Aimar Etxeberria
URTEMUGA NOBELA BELTZEAN

John Rebus detektibearen Edinburgo

Une oro krimenaren esperoan dagoen hiria da Edinburgo Ian Rankinen nobeletako protagonista den John Rebus detektibearentzat. Jendeak bere buruaz beste egiteko toki apropos bat ikusten du Rebusek gainerakoek paisaia zoragarri bat hautematen duten tokian, Eskoziako hiriburua historia, arkitektura eta udako jaialdiak baino zerbait gehiago dela argi utziz.

Fikzioak sortua behar du izan; letra-kateak behar ditu istorioak eraikitzeko, pertsonaiei bizia emateko. Horren guztiaren atzean pertsona bat egon ohi da, hitzak errenkadan jarriko dituena, irakurlearen irudimena gidatuko duena. Eta John Rebusek ere badu bere «aita», bere pentsamendu, hitz eta ekintzei zentzua ematen dien eskua. Ian Rankin idazle eskoziarraren obra da Rebus, haren alter egoa askoren iritziz, nobela beltzaren generoan izena eta izana eman dion autorea.

Edinburgo du Rankinek bizileku eta inspirazio iturri, baina Fife eskualdea da haren sorlekua (1960), Cardenden herrixka, hain zuzen ere. Hala, gehiago dago lotua Rankinen haurtzaroa futbol hooliganismora eta rock bandek sortutako lilurara literaturara baino. Etxeko giroak ere ez zion asko laguntzen horretan; apenas zuten libururik etxean eta liburutegira jo behar izaten zuen bere behar intelektualei aterabidea ematera, helduen literaturari helduz oraino nerabe zela: «Ezin nuen ‘The Godfather’ (‘Aita jauna’) filma ikusi, baina liburua irakurtzeko aukera nuen», adierazi zuen “The Guardian” egunkariari eskainitako elkarrizketa batean.

Giro hartan, gertu egon zen idazle eskoziarraren patua beste norako bat hartzeko, kontularitza ikasketak egin nahi zituela esan zuenean. Osaba bat zuen aipatu jardunean, etxe eta auto baten jabe zen osaba; eta huraxe Rankinek gura zuen guztia: etxe eta auto propio bat. Azken unean, baina, Ingeles Literatura ikastera ausartu eta Edinburgora mugitu zen, hiriburura, bizia aldatuko zion hirira. Unibertsitatean hastearekin batera eraiki zituen lehen harremanak zinemazale eta poesia taldeekin, eta hala osatu zituen unibertsitate ikasketak bateko eta besteko aldizkarietan poesiak publikatzen. Baina poesia ez zen beretzat, ez zion arte hark txinparta berezirik sortzen barrenean.

Karrera amaitu eta doktoretza egiten hastean egin zuen nobelagintzarako urratsa Rankinek. Muriel Spark idazle eskoziarraren obra aztertzea erabaki zuen, baina garatu beharreko jardunean baino denbora gehiago ematen zuen bere nobela propioak idazten. «Doktoretza egitearen arrazoia hori egiteagatik jasotzen nuen diru laguntzarekin nire liburu propioak argitaratzea zen. Milaka hizki idatzi nituen denbora horretan nire lan propioak argitaratzeko, Sparken inguruan beharrezkoa baino gehiago idatzi ez nuen bitartean», adierazi zuen behinola Rankinek. Hala, bertan behera utzi behar izan zituen ikasketak 1986an, bere lehenengo nobelak argia ikusi zuen urte berean: “The Flood”. Hurrengo urtean iritsiko zen John Rebus pertsonaia nagusi duen seriearen lehenengo alea: “Knots and Crosses” (1987ko apirilaren 28an argitaratu zen). Ordutik hona, hots, azken 30 urteotan, 21 gehiago idatzi ditu Rankinek, guztiak ere John Rebus detektibearen ibilerak oinarri hartuta.

Rebusik ez Edinburgorik gabe. «Ez nuen aurrez inolako gogo berezirik izan krimen kontuen inguruan idazteko», aitortu izan du Rankinek Rebusen hasieren inguruan hitz egitean. «Baina ohartu nintzen ez zela idazlerik gaur egungo Edinburgoren inguruan idazten zuenik, eta ezin nuen horren zergatia ulertu; Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren hiria, kultura eta historia besterik transmititzen ez duen hiria, baina, aldi berean, Europa mendebaldean heroinarekin arazo larrienak bizi izan dituen hiria baita Eskoziako hiriburua. Kontraste horiek jana eta edaria izan daitezke idazle batentzat; Rebus izan zen nahasketa hori guztia kanalizatzen asmatu zuen pieza».

Bere ibilbidea armada britainiarrean hasi eta polizia detektibe moduan amaitu duen pertsonaia da Rebus, zigarroak zupatu eta whiskiari zurrutadak ematea gustuko duena, bere osasun kaltetuarentzat lagunik onenak ez baditu ere. Enpatia gehiago sentitzen du eskapoan dituen kriminalekiko bere nagusiekiko baino, eta denbora gehiago ematen du musika entzuten gaizkileen arrastoaren atzetik baino. Kale egin du Rebusek senar eta aita gisa, eta alkoholismoa eta kristautasuna hartu ditu babesleku. Elementu hauek guztiek egiten dute erakargarri Rankinen nobeletako protagonista nagusia.

