Patxi Aznar

Agindu ezinik

Arestian komunikabideetan irakurri denez, errauskailua geratu zuten pertsonei, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiko EH Bilduko aurreko agintariei, kalte-ordainak eskatuko zaizkie, denera 41 milioi euro. Garai hartako agintariek diote erabaki hori hartzean legedia errespetatzeaz gain, denon onuran pentsatu zutela.

Orduan nola da posible EAJk eta PSE-PSOEk halako eskaera bat egitea? Batez ere, errauskailuaren eraikuntza justifikatzeko argudio teknikorik ez dagoenean?

Argi dago PSE-PSOEk eta EAJk komunikabiderik indartsuenak kontrolatzeaz gain, botere judizialaren eta politikoaren arteko marra fina aprobetxatzen dutela; esandakoa probatzeko adibide ugari daude, kasu batzuetan prozesuak bukaezina dela dirudi eta beste kasu batzuetan inputatuak libre geratu dira; besteak-beste, Karrantzako purinesena, Iñigo Cabacasena, Bidegirena, eta Reala eta Panamako paperena. Bestela, ezin da ulertu nola epaitegiak atzera bota zuen Gurasos-ek jarritako errekurtsoa errauskailuaren gaian prozesu parte-hartzailea irekitzeko.

Herriari prozesu parte-hartzailea ez irekitzeko erabakia, epaileak eta Foru Aldundiak egin duten moduan ekar diezazkigukeen ondorioengatik, nire ustez zeharo larria da; ingurumena nabarmen kaltetzeaz gain, osasunaren arloan prebentzio-printzipioa ez baita errespetatzen.

Horrez gain, Gipuzkoak sortzen dituen 160.000 tona errefusetik, gutxienez, 120.000 tona birziklagarriak dira, ba aipatutako azken tona hauek zabortegira joan beharrean, birziklatuko balira, gipuzkoarrok urtero 20.000.000 euro aurreztuko genituzke.

Erraustegiaren kasuan ikusitakoaren arabera, argi dago 2011n ezkertiarrek hauteskundeak irabazi zituztela, baina, agindu beharrean, dirua kudeatu zuten. Beraz, Gipuzkoan uste dut, lanen bidez, egoera aldatu behar dugula.

Bukatu nahi dut jendea animatzen Ainhoa eta Iñakiren alde egingo diren ekimenetan parte hartzeko. Honekin batera jakinarazi nahi dizuet Change-plataforman hurrengo eskaera ireki dugula "Debate técnico sobre la incineradora en Eitb", ahal baduzue sinatu eta partekatu!

Bilatu