa da epaitegietara iristen ziren kasuak larriak zirela, bortitzak. «Epaitegietara iristen zirenak muturreko tratu txarrak ziren; kolpeak, ostikadak, irainak, makilakadak, makilaz emandako zartadak, sokarekin azoteak... Salaketa horietan, gainera, ez da bakarrik indarkeria fisikoa jasotzen, indarkeria psikologikoa ere jasotzen da. Engainuak, adulterioa, beste emakume batzuekin harremanak izatea, dotearen dirua gastatzea, abandonatu egingo dituela esanez mehatxu egitea... Interesgarria da dagoeneko XVI. eta XVII. mendeetan indarkeria psikologikoa ere aintzat hartzen zela».

Tratu txar fisiko eta psikologikoez gain, bazen bestelako eraso mota bat ere: ekonomikoa. «Normalean erasotzailea izaten zen etxeko ekonomiaren kontrola zuena, bere mende zeuden ondasun guztiak eta maiz modu okerrean kudeatzen zituen. Gainera, emaztea eta seme-alabak abandonatuta eta zer janik ez zutela uzten zituen», kontatu du Usunariz.

Hori horrela, emakume askok, nahiz eta tratu txar bortitzak salatu, azkenean salaketa kendu eta senarra aske uzteko eskatzen zuten; «biziraupen hutsagatik», dio Usunarizek. Maria Romeoren kasuan ere halaxe gertatu zen. Corellako emakumeak salaketa kentzea erabaki zuen azkenean, senarra etxean izan gabe nekez egingo baitzuen aurrera garai horietan. Eta haurdun zegoen, gainera.

Antzekoa da Gareseko Maria de Arizteguiren kasua ere. Senarrak laban batekin zauritu zuen eta tratu txarrengatik salatu egin zuen. Baina epaiketa martxan zela, Mariak bere burua erruduntzat aurkeztu zuen, senarra «probokatu» egin zuelako. «Maltzurra, mozkorra, traidorea eta beste hitz itsusi asko esan nizkion», adierazi zuen. Aitortza horren atzean, baina, bizirauteko nahia baino ez zegoen, «senarrik gabe bera eta bere haur txikia gosez hilko zirelako, ez zutelako ondasunik eta senarraren lanarekin egiten zutelako aurrera». Emakumearen lana zaintza zen; aitortu gabeko eta ordaindu gabeko lana. Bestelako lanik egin nahi izan balu ere, ez luke biderik topatuko.

Komunitatearen jarrera

Komunitateak nola ikusten zituen tratu txarrak? Etxe barruko arazoak zirela ulertzen zuen edo komunitatearen arazotzat hartzen zituen? Zein jarrera zeukan erasotzailearekin eta erasotakoarekin? XVI. eta XVII. mendeetako auzietatik jaso daiteke horren inguruko hainbat pista.

1555. urtearen bueltan, Graciana de Mañeruk, Garesko bizilagunak, salaketa jarri zuen Pedro de Irisarri bere senarraren kontra, modu bortitzean jipoitu zuelako behin baino gehiagotan. «Apaizek eta alkateek behin baino gehiagotan kargu hartu diote bere portaeragatik, baina berdin segitzen du. Bizilagunek ere kargu hartu diote, eta erantzun die ‘bere emaztearekin nahi duena egin dezakeela’».

Larraintzarren, 1605. urtean, Mari Martin de Miquelarena 20 urteko emakume gazteak eragotzi zion Martin de Irazoizi bere emaztea kolpatzea.

1558. urtean, Bernardo San Justo Iruñeko kartzelara eraman zuten maizterrek, emazteari makilakadak emateagatik.

Juan de Andiaren kontrako epaiketan, Maria de Zubielqui bizilagunak esan zuen auzoan sekulako ahaleginak egin zituztela bikotearen artean bakeak egiteko, baina alferrik. «Juan de Andiaren erasoak gero eta bortitzagoak eta odoltsuagoak dira eta emaztearen oihuak gero eta latzagoak. Eta horrek auzoko bakea aztoratzen du».

Usunarizen hitzetan, «komunitatean bazegoen erasotako emakumearekiko elkartasuna. Maiz, gainera, emakumea babesten saiatzen ziren senideak eta bizilagunak, batzuetan etxean aterpea eskainiz edo jatekoa emanez. Komunitate txikiak ziren, denek zeukaten ondokoaren berri eta tratu txarrek komunitateko oreka hausten zuten. Iruditzen zaigu XVI. eta XVII. mendeetan jendea oso bortitza eta basatia zela eta ez zela elkartasunik eta enpatiarik existitzen, baina ez da egia». Komunitateak, beraz, ez zuen indarkeria sexista maite, desordena eta egonezina sortzen zituelako.

