Jose Angel Oria
KUBAREN ERAGINA MUNDUAN

Afrikako herriek beren lagunik handi eta eskuzabalena galdu dute Fidel Castro hiltzean

Afrikako nazio askotako gobernu, erakunde, ekintzaile eta hedabide ugarik gogorarazi dute egunotan Fidel Castro zenak eta Kubako Iraultzak sekulako lana egin zutela herri horien garapenaren alde. Nigeriako Osun estatuko agintariek laburtu dute askok pentsatzen dutena: «Mundua hobea da berari esker».

Modu ezin hobean deskribatu zuen afrikarren sentimendua Nkosazana Dlamini-Zuma Afrikar Batasuneko Batzordeko presidenteak Hegoafrikako Johannesburgo hirian, ANC Afrikako Kongresu Nazionaleko ehunka kideren aurrean eskainitako hitzaldian: «Komandanteburua hil delako oso triste bagaude ere, bere bizitza zoragarria ospatu behar dugu». Afrikan ohikoa denez, asko maitatutako pertsona bat hiltzen denean abestu egiten dute, negar egin beharrean. Lau orduko iraupena izan zuen ekitaldian Gwede Mantashe ANCko idazkariak ere hitz egin zuen: «Fidel Castrok milioika lagun inspiratu zituen gure herrialdean. Oraindik kubatar iraultzailearen aldetik asko dugu ikasteko». Hizlariak gogorarazi zuen Kubaren esku hartzeak sekulako garrantzia izan zuela Angola, Namibia eta Hegoafrikaren askatasuna lortzeko garaian.

Gerra Hotza aipatuta, askotan Afrikaren azken hamarkadotako historiaren zati oso garrantzitsu bat estalita geratzen da, kontinente hartan ez baitziren izan Sobietar Batasuna eta Ameriketako Estatu Batuak eragina izan zuten herrialde bakarrak. Kubak bere eredu propioa garatu zuen –eta garatzen jarraitzen du, ebola izurritearen aurkako borrokan ikusi berri dugunez–, eskuzabaltasun sistematikoan oinarritutako bidea, Mendebaldeko potentziek kolonialismoari eusteko ahaleginean jarraitzen zuten bitartean.

Soldaduak eta medikuak

Piero Gleijeses historialari estatubatuarrak makina bat herrialde bisitatu ditu Kubaren ekarpenaren garrantzia behar bezala dokumentatu nahian. AEBetako, Errusiako eta Kubako artxiboetan lanean denbora asko egin du. Bere lanean oinarrituta, Angel Guerrak “La Jornada” egunkarian gogorarazi du Kubaren esku hartzea oso garrantzitsua izan zela Aljeriak bere askatasuna lor zezan. «Askok ahaztuta dute uharteak bidalitako tropek Hassan II.a Marokoko erregeak antolatutako erasoaldia geldiarazi zutela, nahiz eta erasotzaileek AEBen laguntza izan zuten», esplikatu du Guerrak. Garai hartan marokoar erregimenak Tinduf inguruko eremu bat bereganatu nahi zuen, sortu berri zen Aljeriako Estatuari sekulako kaltea eragiteko. «Orduan sortu zen, han bertan, osasunaren inguruko kubatar elkartasuna, dozenaka medikuren lanarekin». Gaur egun uharteko 30.000 mediku inguru (hirutik bi emakumeak) eta beste horrenbeste osasun langile ari dira lanean munduko herrialde pobretu askotan.

Aljerian ere ez dute ahaztu Kubaren laguntza. Fidel omentzeko egindako ekitaldi batean, Abdelkader Ben Salat Abdelaziz Buteflika presidentearen eledunak esan zuen hemendik aurrera ere askatasuna eta berdintasuna nagusi den mundu bat eraiki nahi dutenek kubatar iraultzailearen bizitzan aurkituko dutela etorria: «Ba al da bere desagertzeak planeta osoan eragin dituen sufritzen ari diren milioika lagunen sinpatia adierazpen espontaneoak baino kontsolamendu hoberik Kubako herri lagunarentzat?», galdetu zuen eledunak.

Cuito Cuanavaleko borroka

Portugalen mendean zeuden herriak askatzeko borrokan ere (Angola, Ginea Bissau, Cabo Verde eta Mozambike) sekulako garrantzia izan zuen kubatarren laguntzak. Bertako askapen mugimenduetako ehunka kide eta buruzagi gaitu zituzten kubatarrek 1965etik aurrera. Iberiar penintsulako herrialdeko Krabelinen Iraultzak ahalbidetu zuen herrialde horien independentzia, baina kubatarrek estatu berriekin elkarlanean jarraitu zuten eta Habanak 300.000 soldadu bidali zituen Angolara 1975 eta 1988 artean, Hegoafrikako indar arrazisten erasoaldiari aurre egiteko. Adituek diotenez, Hegoafrikako erregimen arrazistari amaiera eman zion faktoreetako bat kubatarrek Angolako Cuito Cuanavalen Hegoafrikako Armadari emandako egurra izan zen. Nelson Mandelak berak onartu zuen kubatarren ekarpenaren garrantzia, 1991n Matanzasen eskaini zuen hitzaldian: «Arrazismoa ezabatzeko Kubaren konpromiso sendoak ez du parekorik. Jakin badakigu Kubako herriarekin dugun zorra itzela dela. Beste zein herrialdek erakuts dezake horrelako eskuzabaltasuna Afrikarekiko harremanetan? Cuito Cuanavaleko porrotik gabe, gure erakundeak ez zituzten inoiz legeztatuko. Armada arrazistak jasan zuen porrot hari esker nago ni hemen orain».

