Arrate Beristain

«Eta faboritoak zeintzuk dira?»

Agian hori izan zen ETBko kamerak egin zuen galdera. Ostegunean, Basaurin izan zen harrizulatzaile proba eta bertan izan ziren telebistako 2 kamera 30 minutuko proba grabatzen. 7 talde lehiatu ginen eta 2 ez ginen apenas agertu, agian faboritoak ez ginelako? Herri-kirol hau ezagutzen ez duenarentzat arraroa izan daiteke, baina bertan guztiok guztion kontra aritzen gara, ez daude sexuaren araberako 2 liga: neskak eta mutilak ibiltzen gara elkarrekin eta elkarren kontra plazaz plaza. Esan bezala, ostegunean 2 talde ez ginen ETBko pantailan beste talde batzuk bezainbeste agertu, akaso haietako bat soilik neskez osatutako taldea zelako eta bestean neska bat zebilelako botilero lanetan; edo agian ez.

Zalantzak zalantza, argi dut emakumeen kirolak ez duela apenas lekurik hedabideetan. Athleticen mutilen taldearen partida guztiak ematen dituzte, eta neskenak, aldiz, noiz edo noiz.

Oraingoan guztiak ari ginen plaza berean eta, beraz gu, emakume izanagatik bakarrik, kasik ikusezin bihurtzea izan zen bidea.

Baina guk argi dugu, harrizulatzaileak gara eta harria zulatzen jarraituko dugu, beste taldeen aurka lehiatuko gara. Komunikabideek kirol mundutik ezabatu nahi gaituzten arren kolpez kolpe gure espazioa defendatuko dugu.

Horregatik guztiagatik, eskerrik asko! Zuek ere ez zarete nire faboritoak.

Bilatu