Juan Luis Mugertza Unanue I Idazlea

Oilo ipurdia kanpainan

Egun, politikagintzan, oso zaila da originala izatea, jendearengana heltzea. Hala ere, beti dago baten bat ohiko erretorikatik kanpo zer edo zer berezi esan nahi duena, aurpegiaren margoan irribarrearen arrastoa utzi nahi duena, eta hori eskertzekoa da, bereziki, hauteskunde garaian. Nik ez dakit testuinguruak ez ote zion lagundu, edota Kontxako olatuen musikak harrotu, baina, lehengoan, Andoni Ortuzarrek esandakoak hunkitu egin ninduen, gaztetu, eta 60ko hamarkadetako bizipenak gogora ekartzeko parada eman zidaten, eta orduko zuri-beltzean egindako argazkietan bezala, ile-tximak belarri gingilak estalita, guateke batean, ilunpetan, gustuko neskatxoari begira, lotsa-lotsa eginda, dantza eskatu, ez eskatu irudikatu nuen neure burua. Bai, horrelako sentipenak izan nituen Ortuzar eta gainerako alderdikideak orain errebeldeak direla jakitean, boto errebeldea nahi dutela entzutean, sasoi hartako Janetteren musika gozoa entzuten nengoelarik: “Yo soy rebelde porque el mundo me ha hecho asi…”. Oraingo gazteok ez duzue jakingo nor zen Janette, baina baliteke, bere musikak, zuei ere, niri bezala oilo ipurdia eragitea, eta hori hauteskunde garaian behe-mailako politikariek baino ez dute lortzen.

Bilatu