amagoia.mujika@gaur8.info
Entrevue
Jon Maia Soria
bertsolaria, sortzailea

«Bertsolaritzaren azken iraultza kultura eta jendarte garaikidearekin konektatzean gertatu da»

Txapelketa Nagusiaren atarian, «Berriak jaio ginen» liburua mahai gainean jarrita aritu gara Jon Maiarekin hizketan. Kronika oso pertsonala da, bere bidea eta bertsolaritzarena parean jasotzen dituena. Behinola bertsolari izatea erabaki zuen; arrotz sentitzen zituen plazetan, arraro begiratzen zioten entzuleen parean eta saioaren aurretik bizpahiru aldiz botaka eginez. 97an Euskal Herriko finalera iritsi zen eta bertsolari sentitu zen lehenengoz.

Pozik dago Jon Maia, “Berriak jaio ginen” liburuak harrera oso ona izan duelako. Gauza asko kontatzen ditu, bere ahots propio eta berezi horrekin. Euskaraz pentsatu aurretik oholtza batera bertsotan egitera ausartu zen mutikoaren pausoak kontatzen ditu; asko sufritzen bazuen ere, bertsolari izan nahi zuen gaztetxoaren minak kontatzen ditu. Eta, parean, bertsolaritzak azken hiru hamarkadetan zabaldutako bideez hitz egiten du; landa eremuko bide estuetatik BECera milaka bertsozale eramaten dituen autobide zabaleraino.

Beti zabiltza mila saltsatan. Liburua irakurrita, sentipena da ausarta zarela, beti ematen duzula pausoa aurrera erronka berri baten parean.

Ausarta, inkontzientea, ez oso kalkulatzailea... ezaugarri horien koktelak denetarik egitera eraman nau. Egia da, era berean, nahiago dudala egindakoaz damutu ez egindakoaz baino. Espiritu horrek eraman nau, zorionez, beste jarrera batekin ezagutuko ez nituen eremuetara. Espiritu horrek bertsolari izatera eramana nau lehenik eta behin. Eraman nau abeslari izatera, liburuak idaztera, kantuak idaztera, Ternuara espedizio batean 2.000 kilometro arraunean eginez, momentu politiko oso bereziak bizitzera, herri honentzat oso intentsoak izan diren egoerak bizitzera, miresten dudan jende askoren ondora, miresten dudan jende askorekin lan egitera, pelikulak zuzentzera... Oso pozik nago zentzu horretan. Beti izan dut bizitza aprobetxatu egin behar den estutasun puntu bat. Ahal dudan bitartean ahal ditudan gauza gehien egiteko aprobetxatu nahi dut.

Miresten duzun jendea aipatu duzu. Liburuan diozunez Maialen Lujanbioren idoloa zinen.

[Barreak] Gu umeak ginenean Eskolarteko Txapelketak oso garrantzitsuak ziren. Pentsa, orduan ez zegoen “Hitzetik Hortzera” ere. Nik, adibidez, ez nuen sekula bertso saio bat entzun lehenengoz oholtzara bertsotan egitera igo nintzenean. Bertsolari profil berria eta bitxi samarra ginen. Egoera horretan Karmelo Landan, txapelketa bateko finalean, 4.000 haurren aurrean kantatzea gauza handia zen. Niretzat nire aurrekoak idoloak ziren; Sarasua, Euzkitze... eta gure atzetik zetozenek ere gugan jartzen zuten arreta. Maialenen kontu hori nahita jarri dut liburuan, grazia handia egiten digulako. Batzuetan oraindik berak adarra jotzen dit eta garai hartan nik botatako agurren bat kantatzen dit, memoriaz dakiena oraindik, urte asko eta gero.

«Extremaduratik eta Zamoratik ‘kasualki’ etorritako nire gurasoek ‘kasualki’ hartutako erabaki horien ondoren ni ‘kasualki’ lur honetan jaiotzeak eta bere hizkuntza ikasteak gure herriaren historia guztia eman dit herentzian». Liburua irakurrita sentitzen da sekulako karga eraman duzula gainean urte askoan.

