Iratxe Esnaola Arribillaga
Hezkuntzan doktorea

Pokemon Go

Pokemon Go smartphonetarako doako jolas bat da. Lokalizazio geografikoan eta errealitate areagotuan oinarritzen dena.

Jokoaren arauak modu sinple batean azaltzen saiatuko naiz: jokalariak Pokemon deitzen diren “izaki birtualak” harrapatu eta entrenatzeko helburua du; izaki birtual horiek smartphoneko pantailan agertzen dira, kamera aktibatua dugunean, pantailan ikusten dugun errealitatean gainjarrita baleude bezala; baita Pokemonak harrapatzeko pilota moduko batzuk ere, PokeBall deitzen direnak; PokeBall bat Pokemonaren aurka botata harrapatzen da; eta behin harrapatuta, bere jabea zara eta entrenatzera eraman behar duzu, PokeGym deitzen diren lekuetara. Hortaz, errealitate fisikoko leku geografikoetan, Pokemonak, PokeBallak eta PokeGymak agertzen dira, besteak beste. Eta PokeBallak lortzeko, PokeStop-ak daude, leku konkretuak, euskaraz PokeGuneak izan daitezkeenak.

Berez, bideo-joko bat da. Baina eserlekutik altxarazi eta kalera ateratzen zaituena. Eta hori oinarri, osasun aldetik izan ditzakeen onurak azpimarratu dira (beste bideo-jokoak sedentario gisa definitu baitira beti). Baina ez da bideo-joko soil bat. Pokemon Go fenomeno kultural oso bat bilakatu da, mundu mailakoa. Bideo-jokoen sektorean jauzi kualitatibo bat suposatu du. Baita smartphoneak erabiltzeko moduan ere. Nago atzera bueltarik ez duen aldaketa sakon baten aurrean gaudela. Eta ez dut zalantzan jartzen Pokemon Go erabiltzea esperientzia dibertigarria denik. Izango da. Eta, horregatik, ziur aski, jokoak sortu dituen anekdota barregarri eta ez hain barregarriak izan dira, batez ere, albiste (Auschwitz-eko kontzentrazio-esparruan bere erabilera debekatu dutela kasu). Baina, ezin dut eszeptikoa izatea saihestu. Agian deformazio profesionala izango da. Edo alderantziz, formazio profesionala. Ez dakit.

Pokemon Go bideo-jokoa Niantic enpresak kaleratu du (aurrez kaleratutako Ingress jokoan oinarrituta). Niantic-eko CEOa John Hanke da, KeyHole enpresaren sortzailea. Eta Keyhole-k, diotenez, CIAren baitako arrisku-kapital erakunde baten eskutik sekulako dirutza jaso omen du, laguntza gisa. Eta arrisku-kapital erakunde horren finantza-iturri nagusia, Ameriketako Estatu Batuetako Agentzia Geoespazial Nazionala da. Eta azken honen egiteko nagusia, inteligentzia da, inteligentzia geoespaziala. Eta zer da inteligentzia geoespaziala? Pertsonen gaineko informazioa bildu eta analizatzen du, lokalizazio geografikoan oinarritutako informazioa erabiliz.

Konspiratzailea dirudien arren, funtsean, pribatutasunaren murrizketan egin den beste urrats kualitatibo bat bezala ere uler daiteke. Eta beste kasu guztietan bezala, erabiltzailea da (kasu honetan jokalaria), esperientzia dibertigarri baten truk, baina borondate osoz, bere pribatutasunaren galeran parte aktiboa bilakatu dena. Beti bezala, konpentsazio ariketa bat da. Nire kasuan, ariketaren emaitzak irabazteko baino galtzeko gehiago dudala adieraziko lidake. Baina hori erabaki pertsonala da, norberarena.

Beti esan ohi da, enpresa baten zerbitzuak erabili, baina bere bezeroa ez bazara (ordaintzen ez badiozu), berez, bere produktua zarela. Nago, Pokemon Go-ren kasuan, jokalari asko eta asko ordaintzeko prest ere egongo liratekeela. Eta hortaz, doakotasuna ez dela muina. Hortik harago, nago Nintendo eta Google batez ere (eta inteligentzia zerbitzuak ere bai, zeharka bada ere), win-win harreman batean sartu direla. Eta denek dutela asko irabazteko, finantza arlotik harago.

Nintendo, ziur aski, bideo-jokoen merkatuan erreferentzia gisa posizionatzeko erabiltzen ari delako (bere salbazioa izan daiteke). Google, bere autoak iristen ez diren lekuetako irudi errealak gordetzeko modu eraginkorrenean eta merkeenean sartu delako (autoez gain, pertsonak munduan zehar bueltaka jarri beharko balitu, eraikinetan ere sartuz, garestiegia litzateke). Zer hobeto smartphone erabiltzaileak eurentzat lanean jartzea baino. Eraikin baten barruko irudiak nahi dituztela? Kokatu Pokemon bat eta kito. Ziur aski, jokalari andana egongo da irudi horiek oparitzen azkarrenak izateko desiratzen. Baina, sakonean, Pokemon Go-k errealitate areagotuaren eta lokalizazioaren erabileraren onarpen orokorrean lagun dezake. Eta hori harribitxi bat da Googlentzat.

Barka nire eszeptizismoa. Ezin diot eutsi. Eta horregatik sortzen dizkit zalantzak Euskal Herrian PokeStop-ak sortzeko grina horrek. Iruñeko Kukusumuxu eta Andoaingo Martin Ugalde Parkea PokeStop-ak omen dira. Ez zait desegokia iruditzen, noski, hausnarketa baten ondoko erabakia bada. Ez baitira bi aste pasatu mundu mailako fenomenoa sortu zenetik. Baina nahiko nabaria da marketin munduan zeresan handia izango duela.

Nire ustez, mundua alda dezakeen fenomeno bat da, ez moda bat. Eta fenomeno kultural, sozial eta ekonomiko oso bat bilaka daiteke. Agian, ez da, bere horretan, Pokemon Go formatuan izango. Eraldatuko da. Baina bide hori garatzen jarraituko dute, ziur. Are gehiago, arrakasta ikusita. Eta dimentsio horretako fenomenoetan zein paper edo rol izan nahi dugun, pertsonalki eta kolektiboki, ondo hausnartzeko gaia iruditzen zait. Erabaki guztiak dira zilegi, noski. Baina aurrez hausnarketa hori egitea sustatu beharko litzateke, nire ustez. Pokemon Go-ren erabilera-baldintzak irakurtzea litzateke lehen urrats garrantzitsu bat. Sarean erraz topa daitezke.

Bilatu