Peru Dominguez Olabide

Platano irabiatua

Baditut, trenean oinak pareko eserlekuan jarrita eta ogitarteko bat jaten joaten diren lagunak, gero, menditik bueltan beraien autoan sartzeko oinetakoak kentzera behartu eta bertan ezer jatea debekatzen didatenak.

Autoaren adibidearekin jarraituz, ni neu, autoa ia egunero erabiltzetik, behar beharrezko daukadanetan erabiltzera pasa naiz gurasoek gasolina nire poltsikotik ordaintzea egin didatenetik. Botere harrigarria beraz diruarena, gauzek duten kostuaz ohartarazten baitigute kasu askotan.

Hala eta guztiz ere, askotan, botere horrek huts egin eta ondorioz, diruak engainatu egiten gaitu kostuaren inguruko informazioa ematerakoan, gure ekintzetan islatuta geratzen delarik.

Ekintza horietako bat litzake, organiko nahiz bosgarren edukiontzira alhadura handirik gabe elikagaiak botatzea. Izan ere, tipula kiloa euro batean erosi ondoren, hiruzpalau zaborretara botatzeak ez digu inolako zamarik eragiten kontzientzian. Aldiz, benetako kostuaren balioa Felipe IV. aren aurpegia daraman txanponak adierazten duena baino haratago doa.

Batetik, ingurumen kostuak aipa daitezke. Zaborrontzira botatako elikagaiek alferrikako uraren erabilera bat daukate bere baitan, ura pribilegioa den lekuetarako galera handia delarik. Gainera, mendebaldeko elikagaien kontsumo (eta zarrastelkeri) masiboa hornitu ahal izateko egun nagusi den nekazal ekoizpen metodoak, lurzoruen higadura eta biodibertsitate galera handiak eragiten ditu.

Bestetik, gizarte kostuak ere badira. Eskala handiko nekazaritza jarduerek eragindako baliabide urritasunak, mundu mailan bizilekuen galera gero eta handiagoa sortzen ari da, emaitza, desplazatu eta errefuxiatu fluxu gero eta handiagoak direlarik. Honekin lotuta, baliabide gaineko presio honek gatazka sortu dituzte leku bat baino gehiagotan.

Azkenik, ikuspuntu ekonomikotik, nekazaritza jarduerak jasotzen dituen diru-laguntza handiak kontuan hartuta, elikagaiak zaborretara botatzeak, diru publiko hori ere zaborretara botatzea suposatzen du. Esan gabe doa, diru horren erabilera alternatiboak denoi etortzen zaizkigula burura.

Beraz, benetako kostua handitzen duten beste hamaika arrazoi aipatu gabe utzita, hasiera batean kostu handikoa ez zirudien keinu honek, kostu handiak suposatzen dituela ikusi dugu ingurumen, gizarte eta baita ekonomia mailan. Badira moduak elikagaien zarrastelkeria hau murrizteko, hala nola, kontsumoa murriztea, elikagaiak berrerabiltzea, birziklatzea, etab. Formula magikorik ez da behar, planifikazio, borondate eta irudimen apur batekin nahikoa da.

Nik heldutako platanoekin irabiatu bat egiten dut.

Bilatu