Orain ez dut gogoratzen inolako traumarik, baina izan ditut oso gaizki pasa ditudan momentuak. Nirekin eraman izan dudan itzal bat izan da, zerbaitegatik ezkutatzen bainuen nire familiaren jatorria. Nik ez nuen ikusten inor nire antzekorik. Ez nuen ezagutzen inor nire egoeran bertso giroan. Niretzat, giro horretan eta beste bertsolarien aurrean, aitarekin eta amarekin gazteleraz hitz egitea sakrilegio bat bezala zen. Erabat euskalduna zen giro hartan orban bat uztea nire erruagatik.

Horrez gain, euskal gatazkaren testuinguruan oso sartua bizi izan naiz umetatik; familian, etxean, herrian.... Espainia etsaia zen, arerioa, mina egiten ziguna. Nire familia Espainiako herri batzuetatik etorria zen, hori zen nire jatorria, eta nik ez nekien nola kudeatu hori umetan. Karga bat eraman dut, bizi nuena ez zelako egoera ohiko bat. Zorionez gaur egun erdaldun jatorriko gurasoak dituzten bertsolariak edota erdal eremuetakoak asko dira eta ez dut uste nik liburuan kontatzen dudana bizi dutenik.

Euskara ez zenuen etxean jaso, baino zure bizitzan bidaide dituzun balore indartsuak bai.

Nik euskara eta euskal kontzientzia batera sentitu izan ditut. Nire aita gau eskolara joaten zen euskara ikastera, ni jaio orduko hitz egin ahal izateko. Liburuan esaten dudanez, ni jaio nintzenerako dena erabakita zegoen, ni bando batera jaio nintzen, ideologia batera. Ideologia horren baloreak nigan egon dira umetatik, onerako edo txarrerako. Ez dut nik erabaki horrelakoa izatea, bando horretakoa izatea, ni hor jaio naiz.

Nik nire gurasoei aitortza hori zor diet, denbora askoan ezkutatu egin izan ditudalako. Nolabait tapatu egiten nuen identitate hori, konturatu nintzen arte ez neukala zertan lotsatu eta harro senti nintekeela, haiei zor diedalako nire euskalduntasuna –ikastolara eramatea erabaki zuten–, nire hizkuntza eta nireak diren hainbeste balore.

Eta emigrante jatorraren apologia egitera pasatu zinen. Ezkutatzen zenuen errealitate hori indargune bihurtu zaizu.

Bai, batzuetan pentsatzen dut ja liberatu egin beharko nintzakeela. Ja esan dut, urte batzuk daramatzat hori lantzen eta agian garaia da horretatik askatzekoa. Gertatzen dena da Euskal Herriak bizi duen momentuan, diskurtso hori interesgarria izan daitekeela uste dudala. Paradigma berriak bilatu behar ditugu etorkizun berri bat eraiki ahal izateko. Pentsamenduaren oinarri berriak, formulazio berriak behar ditugu eta euskalduntasuna eta identitatea bera ulertzeko modu berriak behar ditugu ezinbestean. Horrek animatzen nau diskurtso horrekin segitzera, hortik etor baitaiteke euskal identitatearen hedapen bat eta Euskal Herriaren burujabetzaren bidearen hedapen bat, jatorri anitzeko jende horrengan. Uste dut beharrezkoa dela iraganaren irakurketa hori ondo egitea, ez baita ondo egin.

 

Unai Iturriagaren ilustrazioak biltzen ditu liburuak. Oso ariketa sanoa eta inteligentea da norbere buruaz barre egitea, ezta?

Umorea oso bide egokia da gauza serioak esateko. Umorearekin agresibitatea kentzen diozu zure diskurtsoari. Euskal Herrian debaldeko agresibitate asko dago, askotan bizkorren lehiaketa batean gaudela ematen du. Automatismo asko ditugu aktibatuta, bestearen kontra hitz egiteko ohitura, adibidez. Umoreak mesede handia egiten duela uste dut. Nire liburuari ere mesede egiten dio, gauza serio asko esaten ditut eta umoreak saneatu egiten ditu diskurtsoa eta nire figura.

Orokorrean, bai politikan eta bai eztabaida sozialetan, umoreak ikaragarri laguntzen duela uste dut. Esaterako, niri izugarri gustatzen ari zait Katalunian CUP nola ari den erabiltzen “orain hasten da mamboa” kontzeptua hain une transzendentalean. Krispazio, akusazio eta irainen maila gorenaren momentuan “mamboa” hasten dela esateak sekulako indarra dauka. Horrek egoera saneatu egiten du erabat. Ematen du parean dauden horiek, hain haserre dauden horiek, ozpindu hutsak direla. Aldiz, “mamboa” hasten dela dioen jende horrek sinpatikoa dirudi. Asmatuko dute edo ez, zuzen edo oker jokatuko dute, baina jende sanoaren sinpatia transmititzen dute.