Esanguratsua da, esaterako, 1618. urtean Iruñeko San Lorenzo elizako Andueza apaizak senar-emazteen inguruan idatzitako testua: «Zein lotura egon daiteke ezkonduen artean emazteak senarrari beldurra baldin badio? Senarra etxera sartzean emaztea dardarka hasten bada? Eta zein gozamen izan dezake emaztea esklaboa bailitzan tratatzen duen senarrak? Emaztearen askatasunaz gozatzen ez duen senarrak? Zein gozamen eduki dezake esklabo bezala beldurra badio eta ez badio maitasuna eskaintzen emakume libre bezala? Senarrak jakin behar du Jainkoak eman dion emakumea ez diola esklabo modura eman, bizitzako adiskide bezala baizik».

Epaileak, ezkonbizitzaren alde

Egia osoa esanda, baziren elkartasunetik urrun zeuden jarrerak ere, eta hala jasotzen dute garaiko zenbait dokumentuk. «Graciana de Mañeruren osabak, Miguel de Azterainek, aspalditik zuen ilobak jasaten zituen tratu txarren berri. Bizilagunek askotan kontatzen zizkioten eta bitartekari lana egiteko eskatzen zioten. Berak, baina, ez zuen ezer egin, ‘senar-emazteen arteko kontuak’ zirela ulertuta». Beste batzuek, berriz, tratu txar horiek emaztearen portaerarekin justifikatzen zituzten; «kaskarina da», «senarrari begirune gutxi dio», «gauza guztietan agintzen du eta gauza guztiak berak egiten ditu, eta senarrari ez dio uzten ez agintzen ez egiten» eta antzeko argudioak erabiliz.

Epaitegien egitekoak eta jarrerak ere merezi du atentzioa. Epaitegi zibiletan gizonezkoa zigortua izatea eskatzen zen normalean. Elizako epaitegietan, berriz, banantzea izaten zen azken helburua.

Epaitegien lehen helburua ezkonbizitza babestea izaten zen eta ezkontza bera babesten zuten gizabanakoak baino gehiago. Senarraren autoritatea mantentzea ere izaten zen beren lana eta emaztea «arrazoirik gabe» ezin zela kolpatua izan nabarmentzen zuten. Hartara, senarrak emaztearen jokaerak «zuzentzeko» zuen eskumena aitortzen zuten epaitegiek eta eskumen horren neurrian jartzen zuen arreta. Alegia, neurrikoa edo neurri gabea izan ote zen.

«Epaitegi zibiletan, emazteak etxetik alde egin badu epaileak etxera bueltatzera behartzen du. Era berean, epaian garbi jasotzen du senarrarentzat abisua: ez baduzu emaztea ondo tratatzen, zigorrik larrienak sufrituko dituzu. Eta zigor horien artean dago erbestea bera. Elizako epaitegien kasuan, banantzearen alde egiten den kasuetan emakumea toki seguru batera eramaten da; senideren baten etxea, komentu bat, monasterio bat... eta, nahiz eta etxetik kanpo bizi, senarraren betebeharra da emakumearen biziraupena. Alegia, berak ziurtatu behar du jatekorik ez zaiola faltako. Epaiketak iraun bitartean, epaileak garbi ikusten badu emakume horren kontrako bortizkeria larria izan zela, automatikoki etxetik atera eta toki segurura eramaten du. Gerta daiteke, hala ere, behin epaiketa bukatuta emaztea etxera bueltaraztea. Epaitegiak beren garaikoak dira eta denaren gainetik senar-emazte lotura mantentzen saiatuko dira. Baina normalean ondo ziurtatuko dute tratu txarrak ez direla berriz emango eta horretarako mehatxu larriak egiten dizkiete senarrei. Eta normalean oso aintzat hartzen dituzte mehatxu horiek, badakitelako epaileek horiek betetzeko bideak dituztela».

Mehatxuak, beldurraraztea, isolamendua, tratu txar fisikoak, gehiegikeria emozionala eta ekonomikoa... Indarkeria sexistak modu antzekoak erabiltzen ditu lehen bezala orain. Lehen, XVI. eta XVII. mendeetan, eta, orain, XXI. mendean.

