NAIZ
BILBO

Everesteko erronkari eusten dio Txikonek, Nepalgo agentziarekin arazoak konpondu ostean

Everest neguan eta oxigenorik gabe igotzen lehena izateko asmoari tinko eusten dio, nahiz eta espedizioak Nepalen kontratatutako agentziak behe kanpalekua desmuntatzeko «aldebakarreko» erabakia hartu duen. Hurrengo astean ekingo dio berriz erronkari.

Ohar bidez Txikonen lantaldeak jakinarazi duenez, Txikonek erronkari eusten dio azken orduan espedizioak «zoritxarreko ezustekoa» izan duen arren. Mendizale bizkaitarrak berak Twitterren bitartez jakinarazi duenez, hurrengo astean berriro ere jarriko da martxan.

Azaldu dutenez, Seven Summit Treck agentziak atzo hartu zuen behe kanpalekua desmuntatzeko erabakia, eta agindutakoa gaur bete dute.

Egoera honen aurrean, Txikonek materiala bertan utzi du, itzultzeko asmoa duelako, eta Kathmandura joan da irtenbide bat bilatzeko asmoz. «Handik eta Bilbotik, elkarrekin bilatuko ditugu konponbideak», adierazi dute. Txikonen lantaldeko iturriek esan dute ez dela «diru kontua». Eta dirudienez, aurkitu dute konponbidea, hurrengo astean gorako bidean jarriko dela iragarri du-eta.

«Dena konponduta dago, nahiz eta ordu kaotikoak izan diren, dena konponduta dago», adierazi du bere taldeak.

Alpinista lemoaztarrak baieztatu du «oso indartsu» sentitzen dela eta ez duela alde egin nahi. Erronkarekin aurrera jarraitzeko ahal dituenak eta bi egingo dituela gaineratu du.