Ni beti saiatzen naiz umorea erabiltzen, bai bertsotan, bai Karidadeko Bentan taldearekin... eta liburu honetan ere umorea osagai garrantzitsua da. Nahiago nuke Euskal Herriaren bizitza berri honetan umore gehiago izango bagenu.

Euskal Herriaren momentu historikoa aipatuta, baduzu gaitasun berezi bat une historiko gorenetan oholtzara igo eta herria zutik jartzekoa. Une latzagoetan, isilagoetan, pribatuagoetan ere kantatu izan duzu. Liburuan hitz egiten duzu zure konpromiso horri buruz.

Asko motibatzen naiz gauza horiekin, gustatzen zait une historikoetan egotea. Historia bizitzea gustatzen zait eta oso suerteko sentitzen naiz, une oso garrantzitsuak bizi izan ditudalako. Niretzat garrantzitsua da herri honen momentu jakinetan baliagarri sentitzea. Asko betetzen nau ahal dudan guztia eman ahal izateak. Izugarri gustatzen zait jendeari laguntzea, gozatu egiten dut jendeari indarra transmititzen, zoriontasuna edota barre eginarazten txikikeria batekin.

15-16 urte nituela hasi nintzen politika mailan bertsotan. Oso bakarrik joaten nintzen, trenez, ez dakit nora omenaldi batera, ekitaldi batera, hileta batera... Oso gaztea nintzen eta zenbatetan ez ote nuen kantatuko ekitaldi politiko batean. Ez bakarrik momentu politetan, denok argazkian atera nahi dugun une horietan, baita bestelakoetan ere, ilunagoak eta bakartiagoak. Nik askotan sentitu izan dut arriskatzen ari nintzela; kartzelara joateko, etsaiak irabazteko, plazak galtzeko.... Badakit arriskuan jarri dudala nire burua egin ditudan gauza askorekin.

Niri hemengo gatazka politikoarekin fribolitateetan aritzen den jendea jasanezina egiten zait, ez zait gustatzen. Ez zaizkit gustatzen arinkeriaz aritzen direnak, ekitaldi politiko bat edo bestea kritikatuz... Hemen, benetako min, zauri, hildako, tortura, atxiloketa testuinguru batean, fribolitatez epaitzen aritzen direnak ez zaizkit gustatzen. Eta badago horretarako joera gurean.

Zuretzat garrantzitsuak izan dira plaza politiko horiek.

Zalantzarik gabe. Umetatik plaza horietan baliagarria sentitu naiz. Bertsoak leku bat eman dit jendarte honetan, Euskal Herrian bizi izan dudan garaian, bizi izan dudan eremu soziologikoan... bertsoak leku bat eman dit, batzuetan txikiagoa eta beste batzuetan handiagoa.

«Munduan leku bat» izeneko zure poeman aitortzen duzunez, «abuelak» eta «abuelok» ere eman dizute munduan leku bat. «... nosotros somos tus ramas/ de sentimiento profundo/ que mas nos pudo dar la tierra/ que aceitunas/ y un lugar en el mundo».

Behin barneratu nuenean nire familiaren jatorria eta hasi nintzenean jakiten bere historia, nire abuela-ren eta abuelo-ren figura garrantzitsua bihurtu zen. Hortik eraiki dut gero nire diskurtsoa. Poema hori aurreko Gipuzkoako Foru Aldundiaren enkarguz egin nuen. Omenaldi bat egin zien Francoren garaian Euskal Herrira etorrirako emigranteei eta hori idatzi nuen. Poema horrek asko eman dit bueltan, asko zabaldu delako eta jende askok duelako. Nik badakit Euskal Herria abuelas eta abuelos beteta dagoela. Abuela eta abuelo erdaldunen iloba euskaldunez beteta dago Euskal Herria. Haiekiko klixe jakina egon da, Espainiatik datorren guztia txarra den estereotipoa. Etsaiaren figura eraiki da haiei begira, etorri diren guztiak zaku berdinean sartuta, Guardia Zibiletik hasi eta miseriatik ihesi etorri den azken langileraino. Nik behar bat ikusten nuen, euskalduntasunetik horri aurre egin eta beste irudi bat eraikitzeko. Hori da emigrante jatorraren apologia.

