Jose Anjel Oria
GERRA LEGEEN PORROTA

Nazio Batuetako idazkari nagusiak zibilak eta kooperanteak babesteko deia egin du

Pasa den abuztuaren 19an, Laguntza Humanitarioaren Nazioarteko Eguna zela eta, Nazio Batuetako hainbat ordezkarik gerra eta gatazka testuinguruan lan egiten duten boluntarioren aurkako erasoek gora egin dutela salatu eta gerra legeek porrot egin dutela ohartarazi zuten. Astelehenean beste kooperante bat hil zuten.

Lorena Enebral Perez 38 urteko fisioterapeuta joan den astelehenean hil zuten Afganistango Mazar-i-Xarif hirian, Gurutze Gorriaren instalazioetan lanean ari zela. Nazioarteko erakundeak utzi egin zuen Afganistan joan zen otsailean jasan zuen eraso baten ondorioz, eta orain aste batzuk hasi zen berriz lanean aipatu hirian, ipar-mendebaldeko leku gehienetan lan guztiak bertan behera utzita baitituzte. Otsaileko gertaera izugarri hartan sei lankide boluntario hil zituzten eta beste bi bahituta eraman, Jawzjan iparraldeko probintzian konboi bati eraso egin ondoren.

Ahmad Ramin Gurutze Gorriko eledunak esplikatu duenez, kooperante espainolak besoak edo hankak galdutako ume, emakume eta gizonei ematen zien laguntza. «Oinez berriz nola hasi eta besteen laguntzarik gabe jaten erakusten zien», azaldu du Raminek.

Erakunde humanitarioetako langileek izaten dituzten lan-baldintzak hobeto ulertzeko ere balio du Enabral Perezen aurkako erasoak. Erasotzailea, Poliziaren arabera, Muhammad Naseem 22 urteko gaztea zen, 3 urte zituenetik laguntza medikua zentro berean jasotzen zuen gizona. Bere gurpil-aulkian ezkutatu zuen kooperantearen aurka erabiliko zuen arma. Baghlan probintziatik zetorren, beste gurpil-aulki bat erabiltzen zuen 19 urteko gazte batekin batera. Behin egin zuen tiro Naseemek, bigarrena egiterako atxilotu egin zuten-eta. Instalazioak segurtasun konpainia pribatu batek zaintzen zituen, ez Afganistango segurtasun indarrek. Erasotzailea eta laguna berehala atxilotu zituzten. Baghlan probintzian indar handia dute talibanek.

Gerra nolabait arautzeko sortu dugu gizakiok Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioa. Askok “gerra legeak” esaten diete. Borrokatan era zuzenean esku hartzen ari ez direnak babestea litzateke helburua; baita borroka horietan gehiago esku ez hartzeko erabakia hartu dutenak ere. Gainera, gerran erabil daitezkeen baliabideak eta metodoak mugatzea ere gerra legeen helburu da. 1949an, Bigarren Mundu Gerra bukatu ondoren, sinatu zen Genevako Konbentzioak dio gerra denboran zibilak errespetatzea ezinbestekoa dela.

Baina egunero ikusten dugun errealitateak oso bestelako joera erakusten digu. Zibilak jomuga bihurtu dituzte leku askotan, helburu politikoak lortzeko. Stephen O’Brien Gai Humanitarioetarako Nazio Batuen idazkariordeak eta Jan Egeland Siriara bidaltzen den laguntza koordinatzen duen gizonak elkarrekin sinatu zuten abuztuaren 19an plazaratutako artikulu bat Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioak porrot egin duela nabarmenduz: «Gauza bat oso garbi dago: gerra legeak bertan behera geratu dira toki askotan».

Egun horretan ospatu zen Laguntza Humanitarioaren Nazioarteko Eguna, «krisi humanitarioen lehen lerroan hil diren senideak, lagunak eta lankideak omentzeko aukera ezin hobea», egileek idatzi zutenez.

Testuan gogorarazi zuten azken urtean erakunde humanitarioek 158 eraso jasan dituztela, eta horietan 101 kooperante hil dituztela, beste 98 zauritu eta 89 bahitzeaz gain.

«Erasoak gero eta basatiagoak dira». Bakarren bat nabarmendu behar izanez gero, Egelandek eta O’Brienek iazko uztailaren 11n gertatutakoa azpimarratzen dute: Hego Sudango gerra zibilean, makina bat kooperante Juba hiriburuko Terrain etxebizitza konplexuan bizi ziren eta dozenaka soldadu bertaratu ziren: emakumeak bortxatu egin zituzten, gainerakoak begiratzera behartzen zituzten bitartean, eta kazetari bat hil egin zuten.

Nazio Batuetako adituek egin duten irakurketaren arabera, «erasoarekin soldaduek oso mezu garbia igorri zioten komunitate humanitarioari: gure neutraltasuna dagoeneko ez dela errespetatzen, geure lan humanitarioak dagoeneko ez gaituela babesten».

