Gotzon ARANBURU
SEGURA

‘Euskararen sagartzea’

Eguraldiak ez zuen asko laguntzen, lanbro ernegarria ari baitzuen, baina eguraldia gauza bat da eta giroa beste bat. Eta aparta izan zen joan den larunbata arratsaldez Baionako Bernat Etxepare lizeoko ikaslek Seguran jarri zuten giroa, haien musika eta dantzari esker. ‘Euskararen sagartzea’ kanpainako ekitaldia seietan hastekoa zen, plazan, baina lehenagotik zebiltzan kantan herriko tabernetan, goiza Tolosan eman eta gero, bazkalondo alai askoan. Halako batean «ea, goazen mahaiak jartzera» agindu-eskatu zuen irakasle batek eta han joan ziren hogei bat neska-mutiko lanera; batzuk patata tortilak egitera, beste batzuk sagar landareak autoetatik atera eta salgai jartzera, eta beste batzuk musika tresnei heldu eta dantzaldia animatzera.

Segurako plazan izan ziren larunbat arratsaldean Bernat Etxepare lizeoko ikasleak sagarrondoak saltzen. (Gotzon ARANBURU)
Segurako plazan izan ziren larunbat arratsaldean Bernat Etxepare lizeoko ikasleak sagarrondoak saltzen. (Gotzon ARANBURU)

Zapatu goiza azoka egiten da Tolosan eta han ibili ziren Etxepareko ikasle, irakasle eta gurasoak, ‘Hazten gaitu, hazten dugu’ kanpainari buruzko informazioa banatzen eta sagar landareak saltzen. Dirua behar dute, Seaska Baionan altxatzen ari den Bernat Etxepare lizeo berria hornitzeko. 1969an sortu zen Seaska eta egun 3.500 ikasle ditu, hasi bi urtetakotik eta Baxoa (Hegoaldeko selektibitatearen parekoa) hemezortzi urterekin egiten duten arterainokoak. Bernat Etxeparek 15-18 urte arteko ikasleak hartzen ditu, eta egungo eraikina txiki geratu zaio Seaskari, hezkuntza eskaintza zabaldu egin nahi baitu: adar orokorraz eta teknologikoaz gain, adar profesionala ere eskainiko du. Barnetegi gisara ere funtzionatzen du Etxeparek. Egun 260 ikasle dauzka eta 400 hartzeko modukoa izango da eraikin berria.

Orain arteko zenbakiak gustagarriak dira, baina txanponaren beste aldekoak ez hainbeste: hamar milioi euro kostako da eraikina. Zatirik handiena Akitaniako Kontseiluak jarriko du (7,2 milioi euro) eta gainerakoa Herri Urratsen bidez eta kreditu bat medio ipini beharko du Seaskak. Hori eraikina. Baina barrutik hornitu egin behar ikastetxea, Leiane Madariaga ikasleak azaldu digun moduan: «Bai, barneko ekipamendua guztia eskolaren ardura da, gu geu moldatu behar gara beharrezko tresneria erosteko, hasi barnetegiko oheetatik eta ordenagailuetaraino. 300.000 euro dira, eta horiek biltzeko abiatu dugu kanpaina hau, sagarrondoak saltze ekimena».

Horregatik ari dira orain dozena bat ikasle patata tortilak egiten plazaren alde batean, eta irakasle eta guraso talde bat sagar landareak saltzen segurarrei. Berehala osatu dute ilaratxoa bizilagunek, dirua eskuan, arbolak erosteko izena emateko. Ordaindu, txartela hartu eta paperarekin arbola bila. Hiru motako landare daude aukeran, Urtebi Txikia, Urtebi Handia eta Goikoetxea. Prezioa, berriz, 30, 50 edo 100 euro. Garesti iruditu zaio plazatik pasa den gizonezko bati, baina antolatzaileek azalpenak eman eta gero ulertu du zein den helburua, zertarako behar den diru hori. Alegia, sagar landare hauek sinbolo bat direla, Etxepare lizeoari lagundu izanaren lekuko bat.



Sagar landarea erosi dutenetako bat da Juanjo Arrieta. «Balkoian jarriko nuke, baina ezin. Lur asko beharko luke eta tokirik ez. Gainera, hazitakoan zer egin? Alabak badauka lur sail bat Nafarroan eta hantxe aldatuko dugu» esan digu, etxerako bidean. Beste batzuek baratzean aldatzeko asmoz erosi dute, baina izan da beste aukera bat baliatu duenik ere, hau da, Ipar Euskal Herrian sortuko diren sagastietan –lehenengoa Baionan bertan– aldatzeko uztea. 400 euro eman ditu, ez dago bromarik hemen.

Diruak kaxan sartzen jarraitzen duen bitartean, bukatu dituzte lanak sukaldariek eta tortila egin berriak mahai gainean daude, baita sagardoa eta Nafarroako ardoa ere. Euriak atertu du eta gazte eta heldu ugari dabil plazan gora eta behera –gehiago Alaves-Barcelona futbol partida bukatu denean telebistan– Etxepare lizeokoen musika emanaldiaz eta pintxoez gozatzen. Euskararekin eta naziogintzarekin sentsibilitate handia duen herria da Segura, eta horren lekuko da ‘Euskararen sagartzea’ kanpainan Elorri, Hitz edo Irri, Euskaraz Elkarri edo Iparra-Hegoa taldeak ari direna parte hartzen.

Sortzez segurarra den Lierni Elortza buru belarri sartuta dabil kanpainan. Bernat Etxepare lizeoko gurasoa da eta ondo asko daki zein garrantzitsua den datorren iraila bitartean 300.000 euro horiek biltzea, eskola behar den bezala martxan jarriko bada. Baina ez dio diruari soilik ematen balioa, baizik eta kanpainaren inguruan sortzen ari den «indar, ilusio eta pozari». Esan beharra dago interneten bidez ere erosi daitezkeela sagar landareak, www.betxepare.eus helbidean hain zuzen ere.

Poltsikoan txanpon gutxiagorekin dabilenarentzat ere bada laguntzeko aukera Goierriko txoko honetan. Sagarno botila hiru eurotan dago, eta lautan sagar jusa, zuku naturala, %75 eri sagarrez eta beste %25 minxurik egindakoa, Basabüruko Erreximentak prentsatua. «Arbola hauek alea emateko urte batzuk beharko dituzte eta bitartean sagardoa edango badugu hobe dugu hementxe erostea» dio umorez umea eskutik daraman aita gazte batek. Seaskaren egutegia bi eurotan dago eta kanpainaren pina ere eskuratu daiteke.

Soinua, panderoa eta gaita baziren orain arte nagusi, ilundu ahala gitarra elektrikoek hartu zuten haien tokia Segurako plazan. Eta ikus-entzunezkoen proiekzioak. Aspaldiko musika tresnei ikasleen behatzek atera zieten soinua, eta gaur egungo erreminta digitalak ere behatz horiexek maneiatzen dituzte. Are aspaldikoagoa den euskara XXI. mendean sasoiko eta indartsu ikusi nahi badugu Bernat Etxepare bezalako ikastetxeak ezinbestekoak dira, eta ezinbertzekoa euskaldun guztion laguntza, ipar eta hego.