Eta bide horren puntu gorena da “Ele! Lorca-Lauaxeta” antzerki lana. Gidoia egin dut eta aktore lana egiten ari naiz. Nolabait, aldarrikatzen dudana da biak ditudala nire baitan, Lorca eta Lauaxeta.

Aipatutako motxila hori ez ezik, berdin astuna den beste bat eraman behar izan duzu bizkarrean: bertso eskolatik sortutako bertsolaria izatea. Umorez jaso dituzu liburuan hainbeste saioren ondoren entzun dituzunak: «hik ez dek baliyo», «hoi ez dek bertsotan eitia», «bertsolari eskasa haiz», «nahio Agirre 10 minutu aitu pagatuta, zuei ordubete debalde aitzia baino»...

Bere garaian asko sufritzen nuen gauza horiekin. Orain barre egiten dut. Baina orain ez dut zalantzan jartzen nire burua, konfiantza daukat, Euskal Herriko lau final eta gero, garbi daukat bertsolaria naizela. Kostata, baina ja ez dut zalantzan jartzen bertsolaria naizela. Egia da beti oso barreiatuta ibiltzen naizela eta akaso horregatik kostatu zaidala hainbeste. Baina, bertsoa nire etxea da. Beste gauza batzuk egiten ibiltzen naiz, baina beti bueltatzen naiz bertsotara, eta nire etxean sentitzen naiz.

Liburuan garai bat kontatu nahi dut, bertsolaritzak ez urte askoan izan duen transformazioa. Sekulakoa. Konparaketa arin samarra egiten dut Txirritaren umezaroaren, Amurizaren umezaroaren eta nirearen artean. Aldaketa ikaragarria da, sekulako saltoa dago.

Saltoaren adierazle izan daitezke liburuan jasotzen dituzun Lazkao Txikiren hitz batzuk: «Rockanrona, inglesa ta hoi dana drogea dek!».

[Barreak] Horrela esan zidan. Esaldi horrekin kamisetak atera beharko genituzke. Herriz herri bertsotan hasi nintzenean, sufritu egiten nuen. Nire buruari askotan galdetzen nion “zer egiten dut hemen?”. Mespretxatu egiten ninduten, askotan ez zidaten ulertzen, ez zegoen ni bezalako inor kantatzen, ezta entzuten ere, askotan ez nuen ondo ulertzen besteek kantatzen zutena... baina, hala ere, nik segitu egiten nuen. 11 urterekin hasi nintzen bertsotan eta gustatu egiten zitzaidan. Idaztea, kantatzea, adieraztea... Eskolartekoetan txapel batzuk irabazi nituen gainera, eta nik pentsatzen nuen gai nintzela bertsotan egiteko.

Orduan ni ez nintzen gai ulertzeko zergatik ez nuen gozatzen eta zergatik ez nuen konektatzen. Gerora egin dut atzera begirako analisi bat eta konturatu naiz zein baldintzatan nenbilen. Batetik, nire gaitasuna orain baino askoz eskasagoa zen. Eta, bestetik, ez zegoen interesatzen zitzaidan gairik, ez neukan konplizerik oholtzan, entzuleen artean ez zegoen inor nire kultura partekatzen zuenik, beti nire eremu naturaletik kanpo nenbilen... Bertsolaritza oso euskara itxiko eta giro tradizionaleko gauza bat zen. Nik identitate krisi konstante bat bizi nuen.

Krisi horrek goragalea ere sortzen zizun.

Bai, oso gaizki pasatzen nuen. Beti botaka egiten nuen, bizpahiru aldiz akaso. Botaka egin eta zuzenean ateratzen nintzen agurra kantatzera, beti aurpegi zurbilez. Nik uste nuen sekula ez nuela gaindituko hori, urtetan eta urtetan egin izan dut botaka. 97ko finala eta gero gainditu nuen hori. Horrek eman zidan nik behar nuen konfiantza.

Final hori eta gero sentitu zinen lehenengoz bertsolari?

