José Castillo

Teilatuan ikasi genuen gaua

EHUko errektore Nekane Balluerkak adierazi duenez, asteazken gauean San Mamesen Herri Unibertsitatea babesteko asmoz teilatuan eutsi genuen 203 ikasleon aurka salaketa aurkeztuko du. Komunikabide gehienek, beste behin ere, arreta eskaini diote hondatutako bi vending makina eta hainbat altzariri, benetan funtsezkoa eta kezkagarria den albistea ezkutatuz; EHUk asteazken gauean, publikoak diren espazioak formakuntza kritiko eta kolektiborako erabiltzen ari ziren ikasleak kaleratu zituela.

Unibertsitate publikoak azken urteotan ateak ireki dizkie enpresa pribatuei, campusetan presentzia eduki dezaten edota ikaskuntza prozesua bera baldintza dezaten, masterren kasu. Unibertsitate publikoak gero eta burokrazia eta burokrata gehiago biltzen ditu dekanotza eta errektoretzako bulego lirainetan, baina ikasleok ez dugu eskubidea espazio bat izateko hezkuntza alternatibo eta kritikorako. Ikasgeletan ikasten ez ditugun jakintza horiek partekatzeko. Horixe baita Herri Unibertsitatea, klase borrokaz, zientzia kritikoaz, arte alternatiboaz, feminismoaz eta akademizismo ofizialak bazterturiko beste hainbat kontuz ikasleok ikasleontzat eztabaidatzeko eraikitzen dugun gunea, eta hori da baita ere, EHUren zuzendaritzak isilarazi nahi izan duena.

Ikasleok ez dugu inolako parte-hartze prozesurik klasean ikasiko ditugun edukien gainean erabaki ahal izateko, klasera joan eta irakasle batek finkaturiko egitarau teoriko bat ikastera mugatzen gara. Hori da antza EHUren zuzendaritzak nahi duen unibertsitate eredua, klasera joan, inolako zentzu kritikorik gabe bertako edukiak barneratu eta nota hobea nork aterako duen lasterketa indibidualistan murgilduko den ikaslearen eredua. Hau dena, unibertsitatetik atera eta pilatutako jakintza enpresa pribatu bati saldu eta prekarietatearen munduan murgiltzeko. Zertarako behar dugu emakumezko errektore bat, hainbat ikasle feminismoaz eztabaidatzeko biltzen garenean honek Ertzaintza bidaltzen badigu ikasleak bortxaz kanporatzeko «denona» den unibertsitatetik?

Badira ordea, klasean ikasitakoarekin konformatu ez eta euren jakintza partekatu nahi duten ikasleak. Asmo horrekin sortu zen orain lau urte Herri Unibertsitatea, eta urterik urte egitarau zabalagoa eta partaidetza handiagoa izan du. Ikasleriaren sektore handi batek hezkuntza sistema indibidualistatik at ikasteko gogoa baduela erakutsiz.

EHUk argitaratutako adierazpen ofizialean, ikasleok jarritako baldintzak bete ez eta San Mameseko Ingeniaritza Fakultateak hartu ditzakeen ikasle kopurua baino handiagoa ginela argudiatu du. Kontua da ez dugula sinesten kanporatze hau arrazoi tekniko hutsengatik eman zela, iaz fakultate berean Herri Unibertsitatean zebiltzan ikasle kopurua murritzagoa zelako eta zuzendaritzak kanporatze agindua berdin eman zuelako, bertan zeuden 41 ikasleei mozal legea aplikatuz gainera.

EHUn indarrean dagoen gobernuak duela hilabete batzuk ospatu ziren hauteskundeetan ikasleen aldetik izan zuen babesa oso murritza izan zen, ikasleri osoaren %3ra ere ez zen iritsi. Orain, errektoretza gobernu berak 203 ikasleren aurkako salaketa jarriko du, hau da unibertsitate publikoaren demokrazia. San Mameseko teilatuan egon ginenok ordea, argi diogu, ez dugu hezkuntza publikoa enpresa pribatu edota dekanotza eta errektore taldeetako burokrata batzuen esku pribatiza dezaten utziko. Errepresioz gera gaitzakezue, baino iaz 41 bat izan baziren aurten 203 gara, eta honek ez du etenik.

Bilatu