Damian Pedrosa Barbá I Hernaniko EHbilduren izenean

Hassanarekiko eta saharar herriarekiko elkartasuna

Hassana Aalia, Hernanin bizi den gazte sahararra, bizi osorako espetxe zigorra betetzera zigortuta dago Marokon herri sahararren eskubideak aldarrikatzeagatik.

Asilo politiko eskatu zuen, baina espainiar gobernuak ukatu egin zion eskubide hori. Auzitegi Nazionalean erabaki honen aurkako errekurtsoa jarri zuen eta abokatuak eskatutako kautelazko neurria onartua du non adierazten den kanporatzeko agindua eteten dela errekurtso hau ebatzi bitartean. Errekurtso hau ebatzi gabe dagoen arren, aste honetan atxilotu eta kanporatzeko arriskuan uzten duen prozedura zigortzailea ezarri zaio.

Zer gertatzen da europar lurralde honetan? Milaka gerra errefuxiatuen harrera albiste den honetan, Espainian, edonola eta bidegabe atxilotu eta prozedurak abiatzen dituzte asilo politikoa eskatu duenari!

Espainiar estatu inperialistak tratu ilunak ditu Marokorekin. Duela 40 urte modu lotsagarrian utzi zuen Mendebaldeko Sahara, eta harrez gero, Marokoren okupaziopean deskolonizatu gabe jarraitzen duen lurralde honen aurkako bortizkeria jasanezina da eta Espainiak jakin badaki Marokok sahararren giza-eskubideak ez dituela errespetatzen.
 
Onartezinak iruditzen zaizkigu horrelako ekintzak, zeinak pertsona baten bizitza arriskuan jartzeaz gain, herri oso baten eta honen eskubideen kontrako erasoa diren. Horregatik guztiagatik, Hassanarekiko eta Sahararekiko elkartasuna adierazi nahi dugu eta  hernaniarrak gonbidatu injustizia honen kontra egingo diren mobilizaziotara.

Bilatu