Bai, Euskal Herriko lehen finala eta gero. Ez da final batera iritsi beharrik bertsolari sentitzeko, baina nik behar nuen. Gure belaunaldia, oro har, kuestionatu samarra zegoen eta belaunaldi bezala behar genuen final hori ondo ateratzea. 2001ekoan ere oraindik kuestionatuta geunden eta behar genuen hori ere ondo ateratzea, bai maila kolektiboan eta baita maila indibidualean ere.

Lehen aipatu duzu plazan sentitzen zenuen bakardadea. Aipatu duzun bertsolari belaunaldi horrekin bukatu zen bakardade hori?

Bai, zalantzarik gabe. Ezaugarri kultural berdintsuak genituen; ETB ikusten zuten umeak ginen, ikastolakoak, antzeko testu-liburuak genituen, antzeko marrazki bizidunak, euskal rock-and-rolla entzuten genuen, gazte mugimenduetan parte hartzen genuen, mugimendu politiko eta kulturaletan... Bertso eskoletako lehen fruituak ginen. Konplizeak ginela sentitu genuen, nire antzeko jendea topatu nuen, nire kuadrilla.

Liburuan kontatzen dituzu zuk porro batekin egindako performance modukoa edo telebistako bertso programa batean Iturriagak, Elortzak, Lujanbiok eta Irazuk Ertzaintzaren kontra egindako saioa eta pintada. Bazenuten ahots propioa goratzeko beharra, ezta?

Guk arrakasta izan nahi genuen betiko bertsolaritzaren baitan; Amuriza, Lopategi, Lazkao Txiki, Azpillaga, Egaña, Peña, Murua... horien denen artean nahi genuen erakutsi bagenekiela bertsotan. Eta, bestetik, bertsoa ez genuen erabiltzen bertso on bat egiteko helburuz bakarrik. Bertsoa tresna subertsibo bezala erabiltzeari eman genion lehentasuna; unibertsitateko asanbladetan, itxialdietan, manifetan edota telebistako plato horretan kasu. Liburua irakurri duten gazte askok esan didate ez zekitela ezer ETBko kasu horri buruz. Hori gaur egungo jendartearen korrekzio kontestu honetan pentsaezina da ia. Pentsaezinak ziren gauza dezente egin genituen.

Bertsolaritzak bide estuak ibiltzen zituen lehen eta orain bide anitzak eta askotarikoak ibiltzen ditu. Horretan parterik izango ote duzue bertsoa gaztetxeetara edo rock kontzertuetara eraman zenutenek.

Oinarrian bi arrazoi nagusi daude gaur egun bertsolaritzak bizi duen egoeran. Bat, bertso eskolen sorrera da. Hori erabakigarria izan zen. Munduan kolokan dauden ahozko tradizio guztietan formula hori kopiatuko balute, mesede izango litzateke haientzat. Xabier Amuriza izan zen horren burua. Etxeko transmisioan eta tradizioan oinarritu zen zerbait demokratizatu egin zuen. Bertsolari edozein izan daitekeela esan zigun Amurizak; emigranteen umea izan, bankariena, futbolariena, ingurune urbano batean bizi edo mendi kasko batean. Eta, bestetik, Elkartearen sorrera izan zen beste klabeetako bat.

Bertsolaritzak bere buruaren jabe egitea erabakitzen du bi pauso horiekin eta horiek dira oinarriak. Gero, horiek emandako fruituetatik etorri ginen gu. Nik garrantzitsu jotzen nuen jendeak ikustea nondik datorren orain dagoen bertsolaritzaren argazkia, BECeko argazkia nondik datorren. Guk ez daukagu meritu berezirik, jaio garen garaian jaio izana baino.

Fermin Muguruzak bere ondoan bertsotara igotzeko esan eta igotzeko ausardia izatea nahiko meritu bada; bertsoak aurretik zapaldu gabeko oholtza baitzen hori.

Fermin Muguruza nire idoloa zen. Nire kultura berez hori zen, rock kultura hori, gazte mugimenduena... hor nengoen ni eroso, horrelako jendearekin eta horrelako erreferenteak zituen jendearekin. Erabat bereizitako bi mundu ziren. Pentsaezina zen rock-and-rolla gustatzen zitzaion pertsona bati bertsoak gustatzea. Noski egongo zirela, baina salbuespena ziren. Aparteko bi mundu ziren. Nire inguruko inork ez zuen bertso bat entzuten. Mirari bat zen ni bertsolaria izatea. Faktore askoren gurutzaketaren emaitza zen ni bertsolari izatea.