Langile humanitarioen aurkako erasoak ez dira herrialde bakar batean gertatzen ordea. Nazio Batuek emandako datuen arabera, azken bi hilabeteetan erasoak jasan behar izan dituzte Sirian, Somalian, Afganistanen, Hego Sudanen eta Afrika Erdiko Errepublikan: hildakoak, zaurituak eta bahituak

Erasotzaileentzat, jomuga guztiak ez dira berdinak izaten. Badirudi osasun langile eta instalazioak lehentasunezkoak direla beraientzat. 2016an 979 osasun langile erasoen biktima izan ziren. Egelandek eta O’Brienek gogorarazi zuten MSF Mugarik Gabeko Medikuek Yemenen kudeatzen zituzten bi erietxe bonbardatu egin zituztela, nahiz eta gobernuz kanpoko erakundeko arduradunek borrokan ari ziren bi aldeei instalazioen koordenatuak aldez aurretik eman zizkieten.

Aurrera begira jarriz gero, larriena da eraso horiengatik ez dela ezer ordaintzen, inpunitatea nagusi dela alegia: «Eraso horietako asko ez dituzte inoiz ikertu, eta ikerketaren bat abian jartzen den kasu arraroetan, lana ez da behar bezala egiten. Eta hori ere oso mezu garbia da, ulertu nahi duenarentzat: eragile humanitarioen aurkako indarkeria baimenduta dago eta aldeek Nazioarteko Zuzenbideak esaten duenari jaramon ez egiteko aukera dute, ondoriorik jasan beharrik izan gabe».

Nazio Batuetako arduradunek salatutako eraso horietako asko Estatu baten babesik ez duten talde armatuek eginak dira, baina eragindako biktima kopuruari erreparatuz gero, «Estatuak dira hildako eta zauritutako kooperante gehien eragin duten erasoen arduradunak». 2015ean eta 2016an Estaturen baten zerbitzura zeuden agenteek 54 langile humanitario hil zituzten.

Kooperante bat hiltzen edo zauritzen dutenean, erakundeak erabaki dezake herrialde horretatik alde egitea edo, kaltea hain larria izan ez dadin, bidaltzen duten laguntza murriztea.

Gaur egungo gerratan esku hartzen duten talde armatu batzuek laguntza humanitarioaren banaketari oztopoak jartzen dizkiote «taktika moduan, frontearen lerroaren ‘alde okerrean’ bizi diren komunitateak laguntzarik gabe gera daitezen. Ondorioz, komunitate horiek erabat utzita geratzen dira eta gero bere onera itzultzeko urte asko behar izaten dituzte».

«Umeek beharrezkoak dituzten tratamenduak har ditzaten oztopatzen dute talde horiek, familiek elikagaiak lor ditzaten, komunitateek babesa aurkitu dezaten», nabarmendu dute bi egileek.

Hiru proposamen

«Ezin dugu onartu kooperanteek propio egindako erasoen biktimak izaten jarraitzea», esan dute Stephen O’Brienek eta Jan Egelandek. Hori lortzeko «sistema bera aldatu behar da». Ildo horretan, «pertsona askok bizirik jarraitzeko aukera izan dezaten», oinarrizko hiru proposamen egin dituzte, inpunitateari ateak ixteko, erakunde humanitarioen neutraltasunari eusteko eta erakunde horiek dituzten bertako langileak babesteko.

Inpunitateari dagokionez, egileek uste dute estatuek Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren bortxaketa larriak ikertu eta zigortu egin behar dituztela: «Estatuek, batez ere indartsuenek, gatazkan esku hartzen duten talde guztiei exijitu behar diete, baita bere indar propioei ere, nazioarteko arauak errespetatzeko». Zentzu horretan oso garrantzitsua izan daiteke nazioarteko presioa, Juba hiriburuko Terrain etxebizitza konplexuko erasoaren kasuan gertatu moduan: «Orduan egin zen presioaren ondorioz, soldadu batzuk epaileengana eraman zituzten. Prozesuak arrakasta izaten badu, inpunitateari mugak jartzea posible dela frogatuko litzateke».

Bestalde, erakunde humanitarioek beren neutraltasunari eutsi behar diote: «Laguntza humanitarioa negoziatzeko txanpon moduan erabiltzen dituzten taldeak salatu behar ditugu, komunitateko pertsonarik hauskorrenak bahitu bihurtzen baititu. Beren helburu politikoak lortzeko laguntza humanitarioa tresna bezala erabiltzen dutenen aurka borrokatu behar dugu».

Hirugarren proposamenak erakunde humanitarioek leku bakoitzean kontratatzen dituzten langileekin du zerikusia. Gero eta gatazka gehiagotan babesten omen dituzte langile horiek, batez ere oso arriskutsuak diren eremuetan. Nazio Batuetako arduradunek salatu dutenez, «bertako bazkideek oso segurtasun maila kaskarrari egin behar diote aurre eta nazioarteko langileek ez diete behar adina laguntzen».