GARA
ALTZUZA

Andak eskulturari egindako ekarpena, Oteiza museoan

Oteiza museoak Jose Ramon Andaren obra jaso eta hark eskulturaren esparruari egindako ekarpena aztertuko du. Anda joan den mendeko 60ko hamarkadan arte-lengoaiak berritu zituen Euskal Eskultura Eskola mugimenduari lotutako bigarren artista-belaunaldikoa da.

“Jose Ramon Anda. Kausa formala eta materia” erakusketak artista bakaikuarrak eginiko ehun obra inguru biltzen ditu; besteren artean, eskultura-lanak, artistaren lantegitik iritsitako ikerketa-lan txikiak eta egin dituen altzari-lanei lotutako piezak eta, hala, museoko arduradunen hitzetan, bisitariak artistaren eraikuntza-prozesua ikus dezake.

Andaren obrek XX. mendeko azken hamarkadetan zehar eskulturgintzak gainditu dituen arazo nagusiak islatzen dituzte eta, era berean, erreferentzia klasikoak zein arte eta arkitekturako abangoardia modernoak bateratzen dituzte, gisa horretan «denborak eta materiaren prozesuak bereizitako eskultura ezagutu ahal izan dezagun», azaldu dute museokoek.

Andaren obran bat egiten dute eskultura abstraktuko eraikitzaile berritzaileekiko mirespenak, horien artean baitaude, besteak beste, Max Bill eta Brancusi, Chillida eta Jorge Oteiza –«zeinarekin harreman pertsonal eta profesional bizia izan zuen», zehaztu dute– eta klasiko handien tailla eta modelatuaren adierazkortasun eta konposizioak.

Javier Balda komisario duen erakusketa hau urriaren 1a arte egongo da ikusgai eta argitalpen monografiko batek osatzen du. Bertan, proiektuaren komisarioak Andaren eskulturari buruzko oharrak ematen ditu eta, eranskin modura, 1996an Pedro Manterola Oteiza Fundazioko zuzendari eta presidente ohiak idatzitako testu kritiko bat ere barneratzen du.

Proiektua osatzeko, egitarau pedagogikoa ere antolatu da: besteak beste, ekainaren 24an eta irailaren 17an, 12.00etan, bisitaldi gidatuak izango dira eta, irailaren 23an, Andaren estudiora bisita ere antolatu dute.