«Gizon arrotza da Rebus, eta agian horregatik bereganatzen du publikoaren arreta. Legeak maite ez dituzten horiek ditu jendeak gustuko, horiek sortzen dute enpatia gehien. Poliziarentzat egiten du lan, baina duen jarrera inkonformista gustagarri egiten da», adierazi izan du Rankinek Rebusi buruz hitz egitean. «Rebusen inguruan idazten hasten naizen bakoitzean zalantza berarekin egiten dut topo, eta ez dakit berataz zerbait berririk esateko gai izango naizen. Baina dibertigarria egiten zait oraino berarekin denbora pasatzea; ezustean harrapatzen nau sarri egundo ere».

Rebusek, baina, badu gainetik kendu ezin duen ezaugarri bat, hori gabe bera ez litzatekeen elementu bat: Edinburgo. Hiriak egiten du pertsonaia kasu honetan, alderantziz baino. Turismo aldizkarietan agertzen ez den Eskoziako hiriburuaren irudia proiektatzen du Rankinek bere nobeletan; Rebusen Edinburgo historia, arkitektura eta udako jaialdiak baino zerbait gehiago da. Hiriak bere gain duen kapa urratzean agertzen da Edinburgoren aurpegi iluna Rankinen testuetan, sorginkeria, hilketa, gerra eta heriotzan oinarritzen dena. XVI. mendeko Edinburgoren ezaugarriek gaurkotasun osoa mantentzen dutela adierazi nahi digu Rankinek bere hitzen bidez: bizileku eder bezain klaustrofobikoa, herrixka baten moduan pentsatu eta herri baten tamaina duen hiria, norberaren sekretuak salbu ez dauden babeslekua; nobela beltza egiteko primerako agertokia.

Behin baino gehiagotan alderatu izan dute Rankin Robert Louis Stevensonekin, eta ez alferrik. Edinburgok berak bere alea jartzen du Rebusen nobela bakoitzean, hiriaren distira bere miseria guztiekin erakutsiz. Hala, Eskoziako hiriburuaren historiaren aurpegirik ilunena baliatzen du idazle eskoziarrak bere nobeletan, hiria bera beste pertsonaia bat gehiago balitz bezala erabiliz.

Edinburgo ona eta txarra baita, zaharra eta berria. Baina bitasun hau ez da gaurko kontua; bitasun hau, Rankinek berak onartzen duen moduan, Stevensonen “Jekyll doktorea eta Hyde jauna” nobelan antzeman daiteke. Horra alderaketaren zergatia.

“The Independent” egunkariari eskainitako elkarrizketa batean, Rankinek adierazi zuen Rebusentzat Edinburgo «aldarte egoera bat» dela: «Europako hiririk ederrenen artean dago Edinburgo, baina Rebusek nahiago du hiriaren beste aurpegia ikusi. Ederra da hiria, baina beti dago krimenaren esperoan». Horregatik ezin du Rebusek Eskoziako hiriburua utzi, zainetan daraman odolari eragiten dion lekua baita, oraino esploratu gabe dauden misterioen jabea. «Bizitza errealeko poliziak kontziente ez diren aurpegiak ditu Edinburgok; azaleko kontuetan dihardute hirian bertan jendeak abusuak pairatu dituenean, erasoa eta zauritua izan denean», dio Rankinek. Nobeletan zehar, baina, badira Rebusi Edinburgoren alderdi positiboa erakusten ahalegintzen direnak ere, baina hark jendeak bere buruaz beste egiteko lekua ikusten du gainerakoek paisaia zoragarri bat hautematen duten tokian.

Hiri eder baten aurpegi ezkutuak. Hiri ederra da Edinburgo, postaleko hiria, esan ohi den bezala. Eta bertan du bere bizilekua John Rebusek, Arden Streeteko 17.ean. Badu honek bere zergatia: “Knots and Crosses” (Rebusen lehenengo nobela) idazten ari zenean aipatu kalean bizi zen Rankin, bere nobeletako protagonistari eman dion bizilekuaren parean, hain zuzen. Edatera, baina, hiriaren beste aldera mugitzen da Rebus, Oxford Bar-era. “The Ox” bertakoentzat, Edinburgoko kale nagusietako bat den Princes Streetetik gertu kokatzen da, nahiz eta tradizioz duen izaera xumea mantentzeko nahikoa ezkutuan geratzen den. Eta lantokia, berriz, Leonard Streeten dauka, tarteka tragoxka hartzea gustatzen zaion The Montebar tabernaren ondoan. Malcolm Fox laguntzailearekin batera, baina, bisitatu beharko ditu beste polizia-etxe batzuk ere, Fettes Aven geratzen dena, esaterako.

