Goizane Zabala Arrizabalaga | Saiñazio, mendi azpixan

Ondarroan, onean onean…

Auzo ona, lagun ona esaten da. Guk esan behar dugu lehengusu, izeko, ama, kuadrillako, lankide, seme, amagiñarreba eta abar oooooso onak ditugula. Munduko pazientzia handienaz gauzkate euren etxeetako airea lapurtzen, martxoaren 8tik.

Jon ere mutil ona da. Lehenengo aste hartan, gizarte-laguntzaileak galdetu zionean ea non biziko litzatekeen, Markina edo Etxebarrira joango litzatekeela erantzun zion. Lankideak etorri zitzaizkion, fabrikan, etxe hutsetako giltzak eskaintzera eta esan zien jartzeko Alokabiderekin harremanetan, ondarrutar asko zirela etxe premian eta egongo zela bere txandaren zain.
Apirila joango zaigu eta Jonek, beste auzoko askok bezala, onean onean tontotzat hartu dutela onartu beharko du. Hobe zuela amagiñarreba bake-bakean laga eta Arrigorri ostatura joan balitz, lehen egun gordin haietan.

Txandaren zain oraindik, pasa den astean irakurri du, tirada handiko egunkari batean, Alokabidek Ondarroako luperiak kaltetutako be-rro-gei-ta ha-mar (50!) familia realojatu dituela. Nor? Non? Zeeeenbat?

Bilatu