Thenjiwe Mtintso Hegoafrikak Kuban duen enbaxadoreak nazioarteko politikak eragiten dituen paradoxak gogorarazi ditu Fidelen heriotzaren harira: arrazistekin bat egiten zuten potentziak hegoafrikarren “lagun” bihurtu ziren apartheid sistema hankaz gora bota zutenean, eta orain Kuba baztertzeko eskatzen diete hegoafrikarrei, arrazismoaren aurkako borrokan gehien lagundu zietenak baztertzeko alegia: «Gure erantzuna oso sinplea da: kubatar martirien odola da, ez ‘lagun’ horiena, Afrikako lurraren barrena dabilena, gure aberriko askatasunaren zuhaitza elikatzen duena».

Etxe Zurikoen haserrea

Hegoafrikako erregimenari kosta ahala kosta eutsi nahi zioten AEBetako agintariek, eta horretarako ezinbestekotzat jo zuten Namibiari eta garaiko Rhodesiari eustea, horiek erortzean, apartheid sistemaren aldekoak ere eroriko zirelakoan.

Salim Lamrani idazleak Al Mayadeen hedabidean iaz esplikatu zuenez, Henry Kissinger AEBetako estatu idazkariak berak Kubaren aurkako bonbardaketa sistematikoa antolatu zuen 1976an, uharteak Afrikan egiten zuen lanaren eraginez. Gerald Ford presidentearen baimena lortu bazuen ere, operazioa bertan behera utzi zuten, gauzak erdizka egitea porrotaren tankerakoa zelakoan. Edonola ere, Kuba uharte txikiak Afrikan egindako lanaren garrantzia ulertzen laguntzen du potentzia nagusiaren ezinegon horrek.

Robert Mugabe Zimbabweko presidentea Habanara iritsi zen asteartean, Fidel Castro goratzeko ekitaldietan esku hartzera. Karguan betikotzeko bere ahaleginek herrialdean eragiten dizkioten buruhausteak alde batera utzita, iraultzaile mozorroa jantzi zuen agintariak Kubako hiriburuan eta gogorarazi zuen Castrok zientzialariak gaitzeko laguntza agindu ziola: «Denborarekin, 3.000 irakasle baino gehiago prestatu zituzten eta horiek sekulako lana egin dute gure herrialdean». «Anaia maitea» deitu zion zenduari.

Angolan ere gogoan dute Kubak egindakoa. Jose Eduardo dos Santos presidenteak erabaki du duten autopista nagusiari “Fidel Castro Ruz Kubako Iraultzaren Komandantearen Bidea” deitzea. Herrialde horretan, Kuban ikasketak egin zituzten herritarrek Fidelen aldeko ekitaldiak antolatu dituzte.

«Mundua hobea da Fideli esker»

Hage Gottfried Geingob Namibiako presidenteak txalo zaparrada izugarriak jaso zituen Habanan eskaini zuen hitzaldian: «Zein da askatasunaren salneurria? Fidelen borroka ez zen sekula izan etekin ekonomikoa ateratzeko, zapaldutako herriei laguntzeko baizik. Zuen interes bakarra Namibiako herriaren askatasuna zen. Baliabide asko bideratu zituen Namibiak independentzia lor zezan. Eta kubatarrak ez ziren Namibiara urre eta diamanteen bila joan: Kubara bueltan soilik borrokan eroritako lagunen gorpuak ekarri zituzten». Namibian gaur egun ere ume askori Fidel edo Castro izenak ipintzen zaizkie.

«Erraldoien artean erraldoi» deitu dio Castrori Brahim Ghali Fronte Polisarioko buruak. Gogoan du Mendebaldeko Saharako ikasle askok egin dituztela ikasketak Kuban, ondoren Tindufen lan egiteko.

Ekuatore Gineako agintariek ere Fidelen bizitza goraipatu dute. Obiang presidenteak esan du kubatarraren «laguna» dela eta haren «ideia politikoekin» bat egiten duela, nahiz eta bere eguneroko jardueran kontrako jarrera izaten duen: bere poltsikoa loditu, herritarrak pobretzen dituen sistema ustelari eusten dion bitartean.

Nigeriako hego-mendebaldeko Osun estatuko agintariek laburtu dute afrikar askok pentsatzen dutena: «Mundua hobea da berari esker». “Premium Times” egunkariak argitara eman duen agiriak nabarmentzen du «kubatarren espiritu menderaezina». Kuba eta Nigeriaren arteko harremanak oso onak izan dira azken lau hamarkadetan eta horren eraginez Olusegun Obasanjo presidente ohiak lau aldiz bisitatu zuen Karibeko uhartea.

Abdel-Hakim Gamal Abdel-Nasser (Nasser Egiptoko estatuburu zenaren semea) politikariak nabarmendu du Kubako herriaren borondateak garaitu dituela «indar maltzurrak, nahiz eta indar horiek potentzia erraldoi baten babesa izan».