Akzioa, baina, Edinburgoko kale mehe eta ilunetan gertatzen da, baita hiriko atrakzio turistiko nagusia den gazteluan ere, “The Naming of the Dead” nobelan gertatuko den bezala, adibidez; bertan aurkituko duten gorpu batek idazten ditu nobelaren lehenengo hizkiak. Gaztelutik behera abiatuta, hamaika close-rekin egingo dugu topo esker zein eskuin, hots, kale nagusiaren aldamenetan aurkitzen diren plaza ezkutu edo bigarren mailako kaleetara eramango gaituzten bide mehe eta itxiekin. Horietako bat da Lady Stair’s Close, zeinak The Writers’ Museum-era eramango gaituen. Batez ere Robert Burns, Sir Walter Scott eta Robert Louis Stevensonen lanei eskainitako museoa, inspirazio iturri garrantzitsua izan zen Rankinentzat “Knots and Crosses” bere lehenengo lana idazterako orduan.

Metro batzuk beherago Mary King’s Close kalexkarekin topo egingo dugu. Oinezkoentzat itxita egun, Edinburgoren azpian kokatzen den lur-azpiko hiriaren inguruko bisita gidatuak egiteko soilik erabiltzen da. Hainbat mito daude aipatu kalexkaren inguruan, eta Rankinek bere alea jarri nahi izan zuen “Mortal Causes” nobelan hildako baten gorpua kokatuz bertan. Eta azken close-a aipatuz, Rankinek nobela bat izendatzeko erabili zuen kalexka aurkituko dugu: Fleshmarket Close. Bere garaian haragiaren merkatutik gertu zegoelako hartu zuen izen hori bidexkak, eta immigrazioaren eta arrazismoaren inguruan idazteko baliatu zuen autore eskoziarrak: «Giza haragiaren merkatua, gizakia merkantzia hutsa bihurtzen den kalea».

Bada gaztelutik hasi eta close guztiak ezker-eskuin utziz The Royal Milen beheraino iristean Holyrood Palace delakoarekin egingo dugu topo, Elisabet II. britainiarren erreginaren udako egoitzarekin, hain zuzen. Bertaraino iristen dira Rankinen pasadizo ilunak, bertan kokatzen den arte galeria baitu oinarri “Doors Open” lanak.

Eta palaziotik bi pausora eskoziarren Legebiltzarra. Politikaz mintzo da Rankin “Set in Darkness” nobelan, Rebusi honekiko duen mesfidantza handitzeko baino balio ez dion nobelan. Politikaz hitz egiteko, noski, politika egiten den tokian kokatu ditu eskoziar idazleak gertakariak, Holyroodeko Legebiltzarrak Brexitaz eta bigarren independentzia erreferendumaz hitz egiteko baino harago ematen duela erakutsiz. Palazioa eta Legebiltzarra babesten ariko balitz bezala ageri zaigu, hauen bizkarrean, Arthur Seat muinoa. Hiriak dituen zazpi muinoen artean bat, loari emana dagoen sumendi baten gainean zutitzen da. Hamazazpi hilkutxa aurkitu zituzten bertan 1836an, egun Eskoziako Museo Nazionalean ikusgai daudenak; Rankinentzat “The Falls” idazteko inspirazio iturri izan ziren.

Edinburgoko Alde Zaharrean aurkitzen diren beste bi kokapen interesgarri dira Greyfriars Kirk eta West Bow (Victoria Street izenez ezagunagoa). Azken hau Weir komandantearen eta haren arrebaren etxea da, zeinak fededunak zirela aldarrikatzen zuten arren sorginkeria eta magia beltza erabili zutela aitortu eta heriotzara kondenatuak izan ziren 1670. urtean. “Dead Souls” nobelaren hitzaurrean egiten du Rankinek Weir komandantearen aipamena. Handik gertu kokatzen da Greyfriars Kirk, “Bobby” zakurraren hilerria bezala ezagunagoa dena, zeinak hamalau urte egin zituen bere jabearen heriotza ostean haren hilkutxaren ondoan, esperoan balitz bezala, bera ere heriotzak eraman zuen arte. Hilerriaren inguruko gogoeta egiten du Rebusek “The Falls” lanean.

Hiriaren beste aldera jota, Alde Berrira alegia, Rankinen nobela ugaritan agertzen den Stockbridge auzoa aurkitu genezake. “Set in Darkness” nobelan, adibidez, Raeburn Place kafetegian hartzen dute te bat Siobhanek eta Rebusek, eta “The Falls”-en Donald Devlinen pistari jarraika agertzen zaigu Rebus Stockbridgeko kaleetan, harik eta biak Water of Leith-eko ur izoztuetara jausten diren arte. Water of Leith bera da Dean Villagera, hirigunetik gertu egonagatik ere Edinburgok gordetzen duen altxor preziatura garamatzana. Galtzada-harrien gainean altxatzen da Dean Village, eta ibaiertzean dituen ur-errota eta etxolek ematen diote xarma berezia auzo koloretsuari.

“The Black Book” nobelan egiten du Rankinek, agian, Eskoziako hiriburuak sentiarazten dionaren laburpen zuzenena. Honela dio aipuak: «Berebiziko garrantzia dauka iraganak Edinburgorentzat. Hark ematen dio jaten oraino, buztana ahoan sartua duen sugearen moduan».