Nik uste dut hori izan dela bertsolaritzaren azken iraultza handia, 90eko hamarkadaren bueltan bertso eskoletatik-eta sortu dena. Iraultza hori gertatzen da bertsolaritzak kultura garaikidearekin eta jendarte garaikidearekin konektatzen duenean, fosilizatuta geratu gabe. Oso urte gutxitan gertatu da. Joanito Dorronsorok eta hori esaten dute; ikusten zutela oso jende gutxik egiten zuela bertsotan eta bertsolaritzaren eremua murrizten zihoala, landa eremuko jarduerak murrizten zihoazen neurrian. Gu bezalako jendea iristen denean bertso eskoletatik, in vitro bertsolariak, gure mundu erreferentzialarekin, gure estetikarekin, gure pentsaerekin... gure ezaugarriak partekatzen dituen jendearekin konektatzen hasten gara eta hor hasten da zabaltzen bertsolaritza pentsaezina zen jendartearen espektro horretara. Niretzat bertsolaritza gizon zaharren gauza arraro bat zen, gustatuta ere. Bertsolaritzaren azken iraultzaren erretratu hori egiten saiatu naiz.

«Sugandilak ginela pentsatzen genuen, baina kameleoiak gara».

Paradoxikoki bertsolaritzaren ezaugarriek oso garaikide bihurtzen dute, eta esango nuke denbora gure alde dagoela. Gure kameleoitasunak formatu askotara moldatzeko aukera ematen digu, egiten duguna edozein adierazpidera egokitzeko gaitasuna ematen digu... baldin eta bertsolariak kultura eta jarrera hori baldin badu. Beti egongo da bertsolaritza jendartearen trenetik kanpo geratzeko arriskua, ez baldin badoa jendartearen tren horretan.

Oraingo euskal jendarteko gazteen profil berriek bertsolaritzaz paso egitea posible da; ez badu ezer kontatzen haientzat interesgarria dena eta haiei interesatzeko moduan. Finean, ez badu haiekin konektatzen. Oso txarra litzateke gu izatea modernoenak gaur egun. Ideala litzateke atzetik datozenak gu baino modernoagoak izatea.

Gaur egungo gazteek apenas ikusten dute telebista; ikusten dutena Internetez ikusten dute nahi dutenean. Entretenimendua modu globalean ulertzen dute. Youtuberrak jarraitzen dituzte eta sareetako influencers pertsonaiak kontrolatzen dituzte. Lortuko dugu jende hori bertsoak entzuten jartzea? Egongo dira kultura horiekin edota profil horiekin bat egingo duten bertsolariak? Mundu global honetako joera kulturalekin konektatuta egongo da bertsolaritza datozen 50 urtetan? Edo akaso gure aurrekoekin gertatzen ari zena gertatuko zaio berriz? Izkina batean geratu eta fosilizatu?

Txapelketa Nagusiaren atari-atarian gaude. Batzuek ez zuten uste, baina Jon Maia aurkeztu da.

Batzuek esaten didate zer behar ote dudan. Beharrarena oso erlatiboa da. Nik sentitzen dut ez nagoela txapelketaren arabera. Aurrekoan hartu nuen kolpearekin banuen beldurra, horren arabera nolakoak izango ote ziren hurrengo lau urteak. Baina ikusi dut nire bertso jarduna ez dagoela txapelketaren arabera. Baina ez nuen utzi nahi orduan bezala. Nahiago dut nire gaitasunetik ahalik eta hurbilen aritu eta gero utzi txapelketa, eta ez modu tuntun batean, platano azala zapaldu, irristatu eta lurrera erorita.

Eta ez duzu bidean beste platano azal bat topatzeko beldurrik?

Ez. Uste dut badakidala zergatik zegoen platano azal hori hor. Lau urtean ondorioak atera ditut. Gogotsu nago, beldur horietaz liberatuta. Nire helburua izan da prozesuan disfrutatzea eta txapelketak gauza onak ematea niri. Batzuk ja txapelketa hasi baino lehen ziurtatu ditut; erretzeari utzi diot eta kirola egiten dut.

Andoni Egañak lau txapela jantzi ditu, guztiak erretzaile zela.

Bai. Eta nik ere erre dut denbora horretan guztian eta ez dut txapelik jantzi. Orain erre gabe probatuko dut.