Amagoia MUJIKA
BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA

BERTSOLARIEN FAMILIA ARGAZKIA, ZABALA, ASKOTARIKOA, ñABARDURAZ BETEA

ATERA DUTE 2017KO TXAPELKETA NAGUSIAREN FAMILIA ARGAZKIA. 43 BERTSOLARI, BERTSO FAMILIAKOAK DENAK, ETA BAKOITZA BESTEARENGANDIK DESBERDINA. ATZO FESTA GIRO PATXADATSUAN ELKARTU ZIREN VILLABONAN.

Txapelketetako sintoniek emozio karga berezia izaten dute. Urduritasuna, zirrara, grina... Sintonia entzun orduko entzuleak bizkarra tentetzen du eta bertsolariak, segur aski, arnasa ondo barrutik hartu. Atzo, Villabonan, Bertsozale Elkartearen atzeko partean paratutako agertoki dotorean, lasai antzera entzun zuten bertsolariek aurtengo txapelketarako Paxkal Irigoienek sortu duen sintonia. Oinkari dantza taldeko dantzariek dantzaz jantzi zuten sintonia, bertsolari bakoitzak kolore propioa, pauso propioa eta zalantza propioak dituela modu apartean irudikatuz. Dantzariei begira lasai ederrean gozatu zuten sintonia bertsolariek, baina aurrerantzean eta datozen bi hilabeteetan sintoniak bestelako estutasuna ekarriko die, txapelketak berezkoa duena. Eta 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusia, hamazazpigarrena, hastear da. Larunbatean jokatuko da lehen saioa Baigorrin eta finala BECen izango da abenduaren 17an.

Atzo Villabonan izandako aurkezpenean, parte hartuko duten bertsolari guztiak bildu ziren, baita bestelako lanetan arituko direnak ere; gai-jartzaileak, epaileak, komunikazio arduradunak, muntaiaz arduratzen direnak, soinu-teknikariak... Izan ere, Txapelketa Nagusiaren atzeko partea oso bizia izaten da.

Aukera eta ardura

Txapelketaren foku nagusia, baina, bertsolarien eta bertsoaren gainean jartzen da. Ez da makala haien ardura. Bertsozale Elkarteko lehendakari Iñaki Muruaren esanean, «oholtzara igotzea aukera da, baina baita ardura ere». Uda larri pasatu eta irailera aztoramenduz iristen omen da bertsolaria txapelketa sasoian. «Eta, gainera, nahi izaten da aztoramendu horrek urrian, azaroan eta abenduan ere irautea». Horrek esan nahi baitu txapelketaren trenean segitzen duela bertsolariak. Trenak aurrera egin ahala aulkiak gero eta gutxiago dira eta lehia estuagoa. Muruak aholkua emanez amaitu zuen, «Bakoitzak bere bidea egin. Ekarpen ahalik eta interesgarrienak egin, baina goza ezazue». Horrek ekarriko baitu entzuleak ere gozatzea.

Trenaren azken bagoian, zuzenean finalera doanean, eserita dagoen bakarra Amets Arzallus da, aurreko txapelduna. Lasai samar eta«pribilegio horren jakitun» dagoela aitortu du.

Villabonako aurkezpenaren amaieran, 43 bertsolariak banan-banan deitu eta osatu dute familia argazkia; zabala, askotarikoa, interesgarria, ñabarduraz josia. Martxan hastear da «bertso-frikien» lau urtean behingo hitzordua. Atzo nabarmendu zutenez, «egin dezagun gurea, baina izan dadila denona».