 

Sexu portaera eta amatasuna, emakume perfektuaren zutabeak

Amaia Nausia Pimoulier historialari eta ikertzaileak XVI. eta XVII. mendeetako Nafarroan emakumeen alarguntasuna ikertu du. Garai hartan emakume alargun on bat izatea zer zen eta, horri tiraka, emakumeari zein eredu inposatzen zitzaion. «Emakumearen ideala garai horretan bi zutabetan oinarrituta zegoen. Alde batetik, bere jokabide sexualean, hau da kastitatean. Emakume baten sexu portaeraren arabera neurtzen zen bere ohorea eta baita bere familiaren ohorea ere. Eta, bestetik, amatasunean. Garai horretan pentsatzen zen –eta hori oso atzetik datorren kontua da, zibilizazio patriarkalaren zentzua hor baitago– emakumeek ekarri zituztela gizartearen gaitzak. XVI. mendean, gainera, azalpen biologiko bat ere ematen zen horren inguruan. Esaten zen gizonak zein emakumeak pasioek menderatzen zituztela, baina Jainkoak gizonari pentsatzeko gaitasuna eman ziola, eta, emakumeari, berriz, ez. Beraz, gizonak, pentsatzeko gaitasuna zuenez, kontrola zitzakeen bere pasioak. Baina, emakumeak, tuntunagoa zenez, ezin zituen bere pasioak kontrolatu».

Badira, gainera, teoria hori indartzeko zenbait azalpen. Juan Luis Vives XVI. mendeko pentsalari kristauaren arabera, hazia jasotzeko orduan emakumearen sabela hotz bazegoen, emakume bat sortzen zen. Aldiz, sabela bero bazegoen, gizonezko bat. Vivesen arabera, «por defecto de calor vivo, la mujer es más imbécil por naturaleza». Eta Vivesek gogoeta horretatik ondorioztatzen zuen zeregin txikiak eta garrantzia gutxikoak eman behar zitzaizkiola emakumeari.

«Hortik abiatuta, emakumearen inguruan diskurtso paternalista bat eraiki zen, gaur egun oraindik ere bizirik dagoena. Emakumeak ezin zuenez bere burua kontrolatu baina bereziki tentagarria zenez, bortxatua baldin bazen, errua ez zen gizonarena –bortxatzailearena– bortxatuarena baizik. Zergatik? Ez zituelako bere pasioak kontrolatu eta gizona tentatu zuelako. Bortxaketa prozesu horietan gizonezkoa biktima modura agertzen da, eta, emakumea, errudun moduan», kontatu du Nausiak.

Bada paralelismorik egungo zenbait diskurtsorekin. Baina bada, era berean, desberdintasunik. «Komunitatearen jarreran igartzen da desberdintasun handiena. Emakumeen kontrako erasoak kasu pribatuak ziren arren, komunitateak propio bezala hartzen zituen, komunitatearen ordena hankaz gora jartzen zutelako. Emakumea ez bazegoen ondo, bere familia ere ez zegoen ondo. Gainera, familiaren ohorea ere zikintzen zen, eta familia bera izaten zen kaltetua. Kezka ez da emakumearen ingurukoa, komunitatearen bakearen eta ordenaren ingurukoa baizik», zehaztu du historialariak.

Emakume alargunen kasuak ikertuta, alarguntasunaren inguruko garaiko zenbait lege oso argigarriak dira emakumearen sexualitatea nola ulertzen zen ikusteko. «Lege horietako baten arabera –denboran askoz lehenagokoa dena– alargun geratzen den emakumeak gutxienez urtebetean alargun mantendu behar du. Zergatik? Haurdun baldin bazegoen, haur hori senarrarena zela ziurtatzeko, eta ez beste batena. Emakume alargunen bigarren ezkontzak ere oso gaizki ikusita zeuden. Gizonaren kasuan, berriz, ez, ulertzen baitzen haurrak zaintzeko eta etxea aurrera eramateko emakume bat behar zuela ondoan. Gizonek, gainera, denbora gutxiago behar zuten berriz ezkontzeko. Emakume alargun perfektua zen etxean haurrak zaintzen geratzen zena», segitu du. Badira, baina, kontraesanak, Elizak ulertzen baitzuen gazterik alargun geratu zen emakumea berriz ezkontzea komeni zela, «gizon bat alboan behar zuelako bere sexualitatea kontrolatzeko. Ulertzen zen dagoeneko esperientzia sexuala izan zuela –ezkonduta egon zelako– eta arriskutsua zela horregatik, kontrolatzen zaila».

Aldiz, adinean aurrera joan eta alargun geratzen zena berriz ezkontzea ez zen batere ondo ikusten. «Jada seme-alabarik ezin bazuen izan, bizio hutsagatik ezkondu zela ulertzen zen. Herri askotan apaizek salatu egiten zituzten emakume horiek eta herriko gazteek karrakarekin zarata ateratzen zuten emakume haien inguruan, beren izen ona zikintzeko».